BILBO. Film laburra balioan jartzeko eta Bilbo filmazioak egiteko leku gisa erakusteko helburu bikoitzarekin ekoitzi zuen Zinebik talde film hori, jaialdiko arduradunek gogorarazi dutenez.
Sketch filmen modu klasikoan egindako ekoizpen lan bitxiak elkarren artean oso desberdinak diren gaiak eta ezaugarri formalak dituzten zazpi fikzio biltzen ditu -zine musikala, garaikoa eta egungo drama eta komedia, besteak beste-. Horien guztien ezaugarri komuna, Bilbok eta Bizkaiak azken 30 urteetan izan dituzten eraldaketak irudikatzeko nahia da. Lan bakoitza egiteko, Zinebik hiru zinemagile belaunaldiren ekarpen desinteresatua eta gogotsua izan zuen.
"Bilbao-Bizkaia. Exterior-Día" lana osatzen duten film laburrak, Pedro Olearen "Zonbi Eguna", Javier Rebolloren "El amigo imaginario", Enrique Urbizuren "Misterio en el parque de Doña Casilda", Mikel Ruedaren "Caminan", Luis Maríasen "Amatxu Maitea", Imanol Uriberen "Parpadeos" eta Sra. Polaroiskaren "Los ocho pecados capitales" dira. Saioa arratsaldeko 19:00etan hasiko da, eta amaitzean solasaldia izango da zuzendariekin.
Martxoaren 16ra arte, azkenaldian egindako beste ekoizpen lan batzuk ere eskainiko dira Madrilgo Euskal Zinemagile Berriei buruzko zikloan, besteak beste, Asier Altunaren "Amama" edo Jose Maria Goenagaren eta Jon Garañoren "Loreak" txalotuak. Horrez gain, euskal zinemak film laburrari egindako ekarpen handia ere gogoratu nahi du zikloak, estudio eta enpresa handietatik aparte hainbat animazio lan egin zituen Isabel Hergueraren irudiaren -Euskal Zinearen Sari Nagusia Zinebiren azken edizioan "Amore d'inverno" lanarekin- edo Oskar Alegriaren "La casa de Emak Bakia" zine esperimentalaren bitartez.