Hogei urte baino gehiagoko ibilbide literario-musikala darama bizkarrean Asier Serranok (Eibar, 1975). Gaztetxoa zela, Lubaki Banda sortu eta lehen idatziak argitaratzen hasi zen. Ordutik, literaturaren eta musikaren ia adar guztiak laztandu ditu, hainbat liburu eta disko utziz bidean. Genero desberdinak landu ditu literaturan, baina poesia izan da bere eremu naturala. Besteak beste, poesia jendearengana eramateko nahiak bultzatu zuen musikan aritzera. Hemen ere bide oparoa egin du: Lorelei taldearekin, bakarlari moduan eta talde ezberdinen letragile gisara. Ate osteko itzalak eta Linbotarrak bere azken bi poema liburuekin bi sari jaso ditu: Xabier Lete Poesia Saria eta Irun Hiriko Kutxa Saria. Bietako baten ordainsaria proiektu kultural berri bat martxan jartzeko baliatuko du Serranok.

Arreta deitzen du idazle berberak bi lan desberdinekin eta hain denbora laburrean bi sari eskuratzeak. Suposatzen dut sariak ez datozela bakarrik? Lan isilaren emaitza dira?

Lehiaketak, poesia arlokoak batez ere, arnas luzeko beste obra baten entrenamendu moduan hartzen ditut. Abisalia nire aurreko lanarekin nekatuta bukatu nuen, baina poesiarekin gustura sentitu naiz azken aldian. Egunerokoan ibilbide laburreko idazketa integra-tzeko modu bat da poesia; egunero gauza bat hasi eta ixten dudanaren sentsazioa izaten dut poesiarekin. Eta, era berean, ixten den ate hori proiektu handi baten zerraila izateko aukera ematen du. Poesia egokia da horretarako. Bestalde, sariketa batean norbere lan bat hautatua izatea bada sari bat konstantzia eta diziplinari. Hori ere baloratzen dut.

Bi lanak zure bizitzako momentu berezi batean idatzitakoak direla esan duzu. Etapa horretan literaturak eman dizu halako babes bat?

Bai. Krisi egoera bat egokitu, eta begirada poetiko batek harrapatu ninduen. Uste dut gizarte honetan gero eta gehiago konpartitzen dugula min berbera, eta min hori da denboraren igarotzea. Denbora badoala ikusten dugu, eta estutzen gara pentsatuz zein denbora gutxi dugun; horri begiratzen diogu, eta ez diogu erreparatzen atzean utzitako guztiari. Nire-tzat, poesia, eta literatura orokorrean, bizitakoa birpasatzeko era bat da. Bidean erratu ez naizela esaten didan zerbait da, nahiz eta gezur handi bat izan daitekeen, literatura oso tranpatia izan daitekeelako? Baina babes bat ematen dizu literaturak, hilezkortu egiten zaitu; musikak ere lortzen du hori. Nik hori behar dut. Ni sormenak elikatzen nau.

‘Ate osteko itzalak’ behar pertsonal bat izan omen da zuretzat. Zertan lagundu dizu liburu honek?

Ukendu bat izan da maila pertsonalean bizi izan ditudan aldaketa batzuengatik. Ate osteko itzalak oso lan intimoa da, pertsonala. Haustura sentimental bat nola bizi den kontatzen du liburuak, nire bizipenetan oinarrituta. Nire mina konpartitzeko era bat izan da liburu hau idaztea. Terapia antzeko bat.

Itzalak presente daude uneoro (besteak beste, poema bakoitzaren izenburuan dago hitz hori). Argi-itzalen dikotomia hori askotan baliatzen duzu zure lanetan. Zergatik?

Norberaren argitasuna bilatzeko iluntasunera joan behar dugula uste dut, gure itzala bilatu alegia. Argiaren bilaketa azken batean da norberaren bekatu eta miserietara joatea eta ikustea zer garen: norberaren mamuak, beldurrak, akatsak? Eta horiekin bat egitea. Hori da liburu hau.

Poemario hau bukatu eta bigarren olerki-bildumari ekin zenion: ‘Linbotarrak’. Lan desberdina da. Hemen ere zutaz hitz egiten duzu, baina gehiago gutaz. Badago gizartearen erretratu bat.

Nire lanean konstante bi errepikatzen dira etengabe: batetik, niri buruzko gaiak daude; eta, bestetik, ardura sozialak gidatutako lanak. Ate osteko itzalak idazten indarra hartu ondoren, ikuspuntua aldatzea erabaki nuen, eta Linbotarrak-en gaur egungo gizarteari buruz dihardut. Gizarte bat erretratatzen duen lana da. Poesian beti bilatzen dudana da ni-tik gu-ra pasatzea, eta hemen gu agertzen gara. Gizartearen kritika badago, baina neure burua bertan integratuta. Izan ere, argi daukat gizartearen parte naizen momentutik gizarte hori kritikatu dezakedala. Ez nuke esango gure gaurko gizartearen ikuspegi ezkorra dudanik, baina nik gero eta gutxiago sinesten dut giza-taldeetan, eta gero eta gehiago bakarkakoan, indibiduoan. Nik gizakia maite dut, baina ez taldean dagoenean, horrela gero eta gutxiago gusta-tzen zait. Hausnarketa hori badago liburuan. Hori guztia eta gehiago da Linbotarrak.

Zeintzuk dira linbotarrak? Nondik dator izenburua?

Linboaren berezko esanahitik ihes egin nahi nuen. Teologia katolikoaren esanguraren arabera, linboan egotea da inon ez egotea. Lurraren gainean bizi dugun une hau da niretzat linboa, zapaltzen dugun zorua. Denok gara linbotarrak, gure mirari eta miseriekin. Ez bizirik ez hilik egoteari deitu diot nik linboa. Liburuan azaltzen diren linbotarrak dira bizirik egonda hilik daudenak eta hilda egonik besteen memorian bizirik daudenak.

Hogei urte baino gehiagoko literatur ibilbidea daramazu. Non eta noiz sortu zitzaizun literaturarekiko harra?

Uste dut, orokorrean, sorkuntzarako gogoa komikietatik edo musikatik heldu zitzaidala gehiago. Oso ume bizia izan nintzen, bihurria, eta orduko Eibar deskalabratu hartan saiatzen nintzen nire lekua bilatzen. Eibar bada, edo bazen, horrelako ume batentzat leku egokia: fabrika abandonatuetan sartzen ginen, baina 5 minututan naturan bertan geunden txabolak egiten. Niri ez zitzaidan interesatzen orduko hezkuntza. Interesik eta motibaziorik gabeko mutikoa nintzen. Baina baneukan, ez agian irakurzaletasuna, baina bai jakinmin bat, guraso eta anaiengandik jasoa. Idazten baino, marrazkiak egiten hasi nintzen, ikasgelan bertan, baina irakaslea konturatu egiten zen. Hala, marraztu ezin nuenez, idazten hasi nintzen.

Lubaki Bandan eman zenituen zure lehen urratsak. Ordutik, literaturaren eta musikaren adar asko landu dituzu. Zer sentitzen zara: idazle, poeta, musikari, letragile?

Sortzaile sentitzen naiz ororen gainetik. Esan bezala, gaztetxotan hasi nintzen idazten, baina irakurzaletasuna gerora etorri zitzaidan. Lubaki Banda aberatsa izan zen alor honetan. Gerora, sorkuntzaren alorrean ireki zaizkidan bideak modu naturalean ireki zaizkidala uste dut. Herri txikia da gurea, baina aukera ani-tzekoa. Gauza desberdinak probatzeko eszenatoki egokia izan zen Euskal Herria 90. hamarkadan, eta hor egotea tokatu zitzaidan. Gauza asko egin ahal izan ditut. Esango nuke gauza askori buruz gutxi dakien hori naizela: idazlea naiz, baina ez puntakoa; musikaria naiz, baina ez hain ona? Idazleen artean musikaria izan naiz, eta musikarien artean idazle.

Genero ezberdinak landu dituzu literaturan: nobelagintza, ipuingintza, saiakera? Baina poesia izan da gehien jorratu duzuna. Poesia herritartzeko gaitasunari buruz jarrera ezkorra agertu izan duzu maiz. Poesiak minoritarioa izaten jarraitzen du oraindik ere?

Bai, eta hala behar du. Poesia masifikatzen denean, jende andanaren plazer bilakatzen den egun katastrofikoan, apokalipsia emango da. Poesia da munduko gauzarik iraultzaileena. Bere zentzua galduko luke gizartean arrakasta izango balu. Poesia ez da nire opioa, baina bada ukendu bat. Futbola eta bestelakoak dauden bezala, poesia ere droga bat da, ez hain gogorra, baina bai belar arraro bat?

Literaturatik musikara eman zenuen jauzia, hemen ere bide oparoa eginez: Lorelei taldearekin, bakarlari modura eta talde ezberdinen kolaboratzaile gisara. Besteak beste, EH Sukarra taldeko letragile ofiziala zara 1994az geroztik.

Musikarena ere modu naturalean etorri zen: poesia idazten hasi nintzen lehenik, gero errezitatzen, poesia musikatzen ondoren? Nire sorkuntza oso gutxitan geratu izan da paperean, beti eduki dut behar bat egindakoa aireratzeko. Gitarra jo nuen gaztetxotan, baina alboratu egin nuen gerora, beste interes ba-tzuk etorri zirelako. Kontua da musikari asko izan ditudala beti nire inguruan. Nire familia ez-aukeratua, nolabait esateko, musikarien artean bilatu izan dut. Gazte sasoian, musikak pisu handia zuen gure inguruan. Gainera, bazen mundu bat oso interesgarria, aurrera zioan olatu bat zen, aldatzen zioana: digitalizaioaren garaia, auto-ekoizpena? Polita izan zen olatu horretan egotea. Egia esan, ez nuen inoiz pentsatu abeslari izango nintzenik, baina Lorelei-rekin urratsa eman nuen. Gerora, gauza intimistagoak egin nahi izan nituen eta horrela iritsi ziren bakarkako hiru diskoak.

Hamaika urte igaro dira ‘Hoteleko kantuak’ (2005, Oihuka) azken diskoa plazaratu zenuenetik. Orduan ‘nekatuta’ bukatu omen zenuen? Eszenatokiaren zama, akaso?

Nire proiektu guztiekin gertatu izan zait beti: sortu, eta, gorenean daudenean, deuseztu egiten ditut. Lubaki Bandarekin, Loreleirekin eta bakarkado bidearekin horrela izan da. Sekula ez naiz lider ona izan, eta horrek neke bat sortu izan dit. Neke bat sentitu nuen musikagintzak eskatzen duen guztiarekiko, eta horrek eraman ninduen poesiaren magalera. Musika estudioa itxi genuen, baina oraindik ere gitarra hartu eta sortzen jarraitzen dut noizean behin.

Eta ba omen duzu musikara itzultzeko asmoa? Horretarako baliatuko duzu sariketa batean jasotako dirua, ezta?

Bai. 15.000 eta 12.000 euroko sariak dira. Diru asko da. Gainera, Xabier Lete sariaren kasuan, diru publikoa da, denon dirua alegia. Egia da bi liburu hauen atzetik lan bat dagoela, baina saria jaso ez dutenen kasuan ere badago lan bat eta beraiek ez dute ezer jaso. Erantzukizun bat dudala sentitzen dut. Zortea dut: funtzionarioa naiz, eta diru hori guztia ez dut behar orain. Erabaki dut sari batean jasotakoa beste kultur ekimen batean inbertitzea.

Zer ari zara prestatzen? Ezer aurreratzerik bai?

Ate osteko itzalak eta Linbotarrak liburuak oinarri dituen ikuskizun literario-musikala egingo dugu. Irailaren 9an izango da lehen emanaldia, Victoria Eugenia Klubean. Antxon Sarasua, Miren Fernandez eta hiruron artean egingo dugu. Horren ondotik, emanaldi gehiago etorriko direla espero dugu, eta ea aurrera begira ibilbide polit bat egin dezakegun.