donostia - Egun handia zen atzokoa Verdini Dantza Taldearentzat, Ezgaitasunaren eta Euskararen Nazioarteko egunak baitziren, eta konpainia gipuzkoarrak dakien modu hoberenean ospatu zuen: Gure gaitasuna dantza ikuskizuna eskainiz. Hala ere, jada hirugarren aldiz, euskararen eta ezgaitasunaren alde lan egiten duten erakunde eta pertsonak saritu zituen atzo goizean, eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak eta Tomas Murua eskultoreak jaso zuten aurtengo garaikurra.
“Federazioak bi baldintzak bete-tzen ditu, eta ezgaitasunaren inguruan lan izugarria egiten ari da”, azpimarratu zuen Jesus Murua Verdini Dantza Taldeko zuzendari laguntzaileak. “Bestalde, Tomas Murua bere bizitza guztia aritu da euskararen eta euskal kulturaren inguruan lanean; gainera, Isabel Verdini zuzendariari asko lagundu dio urte hauetan zehar”, azpimarratu zuen, eta konpainiaren logotipoa ere berak egin zuela gaineratu zuen. “Jada esker ona adierazteko garaia zela iruditu zaigu”, esan zuen. Horrela, sarituek garaikurra jaso zuten, pozik eta eskerrak emanez, eta ondoren, taldearen ikuskizunaren zati batez goza-tzeko aukera izan zuten.
Arratsaldean, berriz, Victoria Eugenia Antzokiko Klub Aretoa jendez bete zuten, eta euren ikuskizuna eskaini zieten inguratu zirenei.
Bestalde, egun garrantzitsu honetan konpainiak bere manifestua zabaldu zuen. Jone Mungia taldeko bolondresa arduratu zen esker mezua zabaltzeaz. “Garrantzitsuena gauzak ondo irteteko euren borondatea jartzen dutenen lana da, oso pertsona fidelak daude gurekin”, esan zuen. Datorren urtean Donostia Europako Kultur Hiriburua izango dela ere gogoratu zuen: “Bertan gure ibilbidea erakutsiko dugu, eta gure balioak zabaldu”.
konpainia Verdini Dantza Taldea duela hamabost urte inguru sortu zen, baina 23 urte daramatzate lanean. “Helburua gizartean txoko bat bilatzea da eta, aldi berean, partehartzaileak fisikoa lantzea, intelektualki hobetzen duten bitartean”, azaldu zuen Muruak. “Euren ongizateaz gain, autoestimuan ere laguntzen du; dantzaria izatearen harrotasuna euren barruan dute eta koreografietan nabaritzen da hori”, gaineratu zuen. “Gainera, egiten duten lana ikusleek estima-tzen dutela jakitea oso onuragarria da eurentzat”. Muruaren ustetan, dantzarien ingurukoei laguntzen die, guztiak ondo daudela antzematen baita.
Gaur egun, 16 pertsonak egiten dute dantza konpainian, eta beste hamabost gaztetxo inguru dabiltza klaseetan, euren “harrobian”, egunen batean dantza taldera sartzeko intentzioarekin.