iruñea - Orkoienetik igaro ondoren, joan zen larunbatean, Haur eta Gaztetxoen Kantari Jaialdiaren bigarren edizioa Lodosara iritsi zen. Nafarroako hainbat ikastetxetako haur taldeak eszenaratzea eta euskal musika sustatzea helburu duen jaialdiaren emanaldiari 18.00etan eman zi-tzaion hasiera, publikoaren harrera beroarekin. Denetara, 15 taldek parte hartu zuten emanaldi jendetsu honetan.
Euskal Kantuzaleen Elkarteak, Nafarroa Oinez eta Lodosako Udalaren laguntzarekin antolatu zuen emanaldi hau. Aurtengo Nafarroa Oinez Viana eta Lodosako ikastolen artean antolatzeak eraman du Lodosara jaialdia, izan ere, Nafarroa Oinez ospatzen den herrian burutzen da jaialdi honen ekitaldi bat urtero.
Nafarroako lau ikastetxe publiko eta ikastola desberdinetako 100 haur, gazte eta musikari oholtzara atera ziren guztira 15 kanta eskainiz.
Lodosa a capella talde gonbidatuak eman zion hasiera ekitaldiari, Txoriak txori eta Maitia galde egin zautan kantekin. Gero talde desberdinen txanda izan zen. Tafallako partaideek 8 ur edalontzi, Zarena zarelako eta Muskaria zaharreko abestu zuten. Olibako Ama Birgina Eskola Publikoak Kax-kax atean, Baldorba eta Loretxoa eskainiko zuen. Elizondoko neska talde batek Aberriaren mugak kantatu zuen eta, azkenik, Lodosako Ibaialde ikastolakoek Airez aire dabil, Txanpon baten truke eta Xalbadorren heriotzan prestatu zuten emanaldirako.
Jaia Tuterako Muskharian taldeko bisitarekin amaitu zen. Saioari agurra emateko partaide guztiak oholtzara igo eta ikusleekin batera Guk euskaraz eta Euskaraz Bizi Nahi dut abestu zuten txaloen artean.
Dagoeneko bere 21. ediziora iritsi den Haur eta Gaztetxoen Kantari Jaialdiaren helburua Nafarroako haur eta gaztetxoen euskararekiko eta kantuarekiko zaletasuna piztea da. - D.N.