durango Ikasleen Egunak Durangoko Azokara erakarri zituen milaka gaztetxoren presentzia aprobetxatuz, nerabeek kontsumitzen dituzten ikus-entzunezko produktuetan azaleratzen den sexismoa antzemateko hiru hitzaldi-tailer eskaini zituen Katixa Agirre idazle eta kazetariak atzo, Irudienean.

Sexismoak jotako gizartea da gurea. Ikus-entzunezkoak ere ez daude gaitz horretatik salbu, ezta?

-Ez, tamalez. Izan ere, sexismoak gizarteko alor guztiak ukitzen ditu. Gizartea bera eta gure burua irudikatzeko darabiltzagun ikus-entzunezkoen kasuan ere aurki daiteke horren zantzurik: filmetan, serieetan, telebista saioetan? Sexismoa, ordea, ez dago eduki jakin batzuetan, askotan baizik, sexismoa ez delako gizartearen ezaugarri bat, oinarri bat da, eta ikus-entzunezkoetan ere nabari da hori.

Sarritan, ordea, inplizituki azaleratzen dira mezuak eta zailak dira hautematen. Ez duzu uste?

-Bai, eta hori da tailer hauen helburua. Sexismoa antzemateko pista batzuk emanez, sindrome deitu diedan elementu batzuk detektatzen saiatu gara gaztetxoekin. Ikus-en-tzunezkoetan sarritan errepikatzen diren elementuei deitu diet sindrome. Gaixotasun moduan definitzen ditut baina, aldi berean, ez gara ohartzen gaixotasun horietaz, natural ikusten ditugulako, ikusezin bihurtu direlako gure begietara.

Eta zeintzuk dira sindrome horiek?

-Hamakaitxo dira adibideak. Horietako bat izan daiteke pottokinaren sindromea deiturikoa. Pottokien istorio klasikoan ikusten da nola pertsonaia guztiak mutilak diren eta denek daukaten izaera bat, funtzio jakin bat. Denek, neskak izan ezik. Neska bakarra ageri da istorio honetan eta ez dauka ez izenik ez izaerarik. Besterik gabe, neska da. Gerora, ikus-entzunezko lan askotan ikusi dugu giza taldeak irudikatzeko eredu hori askotan errepikatu dela. Adibidez, Star Wars pelikulan ere neska bakarra ageri da, inolako funtziorik gabea eta, gainera, azpi-trama erromantiko bati lotuta.

Nola lortzen du sexismoak ikus-entzunezkoetan zirrikituak aurkitu eta hain eragin handia izatea?

-Errepikatzearen poderioz. Ikus-en-tzunezkoen kasuan, gainera, kontutan eduki behar dugu eraikuntza ba-tzuri buruz ari garela. Hau da, pelikula bat ikusten dugunean mundu horretan sartzen gara, sufritu edo barre egiten dugu pertsonaiekin. Pelikula bat ikustean, errealitatearen isla dela iruditzen zaigu askotan. Sarritan, ordea, ez gara ohartzen horren atzean norbait egon dela erabakiak hartzen: erabakitzen protagonista gizonezkoa izango dela, eta ez emakumea; erabakitzen zein jarrera izango duten batzuk eta besteek... Guztiaren atzean daude erabakiak eta, ondorioz, ideologiak. Baina, egia da, atzean gordetzen duten ideologia ia oharkabean pasarazteko indarra daukatela ikus-entzunezkoek.

Gazteei zuzenduta prestatu duzu tailerra. Zergatik?

-Garrantzitsua delako gazteengan izipiritu kritikoa piztea, nik uste. Gaur egungo gazteek ikus-entzunezko eduki asko kontsumitzen dute, sarean batez ere, Youtube eta antzeko plataformen bidez. Dena den, jasotzen dituzten mezu asko behar bezala prozesatzeko ez dira gai beraien kabuz. Inportantea da gauza batzuk ikusten laguntzea.

Youtube aipatu duzu. Datuen arabera, plataforma honetako bideo ikusienen portzentai handi batek eduki sexistak aurkezten ditu. Datu kezkagarria, ezta?

-Oso kezkagarria, eta are gehiago helduok mundu horretatik jokoz kanpo geratzen ari garen honetan. Gazteak oso aurreratuta daude teknologikoki baina, aldi berean, eta edukiei dagokienez, nahiko mezu atzerakoiak ari dira hedatzen beraien artean. Hori arriskutsua izan daiteke.

Edukiak kontsumitzeko modua ere aldatuz joan da. Horrek ere izango du eraginik, ezta?

-Noski, eta handia gainera. Garai batean, etxeko egongelan eta familian kontsumitzen ziren eduki gehienak; baina, gaur egun, kontsumo ereduak aldatu egin dira eta mugikorraren bidez jarraitzen dugu ia dena, modu pribatuan. Zaila da ume eta gazteek hor egiten dutena uneoro kontrolatzea.

Gazteekin aritu ostean, adin guztietako ikusleentzat beste hitzaldi bat eskainiko duzu gaur.

-Bai. Gaia bera izango da, baina gehiago sakonduko dugu: errepresentazioaren teoria azaldu eta sexismoaren adibide gehiago emango ditut. Baina, funtsean, berdina izango dira gaia eta planteamentua.