Bilbo - Zinegabonak zikloaren hirugarren edizioak Euskal Herriko zenbait zinema aretotan euskarazko filmak ikusteko aukera eskainiko die haurrei. Zineuskadi elkarteak eta EITBk elkarlanean antolatzen duten ekimenak animaziozko 11 pelikula eskainiko ditu, euro baten truke, eta guztiak euskarazko bertsioan.

Antolatzaileek adierazi dutenez, zikloa abenduaren 28tik urtarrilaren 3ra luzatuko da eta proiekzioak Donostian, Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Urruñan egingo dira. Zinema aretoez gain, hiru pelikula Bilboko EITBren egoitzan proiektatuko dira, Multibox aretoan; kasu honetan sarrera doan izango da, baina HIRU3 komunitateak banatutako gonbidapena aurkeztu beharko da.

Aurten, gainera, Zinegabonak berrikuntza nagusi batekin dator: bikoizketa tailerra. Ekintza Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan egingo da: Bilbon abenduaren 28an, Donostian 29an eta Gasteizen 30ean. Bertaratzen direnek, bikoizketako aktore profesionalen laguntzarekin, filmen pasarteak nola bikoizten diren ikusi eta ikasiko dute. Ausartzen direnei, gainera, ahotsa grabatzeko aukera ere eskainiko zaie.

Animaziozko filma guztiak goizeko hamaiketatik aurrera proiektatuko dira. Zehazki, abenduaren 28, 29 eta 30ean EITBren egoitzako Multibox aretoan izango dira emanaldiak: Marko Makako, Asterix eta Dragoi Bola, hurrenez hurren.

Urtarrilaren 2an, 7. Ipotxa filma izango da ikusgai Bilboko Golem Alhondiga aretoan, Hurrak eta lapurra Donostiako Principe zinema aretoan eta Stand by me Doraemon Gasteizko Floridan. Iruñean, bere aldetik, Magiaren etxea proiektatuko da; Urruñako Itsas Mendin, berriz, Yugo&Lala.

Azkenik, urtarrilaren 3an, Magiaren etxea (Bilboko Golem Alhondiga), Zipi-Zape (Donostiako Principe), Tom txiki (Gasteizko Florida), 7. Ipotxa (Iruñeako Golem Baiona) eta Haritzaren bihotza (Urruñako Itsas Mendi) izango dira ikusgai. - E. P.