Treblinkara azken trena antzezlanaren historia 1942an kokatzen da, Varsoviako umezurztegi batean. 200 haurren bizilekua da hori. Janusz Kòrczak mediku eta pedagogoak, bertako buru zela, haur errepublika bat sortu zuen bertan, Stefania Wilzynska laguntzailearekin batera. Azken horren laguntzarekin, konstituzio bat sortu zuen, bere lege, arau eta zigor kode propioarekin. Vaiven konpainiak Janusz Kórczaken historia taula gainera eraman nahi izan du orain.

Polonian eta nazien artean oso estimatua zen Kórczak. Ez zitzaion iruditzen gizarteak haurrak eta helduak berdin tratatzen zituenik, eta haurrak beste modu batera hezi eta tratatu ahal zirela sinesten zuen. “Helduek beste ikuspegi batetik begira-tzen dituzte haurrak” dio Kepa Errastik, Treblinkara azken trena obrako aktore eta zuzendari lagun-tzaileak. “Kórczak horren kontra zegoen, eta horregatik haurrak helduen pare jartzen zituen. Haurrak baloratzeko modu propioa sortu zuen, eta antzezlanean ikus daiteke nola jarri zuen praktikan bere pentsamendua. Umeak umezurztegi batean bizi ziren, baina ez edonolako umezurztegian, bertan gizarte propio bat eraiki zuten. Antzezlanean bere ahotik entzuten diren esaldi guztiak Kòrczakenak dira”, kontatu du Errastik.

Umeei buruzko historia bada ere, garrantzitsua da non eta zein momentutan kokatuta dagoen. “Polonian, Europako beste leku askotan bezala, umezurztegi horretako umeek etorkizun bakarra zeukaten: heriotza, labeetarako bidea”, dio Errastik. Umeen errepublika horretaz gain, azken bidaiaren prestaketa ere ikus daiteke antzezlanean; nolabait lagunduz umezurztegiko haurrei azken egun hori bizitzen. Egun askotan gertatutakoa egun bakarrean laburbiltzen da obran”, dio Errastik. Istorioaren amaiera jakina da, baina interesgarriena ez da amaiera, “baizik eta aurreko guztia”, bere esanetan. “Kórczaken pentsa-tzeko modua eta haurtzaroa nola baloratzen zuen ikustea da garran-tzitsuena. Bere figura ezagutzea izan da interesgarriena. Izan ere, Polonian oso pertsona ezaguna da, baina hemen oso gutxik izan du bere berri”.

Jatorrizko ideia Ana Pimentarena da, historiarekin “liluratuta” geratu eta kontatzeko beharra sentitu zuen. Pimentak irratia entzuten ezagutu zuen Janusz Kòrczaken historia. Kórzacen heriotzaren 70. urteurreneko saio berezi batean izan zen eta ordutik lanean aritu da antzezlan hau aurrera atera ahal izateko. Ikuskizun konplikatua da baliabide aldetik, lan talde handia izan duelako atzean. Mireia Gabilondok hartu du bere gain obraren zuzendaritza eta Patxo Telleriak landu du testua. Aktore taldean, berriz, Jose Ramon Soroizek jardungo du Kórczaken rolean euskarazko bertsioan, eta Alfonso Torregrosak, gaztelaniazkoan. Maiken Beitia ariko da Stefania Wilzynskaren rolean eta Eneko Sagardoi, Gorka Martin, Tania Martin, Nerea Elizalde eta Jon Casamayor haurren azalean. Mikel Laskurain eta Kepa Errasti Gestapoko teniente eta ofizial banaren larruan sartuko dira. Kepa Errasti aktorea zuzendari laguntzaile moduan ere aritu da estreinakoz. “Plazera izan da horrelako taldearekin lan egitea. 18 eta 30 urte bitarteko gazteak aritu dira umezurztegiko umeak gorpuzten. Askorentzat lehen lan profesionala izan da eta oso ondo aritu gara”, kontatu du.

Antzezlan berezia da Treblinkara azken trena; batetik, espazio eszenikoa ez dagoelako antzoki batean bezala antolatuta. Espazioak Varsoviako ghettoko umezurztegi bat irudikatu nahi du, bigarren mundu gerran. “Areto handi batean kokatu dugu antzezlana, bi aldeetan oheak daude eta horien artean lau mahai, ikusleak goiko eta beheko oheetan edota mahaietan eserita egoteko”. Hala, eserita zein etzanda ikusi ahalko da antzezlana, norberaren erosotasun nahiaren arabera

BIZITZAREN LEZIO BAT

1942ko historia bat gaur egunera ekarri eta giza eskubideen inguruko hausnarketa proposatzen duen antzezlana da Treblinkara azken trena. Errealitatean oinarritutako antzezlana da, ez da fikzioa. “Istorioa oso unibertsala da -dio Errastik-, gaur egun bizi ditugun egoera latz askorekin parekatu daiteke: etorkinak, errefuxiatuak, ijitoak... nahiz eta Polonian kokatuta egon, edozein tokitan gerta zitekeen horrelako zerbait, herri askori gertatu zaie”, aipatu du aktoreak. Tragedia baten aurrean, baina, antzezlanak itxaropen izpi bat uzten duela uste du berak. “An-tzezlana tristea da, historia bera oso gogorra delako, baina bai idazlea eta zuzendaria saiatu dira ahalik eta modu gozo eta politenean konta-tzen istorio triste hori”. Bizitzaren lezio bat da obra hau, Errastiren esanetan: “Muturreko egoera batean, eta haurrak protagonista moduan harturik, duintasunez nola jokatu daitekeen kontatzen dugu. Emanaldietatik ikuslegoa hunkituta atera-tzen da, istorioak, gaiak eta egoerak antzezlanean barneratzen zaituelako erabat”.

Egunotan Donostiako Larratxo Kultur etxean eskainiko dituzten emanaldien ostean, antzokietarako moldatuko dute obra, eta abenduan Victoria Eugenia antzokian eskainiko da Treblinkara azken trena.