Adorea behar da urtetako esperientzia guztiaren esentzia bildu eta bertatik lan berri bat sortzeko. Ariketa hori egin du Tolosaldeko Humus metal taldeak: lau abesti berrirekin Adorez disko txikia sortu dute. Ez dira nolanahiko abestiak, haietako bakoitzak taldearen ibilbidea laburbiltzen baitu. Hirukote formatura bueltatu da taldea: Fernando Mantzisidor Mantxi gitarran, Natalia Garmendia ahotsean eta baxuan, eta Aritz Tarragona baterian. 90eko hamarkadako doinu bortitzak errekuperatu dituzte, indarra eta garra ateraz. Garmendiaren esanetan, “freskotasunez beteta” dator taldea. “Sustraietara bueltatzen saiatu gara, gordintasuna berreskuratuz. Horrekin batera, hirukote formatua berreskuratu dugu, eta gure ibilbidean landutako estilo guztiak barneratzen saiatu gara. Uste dut gauzak sinplifikatzen saiatu garela, sinpletasun horretatik gure esentzia nabarmenduz”, azaldu du taldeko abeslariak.
Biniloan kaleratuko dute diskoa, eta horregatik bildu dituzte soilik lau abesti. “Kapritxoa izan da. Hasi ginenean oso zaila zen binilo bat grabatzea, oso garestia ateratzen zen; baina beti gustatu zaigu euskarri hori. Hasierako mundu horretara itzultzea bezala da, retro estetika erabilita, nostalgia puntu hori islatzen dugu”, azaldu du Garmendiak. Euskarria mugatua izanik, kontu handiz aukeratu dituzte bertan bildutako abestiak. Dagoeneko sarean eskegi dute Adorez izeneko lehen kanta. “Glaukoma taldeko Juantxo Arakamak lagundu digu abesti horren testuarekin. Letra indartsua da, azkarra eta zuzena. Oso pozik gaude emaitzarekin”, jakinarazi du taldeko abeslariak.
Hain justu, abesti horren izenburua hartu du diskoak. “Ez dugu sekula halakorik egin aurretik, gure diskoek ez dute inoiz abesti baten izena izan. Hori ere bada lan honek duen berezitasunetako bat”. Izenburuak esanahi berezia dauka taldearentzat. “Adore handiz mantendu gara horrenbeste urtetan, eta hasierako indar eta ilusio berdinekin jarraitzen dugu. Nahi dugulako jotzen dugu, ez gaitu beste ezerk mugitzen; oztopo guztien gainetik egin dugu musika”, diote.
Lan pertsonalagoa da Humusen azkena, eta erritmoak ere ez dira betikoak. “Betiko metala hor dago, eta baita rocka, post-rocka eta emoa ere. Urtetan landutako estiloak berreskuratu eta landu ditugu”, dio Garmendiak. Taldearen estiloa aldatzen joan da urteekin, bere esanetan, baina oinarriak betikoa izaten jarraitu du. “Askotan esan digute metal suabea jotzen duen talde bat garela; nik esango nuke gure estiloa rock bortitza dela, beti mugitu izan garela rockaren inguruan”.
Metal suabearena emakumezko ahotsa duen taldea izateagatik dela uste du Garmendiak. “Ez dira asko emakumezko ahotsa duten metal bandak, eta orokorrean rock taldeetan ere ez dira oso ugariak. Musika estilo horiek maskulinotzat hartzen dira, eta badirudi emakumeok ez dugula musikak eskatzen duen intentsitatea transmititzeko indarra. Ez da uste izaten bortitzak izan gaitezkeenik eszenatokian”, kritikatu du. Hala, Garmendiak ez du gogoko emakume abeslari guztiak zaku berdinean sartzea. “Emakume abeslariok motxila bat eraman behar dugu; zama handia da beti gure tokia defendatzen ibili behar izatea. Nik baxua jotzen dut, eta hori ere ez da ohikoa, gutxitan ikusten da baxu jo-tzaile bat abeslari lanak egiten”, gehitu du. Musikaren esparruan berdintasuna urrun egon arren, egoera leuntzen saiatu da abeslaria. “Nik nirea defendatu dut beti, baina ondo abesteko alde batera utzi behar duzu gainontzeko guztia. Taula gainean nagoenean abeslaria eta musikaria naiz, ez beste ezer”.
IZPIRITUA MANTENDUZ
Disko berriarekin urtetako ibilbidea miresteko tartea ere hartu dute Humuseko kideek. Azken honekin sei dira argitaratu dituzten diskoak, eta une gozoa bizi dute egun. Saurus aurreko diskoa 2013an kaleratu zuten, zortzi urtez isilpean egon ondoren. Aurreko lan horretako seriotasunetik urrundu dira oraingoan. “Egundoko ilusioa daukagu denok disko honekin. Atzera begira jarri gaitu, eta mokoka aritu gara igaro dugun garai bakoitzetik gehien gustatzen zitzaiguna bilduz. Gure ibilbide guztiaren laburpen txiki bat egin dugu diskoan, hasierako izpiritu berarekin eta begiak irekita mantenduz”, kontatu du Garmendiak.
Bidean lagun izan dituztenei eskaini nahi diete diskoa, eta horiei eta zaleei omenaldia egingo diete Bonberenean eskainiko duten lehen kontzertuan. “Gurekin egon diren guztiak dira Adorez-en parte, gu ez geundeke hemen haiek gabe. Bonbereneak dena eman digu, hor sortu da dena, gure etxea da”, agertu du abeslariak. Bonberenean hasi, eta Euskal Herrian aurrena eta espainiar Estatuan zehar ibiliko da ondoren taldea diskoa aurkezten; oraindik datarik ez dute finkatu, baina Donostia, Zarautz, Zaragoza eta Madril dira biran bisitatuko dituzten hirietako batzuk. “Uste dut emaitzik onena lortu dugula disko honekin, baina hori jendeak esan beharko du. Gu gustura gelditu gara, orain zaleen iritzia ezagutzeko irrikaz gaude”.