Bero dator udaberria Eskean Kristö taldearentzat, “gori-gori”. Arnasaldi labur baten ostean, animaliak bezala kobazulotik irten eta bazterrak nahasten hasiko dira berriro ere musikari bizkaitarrak. Aste honetan bertan aurkeztu dute bigarren diskoa, Ezkurrik Onenak (Baga-Biga), eta 1970eko hamarkadako musikaren espiritua bildu dute bertan. Sei abestiz osatu dute lana eta, ohi duten moduan, lotsa gabe, gordin eta bihurri aritu dira honetaz eta besteaz.
Arratiako bost gaztek osatzen dute Eskean Kristö: Pello Artabe (ahotsa), Imanol Arrese (bateria), Alex Harillo eta Haritz Ontal (gitarrak) eta Peio Artetxe (baxua eta harmonika). “Asebeteta” gelditu da boskotea azken lan honekin. “Lan helduagoa da, kolore gehiago dauka eta ñabardura gehiago”, Artabe abeslariaren iritziz. Letretan, musikan eta diseinuan hauteman daiteke hori, izan ere, “ironiez, burlez eta zorakeriez” bete dituzte. Garai bateko rockaren indarra erakutsi dute arratiarrek, eta mingainean herdoilik gabe ari dira, nortasun ausarta erakutsiz. Zuzenean eta itzulinguruka ibili gabe mintzo da Artabe: “Ezagutzen gaituenak badaki Eskean Kristök zer eman dezakeen. Bakerik eta su-etenik ez, behintzat”. Ikusteke dago, beraz, zer egingo duten haien zuzenekoetan, baina geldirik ez direla izango argi dute.
Amodioaz, desamodioaz, engainuaz eta traizioaz hitz egiten dute taldearen abesti berriek, baina gai unibertsalei “ikuspuntu makurrago” bat eman nahi izan diote oraingoan. “Aura latz eta beltza” darabilte kantuek, baina ironia eta komediarekin lotzen dituzte. “Gauzak zentzu zirikatzailearekin esaten ditugu”, gehitu du Artabek.
NORTASUNA MANTENDUZ Talde gaztea da Eskean Kristö, baina esperientzia nabari-tzen zaie bere kideei. 2012an eratu zuten taldea, Arratian, baina aurretik beste musika talde batzuetan ibilitakoak dira denak. “Rock&roll-arekiko pasioak elkartu gintuen, ikasi eta hobetzeko nahiak ekarri gaitu ona, eta abenturaz-abentura ibiltzeak manten-tzen gaitu bizirik, momentuan momentukoa disfrutatuz”, adierazi du Imanol Arrese bateria-jotzaileak. 2013an maketa atera, eta Azkue Fundazioak antolatzen duen Banden Lehia musika lehiaketa irabazi zuten. Horri esker, hamar abestiz osatutako haien aurreneko diskoa -Azote Kaldüz!, Baga Biga, 2014- kaleratu eta BBK Live jaialdian jotzeko aukera izan zuten, besteak beste. “Gure lehenengo lanak bazuen nolabaiteko berehalakotasun eta freskotasun bat. Ezkurrik onenak honek haren aztarna du, baina bilakaera bat dago. Guk ere bilakaera bat izan dugulako musikari moduan”, dio Artabek. Hala ere, talde nortasuna mantentzen dutela dio abeslariak. “Batera hasi genuen bide hau eta denok martxa berdinean hazten gabiltza”.
Aipatu bezala, 70. hamarkadako rocka dute esentzia, baina ez dute hortik bakarrik edaten, eta gerora heldu ziren hard rock eta grunge estiloen zale “amorratuak” dira bizkaitarrak. Haien abestiak entzutea besterik ez dago hori igartzeko. Rock ipar-amerikarra eta britainiarra ardatz duen euskal rock&rolla da emaitza.
Disko berria ontzeko bidea, baina, ez dute bakarrik egin. Arresek azaldu duenez, abestiek beraiek eskatu dizkiete kolaborazioak. Argi izan zuten hasieratik, adibidez, Otso basati abestiak Kokein taldeko Zaloa Uraineren ahots “gartsua” behar zuela. Ezinbestekotzat jo zuten, halaber, predikatzaile ipar amerikar baten presentzia lanari izenburua ematen dion kantan, eta Bart Farrell kaliforniarraren laguntza izan dute horretarako. Vicent Zaragozak eta Asier Garciak Ardigaldua abestian perkusioak sartu dituzte eta Jorge Truebak diskoaren Azken arnasa musikatzen du pianoz. Kolaborazio horien haritik, berrikuntzarik ere badakar disko berriak eta Arratiako Luis Iruarrizaga abesbatzaren parte hartzea ere izan dute. Koruaren doinuek goratu egiten dute Aita saldu nauzu abestia, eta arratiarrak izateagatik kolaborazioak “balio erantsia” duela adierazi dute. “Ez dago azalpenik, kantua entzutea baino ez dago. Arratiako abesbatza gure diskoko abesti batean egotea derrigorrezkoa ikusten genuen”, goraipatu du Arresek. Bat datoz taldea osatzen duten bost gazteak, eta artista horiekin grabatzea “plazera eta pribilegioa” izan dela diote. “Lana biribildu dute”, Artaberen esanetan.
Kaleratu berri duten diskoaren izenburuak euskal esamolde bati egiten dio erreferentzia: Txarririk txarrenak ezkurrik onenak jaten jozak. Arratian asko erabiltzen den esamoldea dela azaldu du Artabek, eta modu berean, disko osoari erreferentzia egiten diola ere gehitu du. Izan ere, abesti guztietan animaliak agertzen dira. “Izenburua kontzeptuala da, primitiboa baina pentsaraztekoa. Gizakiak animaliak baino animaliagoak gara sarritan”, gaineratu du.
ZUZENEKOEN INDARRA Eskean Kristök ez du geldirik egon nahi. Espektakulua gusta-tzen zaie eta zuzenekoetan gozatzen dute. Oholtza gainean eztanda egin nahi dute bostek, barruan daramaten guztia ateratzeko. “Publikoa gurekin egotea gustatzen zaigu, hurbil egotea, gurekin abestuz, gurekin dan-tzatuz, gurekin izerdia botaz. Hala bada, hazi egiten gara”, dio Artabek. Ikuskizuna eta irudia zaintzen dituzten taldeak gustatzen zaizkie, eta beraiek ere horretan saiatzen dira. Izan ere, haien ustetan, kantuak besterik gabe entzuteko diskoa dago, eta, horregatik oholtza gainean “plus bat” ematen saia-tzen dira beti. Argi du Artabek: “Gu benetako rockeroak gara eta benetako rockeroen itxura daukagu. Ingelesek esaten duten Rock&Roll Attitude! da gurea”. Ildo beretik mintzo da Arrese ere: “Berezia ez bada, ez dugu egiten. Eta arriskuak hartzea gustatzen zaigu, onerako eta txarrerako. Filosofia hori izan dugu beti”.
Bost egunetan grabatu dute diskoa, Urdulizko Tio Pete estudioetan, eta esperientzia “oso aberasgarria” izan dela diote. “Grabaketa prozesua berria izan da guretzat, abestiak zuzenean grabatu ditugulako, baina emaitzarekin oso pozik gelditu gara”, kontatu du Artabek. Gainera, Igor Delgado taldekide ohiarena izan da nahasketa eta produkzioaren ardura; gitarra jotzen zuen Delgadok Eskean Kristö eratu zutenean, baina Londresera joan zen musika ikastera eta taldea utzi behar izan zuen. Oraingoan, berriro parte hartu du eta taldekide guztiei ideia ezin hobea iruditu zitzaien Delgadok han ikasitakoa haien lanean praktikan jar-tzea. “Bide onetik eraman gaitu, diskoaren soinua egiazkoa da, zuzena, botere ahalguztiduna”, diote.
ROCK KLASIKOAREN ZALEAK Batzuetan gitarra zorrotzagoak, besteetan lasaiagoak, ahotsa garratzagoa edo leunagoa den neurri berean, haien esentzia eta nortasuna mantenduz. Horrelako soinua du Ezkurrik onenak diskoak. “Lan laburra da, baina indar handia du, bai letrei eta baita musikari dagokionez ere. Eta lan biribila da, bai konposizio eta baita soinu aldetik ere”, azaldu du Artabek. The Rolling Stones, Led Zeppelin, The Doors, The Who, T. Rex, Hendrix, Queen, Iggy Pop, Black Sabbath, Bowie, AC-DC, ZZ- Top, Lynyrd Skynyrd... Garaiko klasikoak dira haien inspirazio iturri, haien irrati-kaseteetan behin eta berriro entzuten direnak. Onartzen dute, gainera, egunez egun garai hartako talde eta musika berriak “berrezagutu” dituztela. “Gauza itzelak egin ziren 70. hamarkadan; garairako jauzi handia suposatu zuen, eta handik dator beste guztia. Rock&rollaren benetako urrezko sasoia hura izan zen. Haiek berpiztu dute rock klasikoa, eta herdoila kendu”, dio Artabek.
Gaur egun, esan daiteke euskal rock&rolla inoiz baino biziago dagoela, besteak beste, Eskean Kristö taldeari esker. Arratiarrek aitortu dute Euskal Herrian maila altuko rock taldeak daudela. Dena den, euskarazko eskaintzari begira, esparrua nabarmen murrizten dela adierazi dute, azken urte hauetan “argi printzak” ikusten hasi diren arren. Haiek euskara batuan idatzi dituzte Ezkurrik onenak diskoa osatzen duten sei piezetako hitzak, baina arratierazko hainbat hitz ere sartu dituzte. “Gure euskalkia leundu eta Euskal Herri osoarekin elkar ulertzeko erabiltzen dugu batua. Halere, batean zein bestean, Eskean Kristö zigilua daramate letra guztiek”.