BILBO. Bilboko Udalak Alemaniako Enbaxadarekin eta Bilbon dagoen Kontsuletxearekin lankidetzan antolaturiko ekitaldiak sarrera librea izango du, baina beharrezkoa izango da asteazken honetan hasita gonbidapena jasotzea BilbaoEszenan, BilbaoMusikan, Bilborocken edota Alemaniako kontsuletxean.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, Ensemble Convivencia taldearen musikak Errenazimenduko eta Barrokoko polifonia ditu ardatz. Gainera, 15 urtetan, taldekideek Erdi Aroko musika, abesti herrikoiak, jazza eta musika garaikideko programak ere sortu dituzte, eta Europako, Asiako eta Ameriketako auditorium handienetan jo dute.

Ensemble Convivencia taldea 2001ean sortu zen eta lau musikarik osatzen dute: Friederike Schulz (sopranoa eta arku-biola), Bernard Revel (altua, Errenazimenduko gitarra, laute arabiarra), Stephan Olry (tenorra eta perkusioa) eta Xavier Bazoge (baxua eta ganba biola).

1500. urte inguruan jaiotako musikariek kultur mailan Europan egon zen zabalkundea baliatu zuten, Cambraiko 1517ko Itunak lagunduta, eta, horien antzera, Ensemble Convivencia taldeak, Alemanian abiatuta, "aratusteetako abesti alaiekin osatutako bidaia musikala eskaintzen du".

"Frantziara iritsita, musikariek fartsako antzerkia eta abestiak ezagutuko dituzte, eta Italiara joanda, Artearen Komediako birtuosismo musikala eta antzerkikoa dute inspirazio. Musika arloko bidaia Espainian amaituko dute; Andaluziako XVI. mendeko egile hoberenen abesti historikoak, lau ahotsetarako eginak, aurkeztuko dizkigu taldeak", azaldu dute Bilboko Udaletik.

"Europako musika Urrezko Mendean" izeneko ikuskizunaren ezaugarria "erritmo azkarra eta erakargarria" da, eta ikusleek gozatu egingo dute "garaiko traje koloretsuekin, maskarekin, dantzekin eta polifoniekin".