iruñea - Bardoak taldekako bertso ekimena bere azken txanpan sartu da asteburuan jokatutako bigarren faseko azken saioen ondoren. Hala, hurrengo taldeak izango dira martxoaren 19an Etxarri-Aranatzen ospatuko den finalerako pasea lortu dutenak: Leitzako Atekaberts, Obario Maldikoak iruindarrak eta Berako Larungo Antenak.

Ostiralean hiru saio izan zituen ekimenak; Igantziko Biltoki elkartean Lesakako Unibertsolariak (Iban Garro, Josu Sanjurjo, Jon Silveira, Joxe Juan Zubieta Etxabe) eta Leitzako Atekaberts (Ander Fuentes Itturri, Joanes Illarregi, Xabat Illarregi) taldeko kideak aritu ziren. 50 bertsozale bilduta, pareko saioa egin zuten bi taldeek eta puntu irabazlea lesakarrentzat izan bazen ere, ligaxka barruan jokatutako bi saioen puntu baturak leitzarrak pasarazi zituen finalera.

Eguneko bigarren saioa Iruñeko Txantrea auzoko Auzotegi Kultur Etxean jokatu zen. Bertako Obario Maldikoak (Saioa Alkaiza, Irati Majuelo, Aimar Karrika) eta Barañaingo Hiru Garabardo eta Pintxo Bat (Ainara Ieregi, Mikel Lasarte, Manex Mailharin) taldeak izan ziren kantuan. Puntu batura handiagoa lortuta, Obario Maldikoak taldeak egin du aurrera.

Etxarri-Aranazko gaztetxean izandako saioan berriz, Einnekin (Eneko Lazkoz, Unai Artieda, Jon Arratibel) eta Berako Larungo Antenak (Julen Zelaieta, Patxi Castillo, Aitor Elexpuru) taldeek lehen saioa jokatu zuten. Beratarrek irabazi eta larunbatean izan zuten ligaxka barruko bigarren saioa, Berako Kataku ostatuan. Kasu honetan ere Larungo Antenak taldeko kideek puntu irabazlea eskuratu eta finalera sailkatzea lortu zuten. - M.M.P.

Martxoaren 19an, Etxarri-Aranatzeko frontoian, 17.00etan. Atekaberts (Leitza), Obario Maldikoak (Iruñea) eta Larungo antenak (Bera) taldeen artean jokatuko da finala., Finala amaituta triki-poteoa egongo da eta amaitzeko Bardoen afaria.

Sarrerak salgai. bertsosarrerak.eus atarian erosi daitezke, baita Iruñean, Beran, Leitzan, Lesakan eta Etxarri Aranatzen.