Bizitza erdia baino gehiago darama Xabier Saldiasek (Azpeitia, 1951) oholtza gainean herriko plazak giro-tzen. Egan taldeko abeslaria Euskal Herriko eskualde guztietan aritu izan da, eta oraindik ere herriko festetako izarra izaten jarraitzen du. Garai bateko emanaldiak itzuli ez badira ere, Egan taldearen emanaldiek jendetza erakartzen dute zuzenekoz-zuzeneko. Dena den, jada ez ditu plazak bere kantuekin alaituko, eta aurten izango da bere azkeneko uda, erretiroa hartzeko ordua iritsi baitzaio Saldiasi. Plazaren nekea nabari du azpeitiarrak eta “gogoz eta pozik” hartuko du erretiroa, abesteari utziko ez badio ere.
Herriko plazak utzi eta agur esateko garaia heldu zaizu...
Hirurogeita bost urterekin, langile guztiei bezala, niri ere iritsi zait erretiroa hartzeko ordua. Berez, uztailaren 14an erretiratuko naiz, baina urrira arte jaiak daudenez, denboraldia bukatu nahi dut. Uda berezia izango da aurtengoa, baina nahikoa egin dudala uste dut, orain lasaiago bizitzea tokatzen zait. 1970ean hasi ginen musikaren munduan, euri dezente egin du ordutik! Enpresaritza ikasketak alde batera utzi nituen musikan aritzeko. Apustu bat egin nuen: musikatik bizitzea. 46 urte iragan dira hortik bizi naizela. Sari bat da niretzako erretiroa.
Egindako lanarekin pozik zoaz?
Bai, pozik eta harro. Gu hasi ginenean oso zaila zen soilik musikaz bizitzea; bakar batek egiten zuen, eta nik ere lortu dut. Lanak, dena den, gorabeherak izan ditu. Lan gogorra da. Ez da bakarrik jendeak ikusten duena, hau da, abesten aritzea. Lan asko dago guzti horren atzean. Kamioia batetik bestera eraman, muntatu, prestaketak egin, dena prest izan? 12 orduko lan-egunak izaten ditugu! Plazei bizi-tza ematea ez da dirudien bezain erraza.
Egan taldeak jarraituko al du oholtza gainean zu gabe?
Egia esan, ez dakit. Gainerako taldekideek beste lan batzuk dituzte, hortik bizi zen bakarra ni izan naiz. Baina besteek jarraitu nahi badute, lan erdia egina daukate. Badakite zerk duen arrakasta eta zerk ez. Gainera, haiei laguntzeko prest nago.
Beraz, kantatzeari ez diozu utziko?
Herriz herri aritzeari bai, adin bat dut horretarako eta belaunaldi gazteei tokia utzi nahi diet, baina ez dut musika alde batera utziko. Agian urte sabatikoa hartuko dut. Lagun artean eta sagardotegietan jarraituko dut abesten, noski! Adibidez, gustura ibiliko nin-tzateke orain Iruñeko Demode Quartet taldea aritzen den bezala. Euskal kantak moldatzen dituzte, eta goxo-goxo aritzen dira antzokietan. Plazaren nekea nabari dut, baina beste zerbait egiteko prest nago, zerbait lasaiagoa. Egia esan, harritu egin nau nire erretiroak sortu duen jakin-minak. Disko bat ateratzen genuenean hedabideen beharra genuen zabaltzeko, eta orain erretiroa hartuko dudala guztiak etorri zarete niregana!
Zerbait esan nahiko du horrek, ezta? Lau hamarkada luzeren ondoren Egan oraindik ere herriko festetako izarra dela, adibidez.
Bai, hala da. Azpeitian sortu genuen taldea, batik bat Madrildik eta Valladolidetik zetozen orkestrei aurre egiteko. Euskaraz aritzeko beharra ikusi genuen, jendeak dantzan euskaraz egin zezan. Segituan konturatu ginen herritarrek horretarako gogoa zutela, eta toki guztietatik deitzen hasi zitzaizkigun. Lanez lepo ibiltzen ginen, izan ere, gutxi ginen horretara dedikatzen ginenak. Nora joan eta nora ez aukeratzen genuen. Ez zegoen kultura musikalik; orain, ordea, alderantziz da. Pentsa ezazu, 90. hamarkadan urtero 214 saio egiten genituen, hau da, hiru egunetik behin jotzen genuen herriren batean. Orain, berriz, 60 emanaldi inguru izaten ditugu urtean. Ez dago garai bateko mugimendurik. Musika espezializatu egin da, eskaintza bakoitzak ikusle jakin bat du egun.
Orain dela 50 urte berritzaileak izan zineten. Hori izan al zen zuen arrakastaren sekretua?
Baietz uste dut. Orain jaioko banintz, lan bikoitza egin beharko nuke egin dudana egiteko. Erraza, edo errazagoa izan zen garai hartan. Euskaraz abestu eta dantzan egitea arro-tza zen, eta guk horrekin amaitu genuen. Euskaraz zerbait berria kantatu zitekeela erakutsi genuen. Eta ordutik hona 4.000 kon-tzertutik gora eman ditugu.
Bertsioak egiten zenituzten, eta atzerriko talde batzuen kantu oso ezagunak euskaratu ere bai.
Bai. Ni Queen taldearen zalea nintzen, oso! Freddie Mercury abeslaria hil eta gero, disko oso bat dedikatu genion berari, baina ez zuen hainbesterako arrakastarik izan. Rocka egiten hasi ginen, baina badirudi jendeak ez zuela hori entzun nahi, eta hastapenetara itzuli ginen. Uste dut betirako geldituko garela erromeria talde bezala. Joselu Anayak taldeak horretan gu baino gehiago asmatu zuten.
Geroago, kantu propioz osaturiko diskoa ere kaleratu zenuten.
Jendeak galdetzen zidan ea noizko aterako genuen gure abesti propioekin osatutako lana. 1994an egin genuen, baina inork ez zigun kasu handirik egin. Oharkabe pasa zen. Horregatik itzuli ginen berriro bertsioetara, jendeak hori entzun nahi du eta gu horretara egokitu gara: erromeria, ranchera, tirolesa...
Geroago etorriko ziren Egan taldearen garai ilunenak, eta 1994an banatu egin zineten. Zer gertatu zen?
Elkarbizitza oso zaila da. Etxe guztietan bezala, gurean ere iskanbila sortu zen. Banatzea nahi zuten eta halaxe egin zuten. Nik nire apustuarekin jarraitu nuen eta besteek urte gutxiren buruan utzi egin zuten. Uste dut ego eta jeloskortasun kontua izan zela.
Geroztik asko aldatu da plazetako giroa, ezta?
Bai. Askotan aztertu izan dugu hori. Hasiera batean, gazte, heldu zein zaharrentzat musika bera zegoen. Adin guztietako pertsonekin betetzen genituen plazak. Orain bakoitzak nahi duena entzuten du, gaur egungo eskain-tza zabala delako. Baina orain, 65 urterekin, nola animatuko ditut nik gazteak! Nire adinekoekin eta umeekin ibiltzen gara orain eta horrekin konformatzen naiz. Umeekin, gainera, oso ongi pasatzen dugu.
Azken urteotan, taldearen formatuan ere aldaketak egon dira.
Bai. Garai batean, bost lagun aritzen ginen jo-tzen, eta 2004an formatua aldatu genuen. Polemika egon zen horren harira, baina erabaki ona izan zela uste dut. Instrumentu batzuk kendu eta dantzariak sartu genituen gure emanaldietan. Lehen baino gehiago iristen gara orain jendearengana. Izan ere, jendea erakar-tzeko, oholtza gaineko ikuskizunak garrantzia gehiago duela konturatu nintzen. Beti esaten dut, gure garaian belarrietatik sartzen zen musika; egun, begietatik sartzen da. Garai berrietara egokitu behar dugu musikariok.
Plaza taldeen gainbehera eman da?
Jai eredua aldatu da. Orain dela urte batzuk nagusi ziren erromeria taldeek gero eta plaza gutxiago dituzte. Orain DJ bakar batek herriko plazak betetzen ditu. Jendeak ongi pasatu nahi du, eta DJ-ak behar hori bete dezake, hainbat pertsonako talde baten beharrik gabe. Dena den, uste dut gure txokoa izaten jarraitzen dugula, edo behintzat hori sumatzen dugu, joaten garen tokietan gu en-tzuteko grina badagoelako. Batez ere, gure hasierako kantak entzun nahi dituzte. Revival antzeko zerbait gertatzen da plazetan. Garai bateko gazteak egun gurasoak dira eta haien seme-alabekin etortzen dira gu entzutera. Gure abestiekin iraganera bidaia egiten dute. Abesti berriak prestatu arren, betiko kantak eskatzen dizkigute oraindik. Beraz, argi daukat erromeriek jarraituko dutela Euskal Herriko plazetan, garai bateko arrakastarik gabe, baina iraungo dute.
Hainbat bitxikeria gertatuko zitzaizuen urte hauetan guztietan, plazarik plaza. Bakarren bat kontatzerik bai?
Makina bat. Une ahaztezin asko bizi izan ditugu herririk herri. Kontua da hainbeste xelebrekeria gertatzen zitzaizkigula, normaltzat hartzen genuela dena. Jendearentzat bitxia dena guretzat normala da. Oroitzen naiz, adibidez, duela 30 urte baino gehiago Iruñeko sanferminetan izan ginela jotzen, Iturrama auzoan, eta izurridun gisa hartu gintuztela. Berriozarren gurdi batean jo genuen... Denetarik izan dugu!
Aukeratu beharko bazenu, zein izan da zure plazarik gogokoena?
Asko daude, baina batzuk aipatzearren: Urnieta, Getaria, Mutriku... Gustatzen zait herri horietara joatea, adi-adi eta txintxo-txintxo egoten dira ikusleak. Euskal Herrian zapaldu ez dugun herri gutxi geldituko dira, batez ere Gipuzkoan, hor aritu izan gara gehien. Nafarroan bai, hor oraindik plaza asko ditugu bisitatzeke.
Eta plazarik zailena?
Azpeitiarra izanda, Azpeitia esango nuke. Norbere herrian jotzea zaila da beti. Garai batean asko jotzen genuen, baina azkenaldian gutxiago. Behin izan ginen inauterietan eta plaza jendez lepo zegoen; sokamuturra atera eta guztiak etxera joan ziren. Bat-batean bakarrik gelditu ginen, sekulako mina eragin zidan nire herrian hori gertatzeak! Azpeitian izan zen gure lehenengo kontzertua ere. 1970eko uztailaren 30ean egin genuen jendaurreko aurreneko saioa, San Ignazio bezperan, Gautxori tabernan.
Bukatzeko: Egan-en errepertorioko abesti bat?
Gure ezaugarri bezala, Behin batian Loiolan edota Mexiko aukeratuko nituzke. Bereziak dira. Ezin dugu emanaldi bat egin abesti horiek jo gabe, entzule batzuk bakarrik bi kantu horiek entzutera joaten dira eta!