Ni naiz Gabriel Aresti eta / Segurola kontablea /Bilbon jaiota, euskal moduan /oso gutxi probablea /ahaleginduta ikasi nuban /euskara bat potablea...”. Hitz hauexek erabiliz bere burua poema bihurtu zuen Gabriel Aresti (Bilbo, 1933) idazle eta poetak.
Urte askoren ondoren, deskribapen-bertso horiek berreskuratu ditu Adur Larrea marrazkilariak Arestiri buruzko liburu berriaren kontrazala janzteko. “Bere burua kontable gisa aurkezten zuen beti, nolabaiteko pertsona gris baten airea emanez edo, fabrikaz fabrika lanean”, azaltzen du Larreak. Azaleko ustezko gristasun horren atzean, ordea, XX. mendeko euskal idazlerik onenetarikoen artean kokatua izan dena zegoen, “barne unibertso ikaragarria” zuena, “gainezka egiten zuen irudimena” lagun.
Duela urtebete jaso zuen marrazkilari eta komikigileak Bilboko Gabriel Aresti euskaltegiaren enkargua. “Badaukate euskalduntzeari begirako argitalpen zerbitzu bat, eta komikiarekin zerbait egiteko gogoa zutela esan zidaten, formatuak berezkoa duen didaktikotasuna aprobetxatuz”, oroitzen du. “Hasieratik proposamenari baietza eman zion, non sartzen ari nintzen oso ondo jakin gabe”, dio barrezka, “biografia bat egiteak dakarren lan izugarria gero ikusi bainuen”. Lanak lan, ilusio handiz osatu du ehun orrialde inguru dituen Arestiren irudizko biografia, Erroa argitaletxearen eskutik azaroaren 19an kaleratuko dena.
Behin proiektuan parte hartuko zuela jakinda, gaia erabakitzeko unea heldu zitzaion. “Egia esan, hasierako momentuan ez geneukan pentsatuta noren inguruan egituratuko genuen komikia, baina Gabriel Aresti berari buruz egingo genuela erabaki genuen. Izan ere, jende asko pasa-tzen da bere izena daraman euskaltegitik eta agian ez daki nor den. Zenbat jende bizi da Gabriel Aresti kalean? Zenbatek ikasi du Gabriel Aresti institutuan?”.
ABIAPUNTUA Helburua argi zeukan: Arestiren bizitza ezagutarazteko irudiak berezkoa duen indarra baliatzea, edukiontzi erakargarri baten bidez landua. Bidaiaren hasierako puntua Barroeta Aldamar kaleko bigarren zenbakiko seigarren pisuan kokatu du, 1933ko urrian, testuinguru erdaldun batean hazi zen Aresti jaioberria irakurleari aurkeztuz.
Binetaz bineta, haren bizitzako unerik garrantzitsuenak josiz doa Larrea, “benetako gertaeretan oinarrituta, baina bere ametsekin, gogoetekin eta pentsamenduekin nahastuz, nik asmatutako gauzekin batera”. Elementu ezberdineko narrazioa osatzeko dokumentazio lan handia burutu du egileak, garaiko Bilboren erretratua irudietara eramateko.
Gainera, elebiduna den istorioa eraiki du, euskaraz eta gaztelaniaz, hizkuntza bera “liburuko beste pertsonaia bat” bilakatuta. “Gauza asko esplikatzeko eta garaian bi hizkuntzen artean zegoen konfrontazioa islatzeko jatorrizko bertsioa erabili behar nuen eta pasarte edo esaldi batzuk gaztelaniaz idatzi; izan ere, ez dugu ahaztu behar bere familia erdalduna zela eta Bilbo erdaldun eta frankista batean bizi izan zela”.
Testuingurura eta pertsonaira hurbiltzerako orduan, Arestiren familiak emandako laguntza ezinbestekotzat jotzen du Larreak: “Asko lagundu didate bai Meli Esteban alargunak eta baita bere alabek ere, horiek gabe ezingo nuke liburua atera”, eskertzen du, haiek emandako material ugaria aipatzen duela: argazkiak, berak ida-tzitako lanak, istorio mordoa...
Guzti horri esker kontakizunari “beste ikuspuntu batetik” heltzea lortu du, hots, “hurbilagotik”. Izan ere, idazle bilbotarraren ibilbide literarioan zentratu baino, “batzuentzat azaleko kontuak edo anekdotak izan daitezkeenak” zukutu ditu. “Asko ida-tzi izan da bere bizitzaren eta obraren inguran: biografiak, tesiak... Ni ez naiz literaturan aditua, bere bizitza kontatzea nahi nuen”, dio Larreak. Hau da, Arestiren BioGrafikoa.