BILBO - Maiz, superheroiak ez dira izaten pelikuletan ageri ohi diren gisakoak. Telebista itzalita, zinemako pantaila erraldoietatik urrun, superheroi ugari aurki daitezke eguneroko bizitzan. Inguruari, hurbilekoari arretaz begiratzea da giltza, aurrera egiteko indarra ateratzen duten guztiei erreparatzea. Horietako bat da Eki, Alai Zubimendi marrazkilari eta komikigile hernaniarraren 21 hilabeteko semea, diagnostikorik gabe medikuz mediku doana. Bere emazteak zirikatuta, etxeko txikiaren abenturak komiki bihurtzea erabaki du gipuzkoarrak, kolore biziz betetako omenaldi grafikoa irudikatuz. Gure semea superheroi bat da titulupean, aurtengo V. Ortzadar-Rekalde Komiki Lehiaketako (KMK) irabazle suertatu da Zubimendiren lana. Hernaniarrak ondo baino hobeto ezagutzen du DNAko Ortzadarrak gehigarriak eta Bilboko Rekalde Aretoak, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, urtero antolatzen duen lehiaketa. Izan ere, lehenengo edizioko garaikurra ere eskuratu zuen, 2011. urtean, Harri baten boterea izeneko istorioarekin. Bertan Indiana Jones euskaldun bat aurkezten zuen, mundua dominatzeko elementu sekretuaren bila. Honetan, ordea, hurbilakoagoa zaion mundu bat marraztu du, bere haurra botere bereziak dituen komikiaren protagonista bihurtuz. “Nahiko jaiotza gogorra izan zuen gure semeak, eta ordutik aurrera eta atzera gabiltza ospitaleetan, bere portaera arraroaren arrazoia zein den argitu nahian, baina momentuz ez daukagu inongo diagonistikorik”, azaltzen du Zubimendik.
Erantzunik gabeko zalantza eta galderez betetako istorio hori da bere marrazkietara eraman izan duena, baina umore eta gozotasunez betetako ikuspegi bat eskainiz. Xamurtasun horixe azpimarratu du José Javier Ganboa eta Iñaki Mendizabal Elordi kazetariek osatutako epaihamahaiak. Izan ere, Zubimendik “maitasunez erakutsitako zenbait ikuspuntu” irudikatuz eta “komikiaren beraren errekurtso oinarrizkoak ondo erabiliz” eraiki du pieza saritua, aurkeztutako guztien artean “lanik orekatuena”, epaimahaiak ebatzitakoaren arabera. Zentzu horretan, proposamen grafikoaren eta gidoiaren artean dagoen parekotasun “fina” saritu dute.
Era berean, aurtengo lanen “maila handia” goraipatu du epaihamaiak, beste bi lanei aipamen berezia eginez. Batetik, Piedad Ortiz de Urbina barakaldarraren Saiatu zaitez eta ikusiko dugu, “collage eta pop-art” teknikak nahastuz lortu duen “emaitza txundigarria” nabarmenduz. Bestetik, Jon Mikel Udakiolaren irudiez eta Martin Etxeberriaren testuez osatutako Azken Balea lanari ere aipamen egin diote, “oso poetikoa dena eta mezu sakona zabaltzen duena”.
Euskal animazioaren erroak Urtero bezala, KMK lehiaketak euskal komikigintzari lotutako egile baten ibilbidea omendu nahi izan du eta aurten Juan Bautista Berastegi (Pasai Donibane, 1951) ilustratzaile eta ekoizlea izan da hautatua. Modu honetan, Ohorezko Sariak “euskal zinemagin-tzan” aitzindari izan den profesionalaren lana goraipatzen du, Kalabaza tripontzia (1985) bezalako filmekin euskaraz egindako animazioaren oinarriak finkatu zituena.
Lotura Films ekoiztetxeko zuzendariak ilustrazioaren munduan eman zituen lehenengo pausoak, Oh! Euzkadi aldizkarirako eta liburuentzako azalak marraztuz. Urte batzuk geroago, 1977an, marrazki biziduneko bere lehenengo laburmertraia sortu zuen, Ekialdeko izarra. Fernando Amezkatarra bertsolariari buruzko laburmetraia eta Kukubiltxo izeneko beste bat etorri ziren ondoren. Baina zinemagintzan aritzeaz gain, Berasategi telebistako telesailetan ere ibili zen lanean. Horien artean nabarmen-tzekoa da Lazkao Txikiri buruzkoa, 1997an emititzen hasi zena.
Zati horiekin guztiekin osatu dute abenduaren 5era arte Rekalde Aretoan ikusgai egongo den erakusketa, bere ibilbide luze eta oparoaren material grafikoa biltzen duena. “Bertigo pixka bat ematen dute ohorezko sari hauek, adinaren kontua gogorazten dizute... baina ni ez naiz jubilatuko, gerra ematen jarraituko dut”, zin egin zuen atzo omenduak, barre artean, Bizkaiko hiriburuan ospatutako sari banaketan.
Ekitaldian izan zen Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendariak bi sarituak zoriondu nahi izan zituen, Berasategik euskal zinemagintzan utzitako aztarna gogoratzearekin batera. “Gure helburu nagusia da sormena, artea eta euskera uztartzea eta horren emaitzak bistaratzea”, azaldu zuen, euskararen arloan hiztun gazteei begira egindako lana nabarmentzearekin batera. “Gazteak euskera eguneroko bizitzako jarduera guztietan erabiltzea da asmoa, eta hau urrats bat gehiago da bide horretan; urrats guztiak dira beharrezkoak bide, nahiz eta batzuk apalagoak diren”, gaineratu zuen.
Bingen Zupiria DEIAko zuzendariak egunkariak euskararen arloan egiten duen lana ere azpimarratu nahi izan zuen bere hitzaldian, “gure lur-eremu osoan euskaraz egiten den sorkuntza bultzatzea eta zabaltzea gure konpromisoetariko bat” dela azalduz. Zeregin hori aurrera eramateko kaleratzen du Noticias Taldeak asteroko Ortzadar gehigarria, Euskal Autonomia Erkidegoetako hiru lurralde historikoetan eta Nafarroan zabaltzen dena. “Aurtengo komiki lehiaketaren edizioan lau lurraldeetako lanak jaso ditugu, eta horrek daukan garrantzia eta balioa eman behar zaio”, gaineratu zuen Zupiriak.
‘Gure semea superheroi bat da’. Alai Zubimendi Idarreta (Hernani - Gipuzkoa).
‘Bakardadea’. Jon Gabilondo Figuerido (Barañain - Nafarroa).
‘Saiatu zaitez eta ikusiko dugu’. Piedad Ortiz de Urbina Bermejo (Barakaldo - Bizkaia).
‘Nire amak kontatu zidan...’. Jabi Isasi Flores (Urkabustaiz - Araba).
‘Azken balea’. Jon Mikel Udakiola Illarramendi (Hernani - Gipuzkoa) eta Martin Etxeberria Garro (Zarautz - Gipuzkoa).
V. edizioa. Urtero legez, lehiaketan parte hartu duten lanen artean epaimahaiak aukeratutako komiki batzuekin osatu da erakusketa. Kasu honetan, goian aipatutako bost piezak dira izan dira aukeratuak. Horrez gainera, KMKren Ohorezko garaikurra jaso duen Juan Bautista Berasategi egilearen material grafikoa ere ikusgai egongo da, bere ibilbidearen zenbait etapa laburbiltzen dituena. Abenduaren 6a arte, Bilboko Rekalde Aretoan.