Hutsean aukerak amaigabeak direlako. Dena delako posible. Premisa horretatik sortu da (H)uts argitaletxea, eta askotariko liburuak publikatuko ditu, baina guztiak ildo bati jarraituko diote: beste mundu batzuk posible direla. Nafarroako Lakabe herri okupatuan bultzatutako proiektua da, filosofia hori bera praktikara eraman duen herri komunitarioan.
Ines Muñoz, Vero Reza eta Arkaitz Leon herrikideek sortu dute (H)uts. Leonek azaldu duen moduan, “kasualitatez” sortu zen dena, iazko udaren amaieran. “Bote-prontoan galdera bat luzatu nion Verori: Aizu, argitaletxe bat sortuko dugu?”, gogora ekarri du Leonek. Hori esan eta lanari ekin zioten. Galdera horri beste hainbatek jarraitu zioten, eta gutxika-gutxika gorpuztu zuten ideia. Egun batzuetara proiektua aurkeztu zioten Muñozi eta hark proposatu zuen duela sei urte agortuta eta katalogoetatik kanpo dagoen liburu bat berrargitaratzea: La poesía de los árboles, Ignacio Abellak hautaturiko poesia bilduma eta Leticia Ruifernandez ilustratzailearen akuarelez hornitua. “Haiekin kontaktuan jarri ginen eta zalantzarik gabe oniritzia eman ziguten; gainera, Lakabetik ateratzeak poztu zituen”, kontatu du Leonek.
Geroago etorri zen beste publikazioaren onespena, Leonena berarena. Txikitatik idazten du lakabetarrak eta Las tierras en juego eleberria argitara eman zuen duela bi urte, autoedizioaren bidez, eta trilogiaren bigarren liburuak, Un pueblo perdido, (H)uts argitaletxearekin ikusi du argia. “Argitaletxeko beste bi kideei pasa nien eta gure ildo editorialarekin bat zetorrela deliberatu zuten”, kontatu du. Hala ere, Leonek adierazi du (H)uts ez dela izango haien lanak publika-tzeko argitaletxea. Genero fantastikoko eleberria da Leonena, baina gaur egungo gizartean horren erreala den ukitu kritikoa dauka.
Ildo editoriala zehaztea kostatu bazitzaien ere, argi dute publikatu nahi dutena: “Gurean kabitzen da edozein genero, baina ez edozein gauza”. Argitaletxe txikia da haiena, eta izaera hori mantendu nahi dute. Leonek jakinarazi du era honetako argitaletxeek gai zehatz batean espezializatzen ohi direla, baina haiek zerbait “desberdina” egiteko nahia zutela. “Argitaletxearen mamia atera genuen horrela: hutsean aukerak amaigabeak dira. Ez dugu besteek egiten dutena egin behar, zerbait berria egingo dugu, saiatu eta arriskatu”. Hortaz, eraldaketa soziala aldarrikatzen duten liburuak plazaratuko dituzte, izan saiakerak, eleberriak edo poema liburuak.
Ideien araberako bildumak eginen dituzte, eta euskaraz ere argitara-tzea nahi dute, eskuetara zerbait iristen zaienean. Bi bilduma dituzte dagoeneko: La poesía de los árboles Basoaren isiltasuna bilduman atera da, eta Un pueblo perdido narratiba kritikoaren bilduman. “Gure intentzioa aurrerantzean saiakera bilduma eta haurrentzako beste bilduma bat ateratzea da”, aurreratu dute argitaletxetik.
Proiektua abiarazteko crowdfunding kanpaina bat jarri zuten martxan. “Alde batetik, finantziazioa modu kolektiboan lortzeko, baina garrantzitsua iruditu zaigu gure lana zabaltzeko ere. Lortu dugu jarritako langa pasatzea eta oso eskertuta gaude jendearen ekarpenekin”, kontatu du Leonek. Izan ere, kanpaina honen bidez lortu dute lehenengo bi liburuek argia ikustea. Orain arte izandako harrerarekin pozik daude, eta argitaletxea egiten ari den bidearekin interesa piztu duela uste du Leonek. “Nabaritu dugu jendeak jakin-mina duela Lakabetik sortu delako, herriko bizimoduaz galdetzen digute askok; horrez gain, gaur egun gauzak dauden bezala egonda, argitaletxe berri bat sortzea albistea da”.
Argitaletxeaz gain, autoedizioan argitaratzeko zigilua ere sortu dute hiru kideek: Amaigabeak edizioak. “Autoedizioan argitaratu nahi duenari aukera eman nahi diogu honen bidez; bitarteko baten moduan aritu eta gure liburuak balira bezala zainduko ditugu editatzen ditugun aleak”. Era honetan, haien ideiekin eta filosofiarekin bat egiten dituzten publikazioei aukera eman nahi diete autoedizioaren bidez, (H)utsetik kanpo argitaratu nahi duten guztiei. Oraindik ez dute ezer argitaratu, baina zenbait proposamen iritsi zaizkiela jakinarazi du Leonek.
Hazia erein du Lakabeko hirukote honek, eta pixkanaka ikusten ari dira hilabete hauetako lanaren fruituak. Tokia egin dute argitaletxeen munduan, hutsetik hasita, sinesten dutenetik abiatuta. Beste mundu baten aldeko hitzak zabalduko dituzte, dena delako posible.