BILBO. Antolatzaileek azaldu dutenez, filmak Djalal gaztearen istorioa kontatzen du, "oinez hasi aurretik gerra jokoekin obsesionatuta dagoen gaztea". Klase ertaineko familia katalan batean seme bakar gisa hezita, gurasoek kapritxo guztiak onartu zizkioten. Jostailuzko arma mota guztiak zeuzkan, soldadu izatera jolas zedin eta, hazi ahala, bere jolasak gero eta sofistikatuago bilakatu ziren. Bere burua bideoan grabatzen hasi zen, operazio militarrak irudikatuz eta Youtubera igoz, milaka jarraitzaile dituen Lord_Sex nortasun zibernetikoarekin.

Amets hori muturreraino eramanez, Afganistango gerrara joan zen frankotiratzaile gisa borrokatzera, baina gerran ez dago filmetan bezain beste akzio. Djalal desengainatuta itzuliko da gurasoen etxera, eta dena aldatu egin dela ikusiko du. Krisi ekonomikoak familia astindu du eta erabakiak hartu beharko ditu. Jolasa amaitu da, eta Djalalek bere lekua aurkitu beharko du benetako munduan.

Alba Sotorra Berlinen bizi den zuzendari eta bideoartista katalana da. Bere filmografiako proiektu garrantzitsuenak "Unveiled Views" (2008) eta "Qatar The Race" (2011) dira. Gaur egun ingeniaritza klimatikoari buruzko transmedia proiektu bat eta amatasun subertsiboei buruzko dokumental bat egiten ari da. "Game Over" bere azken dokumentalak sariak jaso ditu jada Karlovy Vary (Txekiar Errepublika), DocsBarcelona, Documenta Madrid eta Malagako jaialdietan.

Zinebik jarraipena ematen dio urte osoko programazioari Hileko Dokumentala zikloaren bidez. Horrela, generoaren zaleek, nazioarteko jaialdietan sariak lortu dituzten edo aukeratuak izan diren arren, merkataritza zirkuituan ia banaketarik lortu ez duten lanez gozatzeko aukera izaten dute. Parallel40 banaketa etxearen eskutik, Multicine zinema aretoek zientziari, ekonomiari edo gizarteari buruzko erabateko gaurkotasuna duten gaiak lantzen dituzten dokumentalak estreinatzen dituzte.