Bere belaunaldiaren erretratua egiten duen “puzle konplexua” osatu du Unai Villenak (Elgoibar, 1980) Hauts haietatik bere lehen eleberrian. Buruko gaixotasun batek eta droga menpekotasunak jota psikiatriko batean egon den gazte bat da Villenaren laneko protagonista. 80ko hamarkadan jaio eta drogaren giroan murgildu den hainbat gazteetako bat da Ander Arruti Arru. Ordurarte bizitza oparoa zeraman: lana, ikasketak, sexua, musika, parrandak? Dena ondo doakion horretan, zurrunbilo batean sartu eta “geldialdirik gabeko gainbeheran” eroriko da, Villenak kontatzen duenez. “Zortzi urtez ospitaleratze, desintoxikazio zentro eta psikiatrikoan ibili ondoren, 33 urterekin berriz hasten da bizitzen eta aurre egin beharko dio oraina onartu eta iragana ulertzeko borrokari. Gertaturikoa irensteko, Oier bere umetako lagunarengana joko du, idazlea berau, eta bere istorioa idazteko laguntza eskatuko dio. Oierrek baietz esaten dio, eta hori da nobelaren abiapuntua. Hortik aurrera, eleberriaren idazketa prozesua eta pertsonaiaren bizitzaren berreraikitzea dago iraganeko oroitzapenetatik tiraka”, azaldu du Villenak.
“Literaturaren botere terapeutikoan” sinesten duela aitortu du Villenak, “gauzak ulertzeko eta hausnartuarazteko literaturak duen gaitasunean”, alegia. Eta nobela idazteko botere horretaz baliatu dela kontatu du. Izan ere, protagonistak bere istorioa kontatzeko duen gogo horren atzean, “egoera jakin bat gizarteratzeko eta hausnarketa bultzatzeko nahia” dagoela jakinarazi du Villenak. “Patologia duala (hots, droga mendekotasuna eta buruko gaixotasuna nahasten dituen gaitza) pairatzen duten gazteen egoera bistaratzeko ahalegina dago liburuan -azaldu du egileak-. Nire ustez, osasun sistema publikoa gurean oraindik ez dago prest patologia duala jasaten duena era eraginkorrean artatzeko, eta nobelaren bitartez gaia gizarteratzea nahi nuke”, argitu du. Era berean, badago salaketarako asmoa ere, protagonistaren ahotik “psikiatrikoei, bertako tratuari eta gaixotasun mentalen aurrean gizarteak duen jarrerari egindako kritika”, hain zuzen.
“Laguntasun istorio bat” ere bada Hauts haietatik, Villenaren aburuz. “Adiskidetasunari, giza harremanei eta bizitzaren gazi-gozoei buruzko istorioa da liburua”, esan du. Eta, horrez gain, garai baten kontakizuna da nobela; gertakizunak koka-tzeaz gain, giroa bera ere protagonista bihurturik pasarte askotan. Belaunaldi baten argazkia baino gehiago, ordea, nobela “sasoi jakin baten erretratu par-tzial, labur eta osatugabe bat, bozeto bat” dela aitortu du egileak. “Garai baten errepasoa egiten da, zertzelada batzuk ematen dira, haietatik tira eginda irakurleak falta dena osa dezan”, iritzi dio.
Fikziozko lana bada ere, Villenaren estreinako nobelak baditu biografia zantzuak, ezagutzen dituen errealitate eta pertsonetatik abiatua eraiki duelako istorioa egileak. “Elgoibartarra naiz, eta Eibarren kokatu dut istorioa. Nire belaunaldiak bizi izan duen garaia islatu nahi izan dut; beraz, liburuak biografiatik badu. Errealitatean oinarri sendoa duen fikzioa litzateke nobela”, gaineratu du. Protagonistaren antzeko kasuren bat gertutik ezagutu duela ere aitortu du Villenak, baina uste du “dezente” egongo direla Euskal Herrian. Zentzu horretan, “errealitate horretaz kontziente ez diren pertsonei halako egoeren inguruan daukagun jarrerari buruz hausnartu ahal izateko eleberria lagungarri” izatea nahi luke.
Hiru ahotsen artean Puzzle baten moduan antolatu du Villenak liburua, eta hiru motako piezak edo kapituluak bildu ditu bertan, horietako bakoitzean hiru estilo, ahots eta konta-tzeko era nahastuz. “Arru berarena da ahotsetako bat, pertsonala; haren istorioa idatziko duen Oier lagunarena beste bat, hots, idazlearen ikuspegia emango duena; eta iraganetik berreskuratuz joango diren albo pertsonaiak agertuko dira hirugarren mailan. Konbinaketa horietatik sor-tzen da nobela”, argitu du egileak. Linealtasunik eta orden kronologikorik ez du errespetatu Villenak, eta hari narratibo desberdinak erabili ditu “irakurleari jolastea, esperimentatzea eta ezustekoz beteriko irakurketa ahalbide-tzeko”. Gainera, nobela “era askotara” irakurri daitekeela dio bere sortzaileak; hala, Villenak hitzaurrean gomendio batzuk ematen ditu puzlea osatzeko aukeren inguruan, nahiz eta, bere esanetan, “emaitza berdina izan bide bat edo beste hartuta ere”.
Literaturaz ere hitz egiten da Villenaren liburuan; hala, meta-literatura dosi andana aurkituko ditu irakurleak orrialdez-orrialde. Baina Hauts haietatik eleberrian benetako protagonistarik bada, hori musika da, euskal musika, zehazki esateko. Besteak beste, kantu desberdinen letrekin hasten dira kapitulu asko. Izan ere, Villenak hasieratik argi izan zuen “puzzle musikatua” eraiki nahi zuela. “Musikak gure bizitzako garaiak, gertaerak eta pertsonak ekartzen dizkigu gogora. Nobelan pertsona baten bizitza berreraikitzeko ahalegina dago eta zentzuzkoa iruditu zi-tzaidan musika baliabide bezala erabiltzea. Bide batez, gure bizitzako soinu banda osatzen duten euskal musika taldeei omenalditxo bat egin nahi nien”, jakinarazi du idazle elgoibartarrak.