BILBO. Akordioaren arabera, unibertsitate frantseseko irakasle titularra den Maitane Ostolazak "Matières de la Culture Basque" irakasgaia emango du, Ikasketa Hispanikoen Departamenduan. Bestetik, SIAL -Service Interuniversitaire d'Apprentissage des Langues- delako zentroan euskara eskolak ere eskainiko dira, "Grands débutants" maila delakoan.
Irakaslea, eskola horiek modu erdi presentzialean emango dituena, Etxepare Institutuak Sorbonne Nouvelle Paris III dagoeneko baduen irakurlea izango da.
SIAL zentroa oso esanguratsua da, Sorbona sare osoko irakasleak, ikerlariak eta ikasleak biltzen dituelako. Honako zentro hauek hartzen ditu bere baitan: Paris Sorbonne IV, Université Pierre et Marie curie-Paris VI, Le Museum National d'Histoire Naturelle, Université Technologique de Compiégne eta INSEAD.
EUSKAL ZINEA
Hitzarmena sinatzearekin batera, Etxepare Institutuak eta Paris Sorbonne IV unibertsitateak euskal zineari buruzko kultur programa bat burutu dute aste honetan unibertsitatean bertan, "Zinema-Cinema euskal zine zikloa" izenburupean. Bertan, ikastaro magistral bat eta bi proiekzio eskaini dira.
Joan den asteazkenean, azaroaren 4an, Txema Muñoz Kimuak programako zuzendariak eta Carlos Belmonte Sorbonne-Paris unibertsitatean ikusizko arteen inguruko ikerlariak euskal zineari buruzko ikastaro magistrala gidatu zuten, jakinmin handia piztuz, eta arratsaldez, Kimuak programako film laburren hautaketa eskaini zuten.
Halaber, ostegunean, azaroaren 5ean, ekitaldi instituzionala izan zen Sorbonne IVan, hitzarmen berriaren harira. Erabateko babesa jaso zuen gertakariak unibertsitatearen aldetik: bertan izan ziren Nancy Berthier, Etudes Iberiqueseko zuzendaria; Maitane Ostolaza, Euskal Ikasketen koordinatzailea; Sorbonne Nouvelle Paris III unibertsitateko Eric Beaumatin; Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapen eta Hedapenerako zuzendaria; Jose Mari Goenaga zine zuzendaria, Txema Muñoz Kimuak programako arduraduna, Ramon Llull Institutuko ordezkaria eta Parisko Euskal Etxeko kideak, besteak beste.
Jarraian, "80 egunean" filma eman zuten Richelieu anfiteatroan. Emanaldiaren amaieran, Jose Mari Goenaga filmeko zuzendarietako bat solasean aritu zen bertan zeuden ikusleekin. Nancy Berthierrek hurrengo urtean bueltatzera gonbidatu zuen, eta bihotzez eskertu zion horrelako maila altuko pelikula ikusteko aukera eman izana.