Gaztea da, 22 urte baino ez ditu, baina oholtzan bere aurpegia ikustera ohituak gaude dagoeneko. Lan askorekin ari da azken aldian Eneko Sagardoy (Durango, 1994), eta hori seinale ona den arren, “bertigoa” ematen diola aitortu du, “beldurra” ere bai zenbaitetan. Goenkale telesailean eman zituen lehen urratsak bere burua “titiritero” moduan definitzen duen durangar honek. Zergatik, Jamil? antzezlanarekin herriz herri dabil gaur egun, kolpe bat jaso eta memoria galdu duen gaztearen rolean. Zinemaren mundua ere probatu ahal izan du, izan ere, bera protagonista duen Aundiya pelikula filmatzen ari dira asteotan, eta beste bi film ere estreinatuko ditu aurki: Argi eta The night watchman.
‘Antzerkiaren behargina’ zarela diozu. Ofizioaren aldarrikapena egiten duzu horrekin?
Behargin sentitzen naiz. Alde batetik, behar egin termino horrek baduelako aldarrikapen bat: lanarena, artisauarena, ordu asko sar-tzerena, ahalegin fisikoarena... Baina behar hitz horrek esanahi bikoitza du: antzerkia, lan bat izateaz gainera, bizitzeko behar dudan gauza bat ere bada. Beraz, bi gauzak batzen ditu definizio horrek, ofizioaren aldarrikapena eta bizirauteko beharra. Hori da antzerkia niretzat.
Zerk ekarri zintuen ofizio honetara, antzerki mundura?
Durangoko Kurutziaga ikastolan ikasi nuen. Bertan, antzerki proiektu bat dago aspalditik. Antzerki ikasgaia ematen da ikastolan, Jose Martin Urrutia Txotxe bertako pedagogo eta antzerki zuzendariaren eskutik. Hor hasi nin-tzen antzerkia maitatzen. Ondoren, 15 urterekin, Karrika antzerki taldean sartu nintzen. Umetatik egin izan dut antzerkia. Lau urterekin, nire etxeko egongelan antzerkiak egiten nituen gurasoen aurrean, anaiak sarrerak saltzen zituen bitartean. Beraz, txikitatik hazia ereinda neukan eta Txotxe-k ur piloa bota zion, nolabait esateko.
Santanderrera joan zinen antzerki fisikoa ikastera. Nolatan?
Egia esan, nire ikasketa ibilbidea ez da ohikoa izan. Lau urteko ikasketa jarraiturik ez dut egin. Batez ere, laborategietan ikasi dut, ikastaroetan. Santanderren Cristina Samaniegorekin sakondu ahal izan nuen antzerki fisikoaren munduan, Grotowskiren metodoa erabiliz. Antzerkia gorputzetik abiatzen dela sentitzen dut, gorputzean ikusten ditut nik haragia, egia... Dena. Beti saiatu izan naiz nire gorputza muturrera eramaten eta neke horretatik sortzen. Beti gustatu zait hainbat pentsamendu kolokan jartzea; gorputza eta ahotsa baliatuta antzerkia egiteko modu bat da.
Gorputza aipatu duzu, baina taularatzen ari zaren antzezlanek, ‘Zergatik, Jamil?’, ‘Amodiaren ziega’ edo agurtu berri duzuen ‘Arren ganbara eta emeen sotoa’ testu askoko antzezlanak dira. Hitzak ere baduelako garrantzia, ezta?
Duda barik. Hitza eta gorputza, gorputza eta hitza, ez dago ordenarik ezta lehentasunik. Batak bestea dakar beti. Egin ditudan azken proiektuak testu askoko lanak izan dira. Gainera, testu sendoak, sofistikatuak. Baina hori lan instintiboagoa izan da, nik ez daukat zen-tzu horretan formaziorik. Gorputzak oinarri bat ematen dizu, ematen dio sinesgarritasuna testuari. Testu bat oso ondo ahoskatuta egon daiteke, oso intentzio onez esana, baina gorputza makila bat bada, testua ez da sinesgarria izango. Gorputzak beti ematen dizu esateko modu bat.
Durangoko Karrika antzerki taldean hasi zinen, herri antzerkian, beraz. Zelan daramazu modu profesionaletan jardutea?
Ni herri antzerkitik ateratakoa naiz. Herri an-tzerkiak gauza bi erakutsi dizkit: bat, antzerkia maitatzen, sentitzen, antzerkia gune aske bat bihurtzen. Eta bi, antzerkiaren beharra: hau da, herri edo komunitate batek zelan esker-tzen duen antzerkia, eta herri mailan batez ere pertsonen arteko harremanak zelan islatu daitezkeen antzerkiaren bidez. Antzerkiaren magia herri antzerkian ikasi dut, eta hori mantentzen saiatzen naiz. Profesionalen erritmoan magia hori atzean gelditu daiteke askotan. Oso garrantzitsua da horri eustea.
Profesional mailan zabiltzanetik, zer ikasi duzu?
Proiektu asko izan ditut jarraian, bata bestearen atzetik. Master bat izan da niretzako. Formazioa, testu desberdinak lantzea, antzezteko moduak... Aurkikuntza bat izan da dena, xurgapen momentua eta asimilazio prozesua, dena batera etorri zait. Eskola batean egon gabe ere, ikasteko aukera ederra izan da, eta, gainera, ikasitako hori publiko aurrean prak-tikan jarri ahal izan dut. Pribilegio bat izan da. Horrez gain, antzerkian egi bakar bat ez dagoela ere ikasi dut. Zuzendari bakoitza mundu bat da; testu bakoitza mundu bat da; an-tzezlan bakoitza ere mundu bat da.
Hitz egiten duzun moduagatik, pasioz bizi duzu zure lana. Ikusle moduan ere horrela bizi duzu?
Pasiorik ez dudan egunean, edo aspertzen naizenean, ez dakit antzerkia utziko dudan ala ez, baina beste gauza bat egingo dut. Ba-tzuetan, hain nekatuta egonda ere, hainbeste lan orduren ostean ere, indarra izaten dut lanean jarraitzeko. Amak esaten dit, nondik ateratzen duzu indarra? Ba ez dakit... Suposatzen dut horri deitzen zaiola pasioa. Ikusle moduan ere pasioz bizi dut antzerkia beti, baina kostatu egiten zait deskonektatzea, dena analizatzen egoten naizelako. Antzerkia ikustea lanbidearen parte da, idazlearentzat irakurtzea bezala.
Antzerkia eguneroko errealitatearen argazkia dela uste duzu? Gizartean gertatzen direnak begi bistan jartzen ditu teatroak?
Gizartean gertatzen diren ageriko gauzak oholtzan ikusten ditugu, bai, baina, nire ustez, hori baino garrantzitsuagoa da errealitatearen parte ez direnak ere antzerkian forma hartzen dutela. Hor dago berezitasuna. Hau da, egunerokotasunean ikusezinak diren gertakari batzuk jartzen dira ikusgaia antzerkian; modu fisiko batean, gorputza hartzen dute. Gainera, identifikatzen ditugu eta barrenak mugitzen dizkigute. Antzerkiak egunerokotasunean oharkabean pasatzen diren gauza batzuk ikusteko aukera ematen digu. Zentzu batean, antzerkia pausa bat da.
Telebistan ere ikusi zaitugu. ‘Goenkale’n aritu zinen urtebetez. Zer moduz esperientzia?
Aktore moduan, lehenengo lan profesionala izan zen niretzat. Txikitan ikusten nuen telesaila zen. Goenkalen aritzea amets bat bete-tzea bezala izan zen niretzat. Ofizioaren kon-tzeptua ulertu nuen momentu horretan; orduan konturatu nintzen antzeztetik bizi ahal nintzela. Goenkalek sofa gaineko ordu asko eman dizkit, baina lan honetan aritzeko klabe batzuk ere eskaini dizkit.
Pantaila handira ere eman duzu jauzia; besteak beste, ‘Argi’ pelikulan ikusiko zaitugu laster...
Proiektu berezia izan da, txikia, auzolanean egindakoa. Herritik irten den pelikula bat da. Elorrion grabatu da osorik. Pelikula bat beste modu batera egin daitekeela erakusteko balio izan du. Helburua ez da ahalik eta zine areto gehienetan egotea, baizik eta pelikula ahal den leku gehienetan erakustea. Gainera, elkar ezagutzeko ere balio izan digu, askotan bakoitza bere etxean bere proiektuekin lanean dagoelako, ez aurrera ez atzera, eta hau plaza bat izan da, elkarrekin egoteko eta gustuko duguna egiteko: zinea egiteko. 60, 70 eta 80ko hamarkadetako Euskal Herrian kokatuta dago istorioa eta euskararen egoera aztertzen du, Argi izeneko neska baten ikuspegitik. Guardia Zibil baten papera egiten dut. Hauxe izan da nire lehenengo pertsonaia espainiarra, gazteleraz hitz egiten duena.
‘The night watchman’ pelikulan ere parte hartu duzu.
Bai. Ingelesezko pelikula bat da, Asturiasen eta Oiartzunen grabatu genuen. Estatu Batuetan kokatuta dago istorioa, eta beldurrezko eta suspentsezko filma da. Meategi batzuetan eman diren hilketa batzuen berri ematen du. Proiektu honetan oso pertsonaia polita gorpuzteko aukera izan dut: gor-mutu bat. Antzerki fisikoaz baliatu naiz asko.
Badirudi ezetz esatea kosta egiten zaizula; azken boladan hainbat lan pilatzen ari zaizkizu?
Bai. Aurten bi pelikula egingo ditut. Baina, horrez gain, oso gauza desberdinetan ere ari naiz. Adibidez, Donostian web-serie bat egitea eskaini didate. Oso baldintza ezberdinetan, jakina, baina honi ere baietz esan diot. Horrelako lanek lurrera lotzeko balio dute. Hau da, oinak lurrean dituzula konturatzeko. Herri antzerkira bueltatzea modukoa da. Beti gogoratzen naiz nire irakasle izandako batek esaten zidan gauza batekin: Ez ahaztu inoiz titiriteroa zarela. Eta egia da, titiritero bat naiz. Hori oso presente daukat. Gutxiago sufritzeko modu bat da. Horrekin nire ametsak eta helburu xumeagoak edo hurbilekoak lortzen ditut.
Aurrera begira, beste bi pelikula eta antzezlan berri bat ere badituzu bidean, ezta?
Orain ari gara Altzoko Handia pelikula filmatzen, Jon Garaño eta Aitor Arregi zuzendariak buru direla. XIX. mendean Tolosaldean jaio eta bizi izan zen 2,42 metroko gizasemearen istorioa kontatzen du pelikulak. Pertsonaia handia da, zentzu askotan, eta uste dut zeresana emango duela. Urte amaieran beste pelikula bat egingo dut. Eta urritik aurrera, Azken trena Treblinkara antzezlanarekin arituko gara, Vaiven antzerki taldearekin, Mireia Gabilondo eta Fernando Bernuesen zuzendaritzapean. Bigarren Mundu Gerran kokatuta dago istorioa, umezurztegi batean, eta ume batek gas kamerara joan aurreko azken gaua kontatzen du.
Euskaraz aritzen zara antzerkian. Euskal Herriko plaza ezberdinetan ibilita, nola ikusten duzu euskarazko antzerkiaren egoera?
Euskal Herrian antzerkia euskaraz egin ahal izateak balio erantsi bat dauka. Konpartitzen dudan borroka baten parte da. Badago jende bat, publiko bat ere, oso zapaldua izan dena. Esaterako, Tartean Teatrorekin, Mikel Martinez eta Patxo Telleriak zapalketa hori oso gogor pairatu dute, eta euskarazko antzerkiaren alde borroka horretan hain abangoardian egon diren horiekin borroka hori konparti-tzea oso garrantzitsua da niretzat. Belaunaldien arteko transmisioa da, azken batean.
Euskarazko antzerkia aldatu eta garatu egin da, baina ikuslegoa nola ikusten duzu?
Emakume asko ikusten dut antzerkian. Horrez gain, ile zuri asko ikusten ditut besaulkietan. Iparraldean, adibidez, antzokiak bete egiten dira; Hego Euskal Herrian hori ez da hain konstantea. Lan asko egin behar da an-tzokiak betetzeko. Asko dago egiteko. Oraindik ere askotan gertatzen da emanaldi bat bukatu eta etxera penaz bueltatzea, ikusle gutxi egon direlako. Baina, era berean, horrek ezin du zuk ematen duzuna edo zure antzezteko disposizioa baldintzatu.
Ikus-Entzunezko Komunikazioa ikasten hasi zinen, baina ez zenuen karrera amaitu. Horrenbeste proiekturekin, baduzu ikasketak amai-tzeko denborarik eta asmorik?
Asmoa bai, baina orain geldialdi bat egin behar izan dut. Pelikularekin amaitzean, asmoa da ikasten buru-belarri jartzea. Karreran asko ikasi dut, zinearen inguruan, adibidez, pila bat. Zinemazalea bihurtu naiz karrera egiten nuen bitartean.