Azokako Areto Nagusia eztabaidarako gune bilakatu da azken urteotan. Aldi honetan, Gerediaga Elkarteak eta Jakin-ek bultzatutako Gogoeta espaziotik Andu Lertxundi, Andoni Egaña, Asisko Urmeneta, Olatz Osa, Itxaro Borda eta Jose Mari Agirretxe Porrotx pasa dira. Gaur, 12:30ean, Ruper Ordorika eta Jon Mayaren txanda izango da. Atzo, kultur transmisioaren inguruan jardun zuten Porrotxek eta Bordak, Sustrai Colina kazetariaren gidari-tzapean.

Apur bat periferiako sentitzen dira idazlea zein kultur eragilea. Batak, umetatik euskaldun frantsestua izanik, hamabi urterekin berreskuratu zuen euskara; besteak, Lasarte-Oriako erdal mundutik atera eta euskarara egin zuen jauzi. Desertuko loreak? “Nerabezaroan berreskuratu nuen euskara, eta duela 40 urte Iparraldean ez zegoen euskarazko liburu askorik, ez hiztegirik ez gramatika dexenterik. Gogoratzen dut nola garai hartan atera zen Haize Garbia elkartearen hiztegia, eta mirakulua izan zen niretzat. Menturaz, gaur egungo belaunaldiek ez dute eskasia hori”, kontatu zuen Itxaro Bordak. Lasarten ere ez zen giro 80. hamarkadan. Porrotxek Michelin enpresa muntatu zuteneko garaia ekarri zuen gogora: “Pentsa, 20.000 biztanleko herritxo batean 4.000 langile agertu ziren. Bat-batean, euskara eta gure nortasuna, erabat irentsita. Nik bost urte egin nituen AEKn, euskara berreskuratzen, gero Gaztetxearen inguruan hasi ginen, eta handik euskalgintzara. Gogoratzen dut duela 30 urte Olentzero nor zen ere ez zekiela jendeak Lasarten. Zorionez, gauzak asko aldatu dira”.

“Beraz, euskalgintzara periferiatik dator arnas-berritzea?”, akuilatu zituen Colinak. “Heltzen da mementu bat, non zeure buruari galdetzen diozun nor zaren, non bizi zaren eta nor izan nahi duzun. Eta hor hasten da dena. Gu espazio berriak sortzen ahalegindu ginen. Esaterako, koro bat daukagu, atzerritarrentzako eskola, bertso-eskola, literatur txoko bat? Mila pertsonatik gora euskaraz bizi dira egunero Lasarten, eta hori da pozgarriena, hor sortzen den giroa. Honek guztiak erakusten du kulturatik alda daitekeela herri bat, baina, horretarako bitartekoak behar dira”, azpimarratu zuen gipuzkoarrak. Eta Bordak azaldu zuen periferiakoa ez dela kasualitatea: “Niko Etxartek Parisen deskubritu zuen euskara? Sarritan, galeraren sentimenduak eramaten du jendea euskalgintzara, eredu orokorretik at dagoen aktibismora. Begira gurean bertsolaritzarekin zer gertatu den, eta horrek erakusten du askotan bazterretik etorri dela aldaketa. Beste alor batzuetan ez da halakorik egin”.

Aktibotasunean pasibo Transmisioaren txertatzeaz ere hitz egin zuten biak. “Aniztasunaren sentsazioa periferiatik erdigunera eraman behar da”, esan zuen Oragarreko idazleak, Porrotxek adibide zehatzagoetara jo zuela: “Sarritan, euskal kultura eta euskara bertsolaritzaren eskutik sartu dira eskoletan. Ikasten dute bertsoa, baina emozionatzen dira baita, harreman berriak egiten dituzte? Hezkuntza sisteman azterketa eta curriculuma lehenesten dituzte, eta nik uste inportanteagoa dela pertsonak hezitzea, baina pertsona moduan. Horretarako egokiak dira bertsolaritza, antzerkia edo dantza”. “Indarguneak sortu behar ditugu -gaineratu zuen lasartearrak- eta estrategia bateratu bat, eta hortik etorriko da transmisioa”.

Zentzu horretan, herri txikietan egiten dena kontutan hartu behar dela esan zuen Agirretxek, “geuk sortu behar dugulako geure mundua, gero besteei hori dena eskaintzeko, eta mundu horrek gure baloreetan oinarrituta egon behar du, lankidetzan, gure hizkuntza eta gure kulturan oinarrituta. Horretarako adostasun handi bat behar dugu. Norberekeriak baztertu eta onura komunak bilatu, azpiegitura oinarrizkoak jarri, herrigintzak aurrera egin dezan. Hori bai, ausardia behar dugu horretarako”. Mundua ez doalako bide onetik, Bordak aipatu zuen legez: “Fobiaz beteta dago mundua, eta fobia guzti horien oinarrian kulturaren bazter-tzea dago. Horrek esan nahi du transmisioa arriskuan dagoela”.

Kontu latzak baztertu eta hemen egiten diren gauza ederrak nabarmendu behar direla gaineratu zuen Porrotxek: “Euskal Herriko abangoardiako antzerkia euskaraz egiten da, dantza garaikidea ere bai, gure kultura berritzailea da”. Bordak, beste horrenbeste: “Txikiak sentitzen gara beste kultura erraldoien ondoan, eta hori gainditzeko kemena eta bizi-poza behar dugu. Badugu jende prestua eta badugu zer transmititu!”. Baina aktibotasunean pasibo bihurtu garela ere onartu zuten, eta horren arriskuaz ohartarazi zuen Porrotxek: “Haientzat egitetik haiekin egitera pasa behar gara. Jendeak ez dezala jaso bakarrik; hausnartu eta erabaki dezala!”.