donostia - Duela urtebete, Harkaitz Cano idazleak hitzaldi bat eman zuen Garoa Kultur Laben. Jendartean zegoen Lou Topet taldeko Oier Aranzabal (ahotsa, gitarra, armonika), eta Canoren hitzek proiektu berri bati heltzeko ideiak eman zizkion. Orain, taldea eta idazlea elkarlanean aritu ondoren, Abesti bat gutxiago disko liburua plazaratu berria dute.
Orain arte, bere kontzertuetan, Lou Topetek Esnatu dira lehenengo diskoko abestiez gain, bizpahiru bertsio ere eskaintzen zituen, ingelesez. “Ez nintzen hain gustura sentitzen hizkuntza horretan abesten eta Canorekin harremanetan jarri nintzen”, azaldu zuen atzo Aranzabalek, euren bigarren lanaren aurkezpenean. Lehenengo abesti bat bidali zion, itzuli zezan. Ondoren, beste bat. Honela, proiektua taldearen bigarren diskoan bilakatu zen.
Guztira, 11 abestik osatzen dute diskoa eta Estatu Batuetako kantuen euskarazko bertsioak dira gehienak. Besteak beste, John Hiatt, Will Oldham, Jeff Tweedy, Mavis Staples, Damien Jurado eta The Rolling Stonesen hitzak itzuli dituzte. “Guk artisten antza izan beharrean, eurei gure antza ematen saiatu gara, eta guztiak gure abesti bezala hartu ditugu”, azaldu zuen talde zarauztarreko abeslariak. Aranzabalez gain, Ander Zulaikak (bateria, perkusioa eta ahotsak), Oihan Larrañagak (baxua), Rafa Ruedak (gitarra elektrikoa eta ahotsak) eta Joserra Senperenak (pianoa eta Hammond organoa) osatu dute taldea, eta “oso gustura” egin dute lan. “Eurengana abesti bat eramandakoan, taldekideek ez zekitenzein zen, eta horrek originaletatik urruntzen utzi digu”, azaldu zuen Aranzabalek. Bere iritziz, batzuetan abestia “hankaz gora” jarri dute eta beste batzuetan, aldaketa batzuk nahikoak izan dira bereganatzeko. “Adibidez, Pete Seegerren Loreak non dira? izugarri aldatu da, baina Wilcoren Zu eta ni nahiko fidela da”, gaineratu zuen.
liburua Bestalde, diskoarekin batera liburua ere badator. Guztira, Harkaitz Canoren 35 testu daude, gogoetak eta hainbat “harribitxi”, bertsionatzeaz, itzultzeaz, originaltasunaz eta beste norbait bihurtzeaz hitz egiten dutenak. Idazle lasartearra Lisboan zegoelarik, Gari Berasaluze arduratu zen liburua aurkezteaz, bera izan baita Kalaportu Sare Bideakekin argitaratzeaz arduratu dena. “Tankera honetako lan bat ez da egunero sortzen”, adierazi zuen Skype bidez. Gainera, proiektuak bere bertsio interaktiboa edukiko duela gaineratu zuen, abestiaren bi bertsioekin, elkarrizketekin eta argazki eta bideoekin. “Beharrezkoak dira ekimen ausartak, bidea irekiko dutenak”, esan zuen.
Proeiktu honen 500 ale daude salgai, “zerbait berezia” izatea nahi baitute taldekideek. Lehenengo aurkezpena datorren ostiralean izango da Zarautzeko Modelo antzokian, eta bertan egongo dira disko liburuko partehartzaile guztiak.