BILBO. Antolatzaileek adierazi dutenez, zikloa abenduaren 28tik urtarrilaren 3ra bitartean izango da eta proiekzioak Donostian, Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Urruñan izango dira. Zinema aretoez gain, hiru film Bilboko EITBren egoitzan emango dira, Multibox aretoan; kasu honetan sarrera doan izango da, baina HIRU3 komunitateak banatutako gonbidapena aurkeztu beharko da.

Aurten, gainera, Zinegabonak berrikuntza nagusi batekin dator: bikoizketa tailerra. Bilbon abenduaren 28an egingo da, Donostian 29an eta, azkenik, Gasteizen 30ean. Bertaratzen direnek, bikoizketa aktore profesionalen laguntzarekin, filmetako pasarteak nola bikoizten diren ikusi eta ikasiko dute, eta ausartzen denak ahotsa grabatzeko aukera ere izango du.

Animaziozko filma guztiak euro bateko prezioan eta 11:00etan proiektatuko dira. Zehazki, abenduaren 28, 29 eta 30ean EITBren egoitzako Multibox aretoan izango dira emanaldiak, Bilbon, "Marko Makako", "Asterix" eta "Dragoi Bola" filmekin, hurrenez hurren.

Urtarrilaren 2an "7. Ipotxa" izango da ikusgai Bilboko Golem Alhondiga zinema aretoan, "Hurrak eta lapurra" Donostiako Principe zinema aretoan, "Stand by me Doraemon" Gasteizko Florida zinema aretoan,

"Magiaren etxea" Iruñeko Golem Baionan eta "Yugo&Lala" Urruñako Itsas Mendin.

Azkenik, urtarrilaren 3an, "Magiaren etxea" (Bilboko Golem Alhondiga), "Zipi-Zape" (Donostiako Principe), "Tom txiki" (Gasteizko Florida), "7. Ipotxa" (Iruñeko Golem Baiona) eta "Haritzaren bihotza" (Urruñako Itsas Mendi) izango dira ikusgai.