BILBO. Horrela, antolakuntzak jakinarazi duenez, 2016ko edizioko lehen kontzertuan Bill McHenry eta R.J Miller izango dira protagonistak, Corentin Le Hir kontrabaxu jotzailearekin batera, Errekaldeko udal zentroan, ostiral honetan.
Bill McHenry saxofonista eta musikagileak zazpi disko argitaratu ditu taldeko buru bezala, eta Paul Motian, Reid Anderson, Ben Monder, Orrin Evans, Eric Revis edo Andrew Cyrille, Paul Motian, Guillermo Klein, Andrés D'Angelo, Reid Anderson, Orrin Evans, John McNeil, Ben Waltzer edo Rebecca Martin moduko musikariekin egin du lan.
Halaber, RJ Miller bateria jotzaile eta musikagilea denbora luzea darama jazzaren eszenan eta New Yorkeko eszena esperimentalean. Gaur egun, Danimarkan, hirukote batean lan egiten du George Garzone saxofonistarekin batera.
Bestalde, otsailaren 19an, Begoñako udal zentroan, Ernesto Aurillac saxofonistaren boskotearen emanaldia izango da. Estatuko jazzaren panoraman saxofoi jotzaile eta musikagile handienen artean dago, eta talde askotan jo du, musikari handiekin, hala nola Chano Rodríguez, Perico Sambeat eta Darryl Hallekin.
Gaur egun, Carlos Saura zinemagilearen "Flamenco hoy" ikuskizuneko musikari taldean dago. Malagako Jazz Elkartearen sortzailea da eta saxofoi, harmnonia eta konboetako irakaslea da Maestro Puyana Arteen eta Musika Modernoaren Zentroan.
Aurreko urteetan bezala, Bilbao Distrito Jazz programak nazioarteko musikariak eta bertako talde bat tartekatuko ditu. Aurten, bertoko eskaintza Jose Luis Canalen eskutik dator. Bilboko pianista jazzean eta musika klasikoan nabarmentzen da eta euskal musikaririk garrantzitsuenekin jo du. Zenbait urtez bere hirukotearen buru jardun du, Jon Pris eta Teté Monteliuren bateria jotzailea izandako Peer Wiborysekin. Kontzertu hau otsailaren 26an izango da, Bidebarrieta liburutegian.
ALBERT SANZ
Bestalde, Albert Sanz piano-jotzailea eta musikagile valentziarrak martxoaren 4an joko du. Errepertorio zabala eskainiko du Deustuko udal zentroan. Jazzaren munduko figura handi batzuekin batera jardun du ibilbide luzean, eta horren erakusgarri izango da errepertorioa.
Bilbao Distrito Jazz ekimenaren 2016ko edizioko azken kontzertua Trío Horacio Fumero hirukoteak eskainiko du, Otxarkoagako udal zentroan, martxoaren 11ean. Horacio Fumero Argentinako kontrabaxu jotzailea Tete Montoliu Trío taldeako kidea izana da eta gaur egun jazzaren eta flamenkoaren musikari garrantzitsuekin lan egiten jarraitzen du.
Azkenik, programa dela eta, Bilboko Udal Liburutegien Sareak gogorarazi du jazz zaleen ezagutza handitzeko genero horretako lanen bilduma handia duela, grabazioak eta liburuak tartean, eta maileguan har daitezkeela. Katalogoa www.bilbao.eus/bibliotecas webgunean kontsulta daiteke, eta hala nahi dutenek iradokizunak egin ditzakete, erosketei eta bilduma gaurkotzeari begira.