donostia- Bertsolari aldizkariaren 100. alea plazaratu berri dute, eta gainera, udaberrian 25 urte beteko ditu. Ospatzeko, Andoni Egaña hiltzea erabaki dute. Ez, ez da benetako hilketa bat jazo, komiki batean baizik. Ale hau ez da ohiko aldizkaria, nobela beltza bezala definitu daitekena baizik, Nork izenekoa eta Xabi Paya gidoigileak eta Patxi Gallego marrazkigileak egina. “Komiki ba-tzuk atera ditugu, baina garai bateko bertsolarienak; Paya eta Gallego gaur egungo istorio bat egitera ausartu dira”, azaldu zuen atzo Antxoka Agirre Bertsolariko zuzendariak.

“Nobela beltza badirudi ere, gure izakera dela eta komedia atera zaigu”, adierazi zuen marrazkilariak, lan ezberdin bat egiten saiatu direla gehitu zuen eta istorio bitxia sortu dute. Egañaren hilketa gertatu eta lau pertsona arduratuko dira ikertzeaz: Amezketako aguazila, Fernando amezketarrean inspiratutakoa; Jesika Fletxeberria izeneko oso amona azkarra; Bertsocop izeneko robota, bertsoen makina bezala defini daitekeena; eta Amaia Ezpeldoi, Baionako bertso eskolakoa. Laurek egingo dute detektibe lana.

Gainera, komikia irakurtzen duen orok aurpegi ezagun ugari aurkituko ditu. “100 pertsonaia ospetsu baino gehiago daude, eta kameoen bidezko liburua dela esan daiteke”, azpimarratu zuen Gallegok. Bertsolaritza gai nagusia izanik, hainbat bertsolari ezagun ageri dira liburuan zehar, Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi, Amets Arzallus, Xabier Amuriza eta Anjel Mari Peñagarikano, esaterako. Hala ere, kirolariak, politikariak eta beste hainbat pertsonaiek ere euren lekua dute.

proiektuaren hasiera “Aurreko lana euskal topikoen kontrakoa egin nuen eta orain bertsolaritzaren munduan murgildu naiz”, esan zuen Gallegok. Proiektua egiteko esan zietenean, duda eduki zuen, bertsolaritzari buruzko ezagutza handirik ez baitzuen. Bigarren buelta baten ondoren, bertsolaritzaz asko dakiten lagunak dituela konturatu zen eta laguntza eske deitu zien. “Azkenean, Xabirekin egin dut lana, gidoilaritza ikasi baitu eta komikiak bezalako arteen zalea dela jakin nuen”, azaldu zuen. “Gainera, nire ideiei izena jar-tzen jakin du eta truko asko erakutsi dizkit”, gaineratu zuen Gallegok.