Protagonista izaten omen da nobela beltzaren esentzia. Istorioaren izaera ideologikoa markatzen duena da pertsonaia, izan detektibe, kazetari, bertako herritar, etorkin? Eta nobela beltzetan denek dute helburu zehatza: gertakaria edo krimena argitzea, gizarteari buruzko zer-tzelada kritikoak eginez betiere. Genero beltzaren bilakaerak pertsonai hauek noraino heltzeko gai izan diren agerian utzi du. Era berean, gizartea aldatu ahala, moldatu egin da genero honi heltzeko modua. Hastapenetan, detektibea egia jakiteko edozertarako gai zen eta ez zegoen fidatzerik polizia ustel eta alderdikoiarekin. Botereak bertsio ofiziala asmatzeko sortzen zituen gehiegikeriak agerian uzteko gai zen protagonista. Denborarekin, baina, fikziozko pertsonaia horren helburuak aldatu egin dira, boterearen kontra egitetik estatuak ideologia neoliberal ofiziala errepikatzeko tresna izatera igaro dela. Dena den, asko dira oraindik gizarteko injustizia ugari salatzeko nobela beltza darabilten idazleak. Espainiar Estatuan, Trantsizio garaian oraindik hasierako irizpide kritikoa mantentzen bazen ere, hainbat idazle polizia edo komisarioa protagonista bihurtzen hasiko dira, bertsio ofiziala zalantzan jartzeko aukera hori galtzeraino.
Guzti honi buruzko gogoeta sakona egin du Jon Alonso idazleak (Iruñea, 1958) kaleratu berri duen Beltzaren koloreak saiakeran. Azken ehun urteetan 25 idazlek ondutako 150 nobela beltz irakurri ditu idazle nafarrak horretarako. “Huskeria bat da, tanta bat baino ez nobela beltzaren itsasoan”, dio Alonsok. “Hurbilpen pertsonalak, kritikaren ikuspegi akademiko batetik, balio gutxikoak dira, partzialak eta interesatuak direlako ezinbestean. Erredukzionistak”, gehitu du. Alonsok aipatzen duen erredukzionismoaz ez gaude salbu. Gurean asko dira nobela beltzagatik apustu egin duten euskal idazleak; ezin dira, ordea, denak bi orrialdetan aitatu. Alonsok, adibidez, nazioarteko idazleak hartu ditu aintzat bere azken saiakera osatzeko: “Euskal literaturakoak alde batera utzi ditut, ez zaidalako gisakoa iruditzen epaile eta parte izatea aldi berean”, arrazoitu du.
Iruñeko idazlearen ustez, “atzerapenarekin” heldu zen nobela beltza gurera. Askorentzat Euskal Herrian detektibearen figura sinesgai-tza zen duela hiru hamarkada, eta hemen ez zirela nahikoa krimen esaten zuten ahotsei ere aurre egin behar izan zieten askok. Gauzak horrela, munduko herrialde askotan nobela beltzak lantzen hamarkadak eginak zituztenean, Euskal Herrian Jose Antonio Loidi Bizkarrondok eman zuen aurreneko urratsa, 1955 urtean izkiriaturiko Hamabost egun Urgainen eleberriarekin. Jarraian etorri zen Mariano Izetaren Dirua galgarri liburua. Go-tzon Garate, Txomin Peillen eta Xabier Gereñorekin batera aitzindari izan ziren idazle hauek gurean. Gaur egunera jauzi eginez, eta krisiak krisi, nobela beltza “ederki” mantendu da Euskal Herrian, Alonsoren aburuz, geroz eta gutxiago irakurtzen den garai honetan ere “genero entretenigarria” suertatzen delako, bere iritziz. “Gaur egun, gurean erreferente diren euskal idazleen belaunaldia dugu genero honetan”, gehitu du nafarrak.
Itxaro Borda (Baiona, 1959) nobela beltzen baitako idazle oparoenetakoa dugu gurean. Amaia Ezpeldoi sortu eta bere urratsak jarraitzen dituela aitortzera ere ausartu da idazlea baten baino gehiagotan. “Ikerketa gaiak eta munduaren ikuskera nireak dira, neurri handi batean”, onartzen du Bordak. Emakumea, lesbiana eta komunikazio arazoak omen dituena. Detektibe atipikoa da Bordak sorturikoa. Neurri handi batean, Ezpeldoiren pertsonaiarekin tradizioz gizonezkoen generoa zenari buelta eman dio idazle baionarrak, nahiz eta gurean emakume protagonisten presentzia oso urria den oraindik, baita nobela beltzetan ere.
Ibilbide luzeko pertsonaia literarioa da Amaia Ezpeldoi. 1994an sortu zuen pertsonaia Bordak, Bakean ützi arte (Susa) nobelan; hogei urte igaro dira, beraz, pertsonaiaren aurreneko agerpen literariotik. 1990-1991 urteetan, Zuberoan eraiki nahian ari ziren gas-hodiaren afera dela-eta, “eztabaida eta debate horiek guztiak -aldekoak, kontrakoak zein iritzirik ez zeukatenenak-” liburu batean bildu nahi izan zituen Bordak, eta bere lehen eleberri beltza izango zenerako Ezpeldoi eraman zuen kasua ikertzera.
salaketarako bide Ezpeldoiren bidez, Bordaren Euskal Herriaren inguruko hausnarketak ez dira azalekoak izan bere literatur ibilbidean. Bere pertsonaiaren eskutik, “salaketa ugari egiteko beta eta baliabidea” topatu duela dio idazleak. Gainera, betidanik nobela beltzen zalea izan dela dio, “zenbait gertakari berezi kontatzeko biderik egokiena dela uste baitu baionarrak. Besteak beste, genero beltzeko pertsonai bereziei esker injustiziak salatzeko eta auto-zentzura ekiditeko bidea topatu dute idazle batzuek euskal literaturan. Amaia Ezpeldoiren bitartez bide hori bilatu duela dio Bordak, “nobela edo literatur sorkuntza batek auto-zentsuraren atzamarretatik askatzeko balio dezakeelako”, bere esanetan. Besteak beste, gai ekologistak, familiaren ingurukoak, antimilitaristak edo politikoak kritikaren jomugan egon dira Baionako idazlearen lanetan.
Alonsok dioenez, “kritika egiteko” baliatzen du berak literatura. “Gure inguruan ikusten ditugun eta gustuko ez ditugun gauzen inguruan gogoeta egiteko tresna da niretzat”, dio. Bere ustez, “pertsonaia finko bat sor-tzeak aukera ematen du nobela bat baino gehiago aintzat hartzen duen planteamentu bat egiteko, gai multzo bati ikuspegi narratibo beretik ekiteko”. Alonsok ere badauka pertsonaia jakin bat bere eleberri beltzetarako: Enekoitz Ramirez Lanbas. Erdi delinkuentea, iturgin-tza lanak egiten dituena eta behin baino gehiagotan espetxean egon izan dena. Bizimodua ateratzea da bere helburu bakarra eta horretarako besteek egin nahi ez dituzten lan zikinak egiten ditu.
Anti-heroien ahotsa “Esan ohi da zapatak non egiten duen min, eta horren arabera idazten dela. Lanbasekin edo Lanbasik gabe”, dio Alonsok. Eneko Aizpurua (Lazkao, 1976) bat dator idazle nafarraren baieztapenarekin. “Horrelako anti-heroi bat zure esanetara edukitzea lagungarri izaten da arazoak sala-tzeko, askotan geure buruari jartzen dizkiogun mugak hausten baititugu protagonistaren bidez”. Hain justu, Mikel Egileor pertsonaiaz baliatzen da lazkaotarra horretarako.
Atzerriko idazleen lanak euskaraz irakurtzeko aukera eskaintzen duen Igela argitaletxearen Literatura Unibertsala bildumako liburuak irakurriz hurbildu zen Aizpurua genero beltzera. Garai hartan, ordea, “euskal literaturan genero beltza nahiko baztertuta eta gutxietsita zegoen”, bere ustez. Salbuespenak salbuespen, “Euskal Herrian kokatuta zeuden edota gure aferez hitz egiten zuten nobela beltz gutxi” zeudela iruditzen zitzaion idazleari. “Gabezi hori ikusita eta gehiago sakontzea merezi zuen esparru bat” zegoela iritzita sortu zuen Mikel Egileorren pertsonaia, eta baita “bazterrak astindu eta gure gizartearen eta errealitatearen trapu zikinak argitara atera-tzeko ere”. Azken batean, nobela beltzak, eta literaturak orohar, “errealitatearen deskribapen bat egiteko” balio duela uste baitu.
Jon Arretxek (Basauri, 1963) hamarkadak daramatza literatur sorkuntzan. Bere ogibide bihurtu du idaztea. “Eleberri onak” egitea du helburu nagusi Arretxek, baina, bide batez, “gizartean dauden arazoak salatzea beharrezkoa” ikusten du, batez ere nobela beltzetan. “Guk ondo ezagutzen dugun baina ikusi nahi ez dugun errealitate ezkutu hori erakutsi eta muturren aurrean jarri behar da”, dio idazleak. Bilboko San Frantzisko kalea aukeratu du berak horretarako. “Aurkikun-tza izugarria izan da. Nire nobela beltzetarako giro berezia behar izaten dut, eta denetik aurkitu dut bertan: jende txiroa, prostituta merkeenak, etorkinak... San Frantzisko da gure gizarteko azken muturra. Finean, nobela beltzetan ohikoak diren osagarriak ditu gune honek”, azpimarratu du. Hain justu, Bilboko kale honetan bizilekua duen Touré pertsonaia sortu zuen Arretxek bere istorio ilunenak gidatzeko.
Arretxeren aburuz, gaur egun nobela beltzean “zerbait originala edo diferentea” eskaini behar da, genero honetan asko idatzi delako, eta horregatik, hain justu, bere pertsonaia afrikarra izatea bururatu zitzaion. “Patera-pisu batean bizi da Touré eta nola edo hala atera-tzen du bizimodua”, dio bere sortzaileak. “Hasiera batean, igarle, mago edo azti plantak egiten hasten bada ere, detektibe antzeko zerbait bihurtzen da gerora eta Bilboko aberatsen guneetara ihesalditxoak egiteari gustua hartuko dio”, kontatu du egileak. Bere bidez, “gizarte berean elkarbizi diren muturrak” erakusten ditu Arretxek, bata eta bestea kontrajarriz.
Lanbas, Ezpeldoi, Touré eta Egileor. Bakoi-tza bere ñabardura eta ezaugarriekin, baina bere sortzaile diren lau idazleek bazter ilunenetatik mugitzen diren pertsonai antiheroiak sortu dituzte. Genero beltza darabilte gizarteko alde gordinenak agerian uzteko; zentzu horretan, genero honen hastapenetatik ez dabiltza hain urruti, nobela beltza bazter ilun eta ezkutuenetan jaio baitzen. Beraien bidez, Euskal Herrian ere bere giro natural hori aurkitu du generoak.