baiona - Saran astia, dio esaera zaharrak, baina On Joxe Migel Barandiaranek bihotzetik maite zuen Lapurdiko herrian ere denbora aurrera doa eta bertako Idazleen Biltzarrak hogeita hamahirugarren edizioa ospatuko du martxoaren 28an, Bazko astelehenez. Durangoko azokaren ahizpa txikiak berritasun asko ekarriko ditu orain arte baino bi aldiz handiagoa izango den toki batean. Sarako polikiroldegian lau gune berezi izanen dira denera: erakusketa artistikoen txokoa; liburu berrien dohainik kontsultatzeko txokoa; haurren txokoa (animazio eta ikusgarriekin); eta mintzaldien eta hedabideen gunea.
Sarako turismo bulegoa ez da gehiago antolakuntzaz arduraturako, Sarako Biltzarra elkarte sortu berria baizik.
Aurten, bi helburu nagusi finkatu dituzte: gazte gehiago erakartzea eta euskarari toki handiagoa eskaintzea. Horretarako irakaskuntzako hiru sareekin elkarlanean aritu dira antolatzaileak. Azken hilabeteetan transmisioaren inguruan 200 ikaslek egin dituzten lanak aurkeztuko dituzte. Haurrak, biharko irakurleak, beren familiekin etorriko direla espero dute Idazleen Biltzarra prestatzen dutenek. Ehun bat idazle eta argitaletxe baino gehiagok parte hartuko dute hitzorduan. Halaber, aurtengo Biltzar Saria Itxaro Borda idazle oparoari eta Michel Ithurria marrazkilariari emanen dizkiete. Arratsaldean, min-tzaldi bana eskainiko dute sarituek.
berpiztearen apustua Argitaletxeei baino idazleei ematen die lehentasuna Jean Michel Garat mediku garaztarrak eta Daniel Laplacette biarnes euskaltzaleak duela hiru hamarkada Saran sortu zuten biltzarrak. Sortzaileek oldar berria eman diote azokari Sarako Biltzarra elkartea sortuz eta langile bat hartuz, Henri Errandonea, ondareaz axola duen saratarra. Zenbait herritarrekin Biltzarra berpiztearen apustua egin dute, ohartu baitziren azken urteetan bisitari gutxiago biltzen zela, idazleen eta irakurleen arteko harremana sustatu behar zela, eta euskara eta gazte gehiago sarrarazi behar zela. Sarako herriko etxeak, inguruetako beste udal batzuek eta Ipar Euskal Herriko Euskal Kultur Erakundeak sostengu osoa ematen diote biltzarrari. Gora beherak gora behera, sorkuntza asko dago beti Iparraldean, liburu zein musika sailetan eta horiek ezagutarazteko helburuarekin dator Sarako Idazleen Biltzarra.