Patxo Telleria poz-pozik dabil azken egun hauetan, oraintsu jakin baitu Tartean konpainiak aurten kaleratutako bi antzezlanek, Amour eta Pankreas-ek, Ercilla sari bana irabazi dutela. Euskarazko antzerkigintzan aski ezaguna da Telleria, eta ahaztezinak berak idatzitako lan eta gidoiak. Bilboko Maskarada konpainian hasi zuen bidea, argi baitzuen “istorioak kontatzea” zela benetan maite zuena. Ordutik, zeregin horretan dabil buru belarri, mila proiektutan murgilduta. Igela filmaren post-produkzio lanetan harrapatu dugu, orain arte egindakoaz, baina, batez ere, egiteke duenaz hitz egiteko.

Zuk idatzitako ‘Pankreas’ antzezlanak sormen lan dramatiko onenaren Ercilla Saria lortu berri du. Zelan jaso duzu berria?

Oso berri pozgarria izan da, bai niretzat, baita Tartean konpainiarentzat ere. Oker ez banago, sekula ez zaio sari hori eman euskarazko lan bati, eta oso gutxitan hemengo konpainia bati. Pankreas-en bertsio biak saritu dituzte, euskarazkoa zein gaztelaniazkoa. Gainera, azken urteko Tartean Teatroren ikuskizun biak, Pankreas eta Amour, izan dira sarituak. Pozik eta harro egoteko modukoa da.

‘Pankreas’ euskaraz sortutakoa da, bertsoen bidez idatzia eta antzeztua. Izandako arrakasta ikusita, gaztelaniara itzultzea erabaki zenuten eta orain Estatu osoan zehar ari da biran. Harritu zaitu publikoaren erantzunak?

Egia esan, oso harrera ona izan du, eta sekulako kritikak jaso ditu. Gu oso pozik gaude egindako lanarekin. Batzuen ustez, bertsoen bidez idaztearena apustu arriskutsua zen, baina guk ez genuen horrela ikusten. Bere xarma ere bazeukan; beraz, ez dugu beldur berezirik izan horrekin, nahiz eta lehen aldia izan euskaraz horrelako zerbait egiten zela. Berrikuntza ikaragarria izan da, egia da, baina gero, teatroan ikusita, oso natural geratu da emaitza. Izan ere, mendeetan teatroa bertsoen bidez egin da. Bere neurrian erabili behar da, hori bai, baina ez da baztertu edo ukatu behar den errekurtso bat.

Antzerki gizona zara, baina baita gidoilari, idazle eta zuzendaria ere. Oholtzan, pantaila handian eta txikian ikusi izan zaitugu. Jorratzeko bide asko dira. Zer daukate amankomunean?

Lanbidea berdina dela. Azken finean, nik gauza bakarra egiten dut: istorioak kontatu. Hala ere, zeregin guztien artean joera edo erraztasun bat nabarmendu beharko banu, idaztearena azpimarratuko nuke. Prozesu naturala da, hala ere. Hau da, nik ez dut inoiz esaten: hemendik aurrera zuzendu egingo dut. Ideiak sortzen dituzu eta ideia horiek aurrera atera-tzeko beharrezko suertatzen dena egiten duzu. Nire kasuan, oso naturala da aukeraketa.

Zure lanen oinarria hitza dela esango zenuke?

Hitza elementu bat da; istorioa da oinarria, nik uste. Zinea eta antzerkia egiten dituzunean, hitza asko erabiltzen bada ere, ekintzak idazteko bitartekoa baino ez da hitza. Idazten duzunean ekintzak idazten dituzu.

Gai asko jorratzen dituzu, sozialak eta gordinak ere bai, sarritan. Hala ere, gehienetan, umorea darabilzu zure istorioak kontatzeko.

Beno, ez pentsa... Orain Arriaga Antzokian gaztelaniaz estreinatuko dugun Zergatik, Jamil? antzelana ez da inolaz ere umorezkoa. Kasu honetan, suspentsea erabiltzen dugu tresna bezala. Baina, bai, gehienetan umoretik jo izan dut. Batetik, Mikel Martinez eta biok Ez dok hiru proiektu artistikoaren barruan egiten ditugun dibertimendu horietan umorea erabiltzen dugulako. Gainontzekoetan, ordea, drama eta umorea nahastea gustatzen zait, egunerokotasunean barrea eta negarra nahasturik dauden modu berean.

Euskaldun berrien istorioak ere askotan jorratu izan dituzu taula gainean...

Batez ere, Ez dok hiru proiektuaren hasierako fasean izan zen hori. Neurri batean, jende askok horrexegatik ezagutzen gaitu Mikel eta biok, eta, oraindik ere antzezten ditugu lan horiek, nahiz eta aspaldian sortuak izan, jendeak jarraitzen dizkigulako eskatzen. Eta guk eman egiten dizkiegu, plazer handiz, gainera.

Gure arazoez eta akatsez barre egiteko beharra al dugu euskaldunok?

Bai horixe. Oso ohitura osasuntsua da norbere buruari barre egitea. Soziologikoki, gainera, gure gizartea ez da hain zabala eta, horri esker, erreferentzia linguistikoak oso antzekoak eta hurbilak dira. Identifikazio prozesua erraz ematen da. Guk taula gainean gure buruari barre egiten diogunean, publikoa ere bere buruari barre egiten ari zaio.

Publikoari begira, euskarazko teatroan errazagoa al da komediak idaztea?

Jakitun gara euskal gizartea eta, batez ere, euskaldun gizartea, oso aberatsa dela, baina txikia aldi berean. Euskaldun kopurua dagoena da, ez dago luzatzerik. Beraz, eta ikusle kopurua txikia izanda, ziurrena da denei gustatuko zaien ikuskizun bat sortzea. Eta hori komedia da. Oso antzerkizaleak direnak, eta ez direnak ere, hurbilduko dira. Beste mota bateko apustuak, Zergatik, Jamil? kasu, arriskutsuagoak dira. Hasiera batean, ez da jende askorik joango. Baina guk ezin dugu publikoa bezero bezala konsideratu, teatro komertzialek egiten duten moduan. Artistak ezin du publikoa horrela tratatu. Guri, komunikatu nahi duguna, eta komunikatzen duguna, erraietatik ateratzen zaigu. Gu hori guztia gara, ez bakarrik Ez dok hiru, ez bakarrik Pankreas.

Gaztelaniaz ere idazten duzu. Zeren arabera aukeratzen duzu hizkuntza bat edo bestea?

Ni elebiduna naiz, eta eroso sentitzen naiz bi hizkuntzetan. Baina, normalean, hautatu behar denean, euskararen alde egiten dut, nire bi hizkuntza horien artean euskara kuttunena dudalako, besteak beste, bere ahultasunagatik. Bi seme baldin badituzu, eta bat ahulagoa bada, horri denbora, maitasun eta arreta gehiago eskaintzen diozun modu berean, nahi gabe

Mikel Martinezekin askotan aritu ohi zara taula gainean. Kimika berezia igartzen zaizue. Zer ematen dio batak besteari?

Nik esango nuke kimika hori erosotasunean datzala, oso eroso sentitzen garelako bata bestearekin oholtzan. Eta horrek bidearen parte handi bat errazten digu. Horretaz konturatzen zara urteek aurrera egin ahala. Denbora asko daramagu elkarrekin lanean, Maskaradan hasi ginenetik, hain justu. Baina hau ere, beste kontu asko bezala, gauza naturala izan da. Ez dugu inoiz pentsatu: izan gaitezen bikote artistikoa. Bikote artistikoa bilakatu gara kasik konturatu gabe.

Maskarada aipatu duzu. Hor hasi zinen an-tzerkigintzan eta ordutik ez duzu inoiz lanbide hau utzi. Noiz konturatu zinen zure eta antzerkiaren artekoa betirako izango zela?

Ez oso goiz, egia esan. Ni abentura batean bezala hasi nintzen honetan, 24 urte nituenean, oraindik bizitza bera eta esperientzia guztiak berriak direnean, dena probatzeko duzunean. Ilusio horrekin eta ezjakintasun horrekin. Sei bat urte edo eman nituen ofizioan aktorea nintzela konturatu gabe, garai hartan hemen aktorearen ofizioa ez baitzen existitzen. Guk ez genuen eredurik, ez genuen aktorerik ezagutzen, gure hirian ez zen aktorerik bizi. Hori hemendik kanpo gertatzen zen zerbait zen, Madrilen edo New Yorken. Garai horretakoak izan ginen euskal aktore profesionalen lehenengo belaunaldia.

Gaur egun nola ikusten duzu euskarazko an-tzerkigintzaren egoera?

Nire ustez, gero eta indar gehiago dauka. Gauza gehiago egiten dira eta publikoa konturatu da euskarazko antzerkia oso interesgarria dela. Batzuetan, euskaraz ez dakien jendeari pena ematen dio euskarazko lan bat ez ulertzeak, obra bat galtzeak. Hori ona da. Nik uste jakin-min hori, prestigio hori, lor-tzen ari dela euskarazko antzerkia.

Noizko euskal antzerki konpainia nazional bat?

Gu eskatu eta eskatu gabiltza. Egia esan, oraindik ez izatea harrigarria da. Batetik, Estatu mailan Euskal Herria erreferente bat delako. Eta, bestetik, nortasun berezi bat dugulako, hizkuntza propio bat. Nik uste dut asko daukagula esateko. Dena den, gauzak ondo egin behar dira, bestela, sortu berri den Arte Dramatikoko Goi Mailako Eskola bezalako gauzak gertatzen dira. Nire ustez, gauzak azkarregi egin dira kontu honekin, eta oso irizpide bereziekin. Profesionalekin ez da kontatu. Baldintza martziano bat jarri dute, beste inongo eskoletan jarri ez dena: Arte Dramatikoan lizenziaduna izan beharra bertan klaseak eman ahal izateko. Baldintza hori ez da ona lanbiderako, profesional gehienei ez baitie bertan parte hartzeko tokirik ematen.

Euskarazko ‘Igela’ pelikula grabatzen amaitu duzue eta orain post-produkzio lanetan ari zarete. Nola doa prozesua?

Pelikula bat egitea erronka erraldoia da, zen-tzu askotan. Denbora luze joaten da eta horrek energia asko eskatzen dizu. Grabazioan gozatu eta sufritu egiten da. Ez dut uste zuzendaririk egongo denik grabazio bat inoiz ahaztuko duenik. Buruhausteak, momentu intentsoak? Gainera, hor jokatzen duzu neurri handi batean pelikularen etorkizuna. Post-produkzioan, grabaketan sortu duzun horrekin jolastu behar duzu, materiala landu, ordenatu... Azken fasea emaitza publikoaren aurrean jartzearena da. Une hori heldu arte ez dakizu zein arima izango duen pelikulak. Kasu honetan, udaren bueltan izango da hori.

Etxe desjabetzeen gaia aukeratu duzu pelikula berri honetarako...

Bai. Nahiz eta komedia bat izan, hausnarketa sakonak egiten dira filmean. Zerk egiten gaitu duin eta zerk miserable? Zerk eramaten gaitu bide bat edo beste aukeratzera? Galdera horiei guztiei erantzuna ematen saiatu gara Igelak pelikulan.