NAFARROA. Euskal musikan funtsezko papera bete duen Oskorri talde entzutetsuak agur esaten ari da udazken honetan bere publikoari hobekien dakien moduan: Hauxe da despedidia kontzertu biraren bidez. Bira hori Nafarroara ere helduko da, Baluartera hain zuzen ere, heldu den larunbatean, hilak 7an, ospatuko den emanaldi berezi batekin.
Nafarroako Ikastolen Elkartearen eskutik datorkigun kontzertu honetan, Natxo de Felipe buru duen taldeak berrogeita bost urteko musika-ibilbideari agur esango dio. Hasiera hartako erdi ezkutuko kantaldietatik, Diktadurari buru eginez, Gabriel Aresti poetaren hauspo zorrotz eta bortitzaren laguntzaz, Oskorrik kilometroak milioika egin ditu, bidaia, ikertze eta saiakera-ordu amaigabeak pilatu ditu, 3.000 kontzertutik gora eta ia 500 kanta grabatu bilakatuak. Sarrerak agortu dira.