Estreinako lana berandu publikatzen duten idazleei beti galdetzen zaie ea zergatik itxaron duten hainbeste. Unai Maleskik argi dauka: “Iraganean gauza motibagarriren bat baztertu izan dut hura egiteko zaharregi sentitzen nintzelako. Ez dut akats hori errepikatu nahi. Orain etorri zait gogoa, eta orain egin dut”. Askorentzat euskal letren plazan izen berria izango da berea. Honakoa argitaratu duen lehen lana badu ere, luma astintzen ez da berria Unai Maleski (benetako izenez Unai Abarzuza; Iruñea, 1972). Batetik, bere lanagatik, komunikazio arloan aritzen delako, kreatibo gisa. Bestetik, sare sozialetan aise mugitzen delako -Twitter erabiltzaile aktiboa da, besteak beste-. Hala ere, poesia “ezusteko” bat izan da beretzat: “Orain dela hamar urte deskubritu nuen poesia, Castillo Suarezen Bala Hutsak poemarioaren azala diseinatu nuenean. Ordura arte ezezaguna zitzaidan genero honen indarrak liluratu ninduen, poesiak errealitatearen geruza ezkutuak azaleratzeko duen gaitasun horrek. Zoragarria da poema bat irakurri eta barruan zerbaitek klak egiten dizuneko sentsazio hori. Poesia aurkikuntza bat izan da nire-tzat”, kontatu du.

Poesiak txunditu bazuen ere, Maleskik ez zeukan poema liburu bat idazteko asmorik. Batean eta bestean esan eta idatzirikoak pila-tzen hasi eta guztiari forma emateari ekin zion, “helburu eta metodorik gabe”. Liburuaren idazketa prozesuan “intuitiboki” jardun du, eta “emozioei tokia egiten” saiatu da, bere buruarekin zintzo jokatuz, “bere bizipen, ideia eta kontraesanak” izan dituela poema bildumarako osagai. Izenburutik bertatik ageri den paradoxa -poesia zer den eta zer ez den- konstante bat da liburuan. Halere, ziurtasunez dio Maleskik: “hau ez da poesia”. Testuek formalki poema itxura hartu arren, “poesiatik urrun” aurkitzen baitu bere burua egileak. “Poesiaren bidezidor batzuk aurkitu eta igaro ditut. Besteen poemetan ikusi ditudan zenbait aspektu formal ere errentan hartu ditut nire ideiak helarazteko. Poesia izan daiteke mailu, baina baita trikimailu ere. Publizistek adina gezur kontatzen dizkigute poetek? Nik poesiaren trikimailu batzuk erabili ditut iritziak eta sentsazioak kontatzeko, baina poetikotasuna ez da izan helburua”, argitu du. Liburuan bildu dituen hausnarketa horiek saiakera edo iritzi-artikuluetan sartu ote litezkeen galdetuta, baietz dio Maleskik, baina poesiak aukera eman dio “inpresio eta usteak helarazteko argudio sendoak eraikitzeko beharrik gabe”, bere esanetan. “Gauzak kontatu nahi izan ditut, baina ez dut inor ezertaz konbentzitu nahi izan”, gehitu du.

Poesia lantzen hasiberria bada ere, komunikazioan eta sormenean eskarmentua duela nabari zaio Maleskiri. “Agentziako lanean testu laburrak, gidoiak, esloganak edo testu publizitarioak idazten aritzen naiz. Liburua idazten nengoela, laneko metodologiak erditik sartu zaizkit une askotan, eta enkargu bati ekiten diodan modu berdintsuan heldu diot liburua idazteari, ia konturatu gabe”. Kreatibitatearen aldetik, poema batek edo telebistarako spot batek eskakizun maila “oso desberdinak” dituela dio, baina sormen prozesuak ez zaizkio “hain desberdinak” iruditzen. Edonola ere, eta laburrean idazten esperientzia eduki arren, “literaturaren lurraldera iritsi berria” dela onartu du.

EGUNGO GIZARTEARI SO

Lau ataletan banatuta, hainbat gai landu ditu Maleskik liburuan. Kezkaz begiratzen dio, besteak beste, egungo gizarteari. Mundua aldatu egin dela dio, asko aldatu ere, ezagutzeko zaila bihurtzeraino. “Dena aldatu da: harremanak, informazioa eta kultura ekoizteko eta kontsumitzeko moduak, familia, lana, aisia... Baina, adibidez, ez al da deigarria XXI. mendeko errealitate berri honetan eragiteko eta eraldatzeko XIX. mendeko tresnekin tematuta jarraitzea?”, hausnartu du. “Instituzio zaharkituak, erakunde dogmatikoak, egitura bertikalak, alderdi eta sindikatu eredu herdoilduak... Dena aldatu den honetan ezer ez dela aldatu egiaztatzeak sortzen du paradoxarik dramatikoena”, dio iruindarrak.

Euskal Herriaren aferaz ere bada gogoetarik liburuan. “Datorkigunera egokitu ezinean, galduta ikusten dut gure Euskal Zera hau. Garenari edo izan ginenari begira segitzen dugu, izateko nahiez arduratu beharrean. XXI. mendean izango garena, izan nahi duguna, hori ez dugu oraindik begiztatu ere egin. Zeregin horretan, XXI. mendeko lehenengo 15 urteak galdu ditugunaren sentsazioa daukat. Itxaropena ekarriko digun zerbait laster asmatu ezean oso pesimista naiz gure etorkizun hurbilarekin”, agertu du Maleskik.

Auzi sozial eta politikoak hizpide dituen arren, Maleskik tonu zirika-tzaile eta ironikoa darabil liburuan, “ironiaren erabilera hartzaileari inteligentzia aitortzeko modua” baita, bere esanetan. Maitasunaz hitz egitean, ordea, pudore handiagoarekin dihardu. “Gehienek adinarekin lotsa galtzen dute, baina ni kontrako norabidean nabil: gero eta helduago, orduan eta herabeago”. Zentzu horretan, amodiozko poemak osa-tzeko “zailenak” izan direla aitortu du, “topikoetan erortzeko arrisku altuko zelaia delako maitasunarena”, egilearen esanetan. Halere, gaiari heldu dio, “amodioa gizaki egiten gaituen sentimendua delako, ez zentzu erotikoan bakarrik, bizitzan aurrera egiteko dugun erregai bakarrenetakoa delako baizik”.