durango-“Dakigunetik ez dakigunera”. Horixe izan da Labayru Fundazioaren lema, bere egitekoaren norabidea marraztu duen ardatza orain dela 45 urte bidea abiatu zuenetik. Euskara eta euskal gaiak ikertu, jaso eta gizarteratzen egindako lan eskergari gorazarre eginez, Noticias Taldeak, bere Ortzadar gehigarriaren eskutik, omenaldi xume bezain beroa eskaini zion atzo, Durangoko Kurutzesantu Museoan. Mikel Inunziaga Inun musikariak girotu eta Iñaki Mendizabal kazetariak aurkezturiko ekitaldian izan ziren Bingen Zupiria, Deiaren zuzendaria; Ander Manterola Labayruren zuzendari ohia; Igone Etxebarria, Labayruren zuzendariordea; Lorea Bilbao, Bizkaiko Kultura eta Euskara diputatua; Itsaso Atutxa, Bizkai Buru Batzarraren presidentea eta Nerea Mujika, Gerediaga Elkarteko lehendakaria, besteak beste.
Euskal kulturgintzaren arloan nabarmentzen diren pertsona, talde edo erakundeen lana goraipatu asmoz, Ortzadar gehigarriak eskain-tzen duen gorazarrea da honakoa. Joxe Azurmendi, Ramon Saizarbitoria eta Jakin izan dira orain arteko omenduak, eta “Labayru ere ezin zitekeen zerrenda horretan falta”, Bingen Zupiriak azpimarratu zuenez. “Ezinezkoa baita euskara azken 50 urteetan zer izan den ikusi eta ulertzea Labayru gabe”, agertu zuen Deiaren zuzendariak, “batez ere Bizkaian, Labayru euskarak izan duen motor handienetariko bat” izan dela nabarmentzearekin batera.
Euskara Labayru gabe ulertu ezin daitekeen bezala, Labayru bera ezin uler daiteke Ander Manterola bere arima eta sortzailea gabe. Erakundearen zuzendari izandakoak iraganeko garaiak izan zituen hizpide atzokoan: “Labayruk bere bidea hasi zuenean ez genuen inondik inora pentsatuko hain urrun iritsiko ginenik. Garai hartan, gainera, ez geneukan laguntzarik ez erakundeen babesik. Baina beharrezkoa zen bidea hastea, ekitea, frankismoaren ilunalditik gentozelako eta zerbait egin behar zelako”. Eta gerora, “egin ahalak” eskatu dio Labayruri hasitako bideari jarraipena ematea. “Bide bat hartzen duzunean, bide horrek berak eskatzen dizu ibiltzen jarrai-tzea, urrunago joatea”, agertu zuen Manterolak. “Gainera, erakunde mailan, herri honetan oso berandu hasi gara euskararen aldeko lanean -gehitu zuen-, eta gauza asko dago egiteko. Guk geuk ikusten dugu hori egunero: hitz berriak sartzen ari gara etengabe hiztegietan. Dena ez dago jasota, ezta gutxiago ere. Ikerlan handia dago egiteko”, nabarmendu zuen.
Gaur egun euskarak bizi duen egoeraz ere egin zuen hausnarketarik Manterolak. “Bihotzez, baikorra naiz; buruz, ez hainbeste” zioen. “Batetik, euskal hiztunen kopurua inoizko handiena da egun, eta hori zoragarria da; baina, aldi berean, kalean errealitatea ez da nahiko genukeen bezain ona. Gauza bat argi dago, ordea: euskaldunek ez dute euskaldunik aurkituko euskara egiten ez bada. Hori da bide bakarra: euskara egitea. Euskararen aldeko kontzien-tzia igo den bezala, euskaldunok guk geuk igo behar dugu gure kontzien-tzia gehiago”, iritzi zion.
egokitzapen fasean Labayuren baitan eman da aldaketarik azken urteotan. Besteak beste, Labayru ikastegi izatetik fundazio izatera igaro delako, nahiz eta “esentzia bera” mantentzen duen, Igone Etxebarria zuzendariordearen esanetan. Izenean eman den aldaketa, hortaz, ez da izanean islatu. Hori baino gehiago, Labayruren baitan eman den “belaunaldi aldaketa” aipatu zuen Etxebarriak. “Belaunaldi aldaketa eman da, baina ez nuke esango modu traumatikoan eman denik, betidanik Labayruren hauspo eta arima izan direnak gurekin jarrai-tzen baitute. Dena den, egokitzapen fase batean gaude”, onartu zuen. Izan ere, lan arloak garatzeaz gain, lana hedatzeko moduan ere ari dira bide berriak arakatzen. Ildo honetan, “batez ere, komunikazioaren arloa eta mundu digitalean dugun presentzia indartu” nahi dituztela jakinarazi zuen Etxebarriak. “Ondasun itzelaren oinordeko gara; zorte handia dugu gure aurrekoengatik jaso dugun guztiagatik, eta horri eutsiko diogu aurrera begira, garaietara egokituta, modu eta bitarteko berriekin, baina mami bera mantenduz. Eta, gure kasuan, mamia euskara da”, gehitu zuen.
lan ildo ugari 1977an sortu zenentik, euskal kulturaren ondarea ikertu, bultzatu eta gizarteratzeko asmoz buru-belarri aritu da lanean Labayru. Helburu zabal horri eran-tzun nahian, hainbat arlo landu izan ditu ikerketa edo zabalkunde mailan: irakaskuntza, hiztegigintza, itzulpengintza, herri-ondarea ba-tzea, etnografia? Bere mugarrietako bat Udako Ikastaroena izan da. Gainera, Labayruk jorratu izan dituen gai ugariren isla dira urteen joanean plazartu dituen argitalpen ugariak. Arlo honetako fruitu nabarmenenetako bat da Atlas Etnografikoa, euskal ohitura eta tradizioen bilduma erraldoia. Era berean, Labayruren zutabe garrantzitsua da Euskal Biblioteka ere, Euskal Herriari eta hizkuntzari loturiko gaien ondare aberatsaren gordeleku berau.
Bizkaian sorturiko erakundea den heinean, bizkaiera idatziaren arau-tze, ikertze eta bultzatze lanetan ere erreferentziazko erakundea izan da Labayru bere ibili osoan, baina horrek ez du esan nahi beste euskalkiei edo euskara batuari bizkarra eman dienik. “Euskara bat eta bakarra da -zioen Manterolak-. Askoren ustez, euskara asko daude; baina guk, bizkaitarrok, gure burua euskaldun-tzat dugu, ez euskalkiduntzat. Uste dut Labayrun horren kontzientzia osoa izan dugula beti”.
Omenaldira bertaraturikoen artean, Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara eta Kultura diputatuak bat egin zuen Manterolaren ideia honekin. “Bizkaian errotuta dagoenez, Labayru Bizkaiko erakunde bat balitz bezala hartu izan da, baina bere ekarpena euskal lurralde osora zabaltzen da. Labayruk jakin izan du euskal izarea eta identitatearekin loturiko gaiak lantzen; jakin du geure-geurea dena atera eta zabaltzen, eta meritu hori aitortu behar zaio”, agertu zuen. Maila pertsonalean ere, Labayru “oso gertuko” sentitzen duela gaineratu zuen Bilbaok: “Labayru nire bigarren etxea da. Bertan ikasi eta lan egiteko aukera izan nuen. Labayru-kumea naiz erabat”.
Gerediaga Elkarteko Nerea Mujikak ere Labayruren ekarpena azpimarratu zuen: “Bizkaierari prestigioa eman dio Labayruk, baina ez edozein modutan, gauzak ondo eginez baizik. Ni erdaraz ikasitakoa naiz, baina, besteak beste, Labayruri esker, neure egin dut euskara”.