donostia - “Kultura nahasketa da”, esan zuen atzo Maria Jose Telleriak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura arduradunak, Berrirakurtzen ekimenaz hitz egiterakoan. Gaur hasiko da aurtengo zikloa eta lau saio eskainiko ditu abendura bitartean. “Egile eta sortzaile ezberdinak gonbidatu ditugu eta ikusleekin batera ausnarketa pertsonala egiteko aukera emango du”, adierazi zuen. “Programa honen gakoetako bat diziplinen arteko lana da, eta zikloan bertan oso gauza ezberdinak sortzen dira”, zioen Beñat Sarasola idazle eta zikloaren arduradunak.

Azaldu zuenez, gonbidatu bakoitzak liburu bat aukeratu behar du, libreki heldu eta horren inguruan emanaldi bat sortu. “Sormen aukera ematen dugu, bakoitzak nahi duena egin dezan, eta emaitza oso politak ikusten ditugu”, gaineratu zuen Sarasolak. Modu honetan, diziplina ezberdinetan literatura nola ikusten duten jakin daiteke. “Guk ere ez dakigu zer gertatuko den hi-tzordu hauetan, guztiontzat izango da zerbait berria”, gehitu zuen.

Lehenengo saioa gaur izango da, Oskar Alegria zinemagilearekin. Jesus Alegriaren -bere aitaren- Artazu liburua aukeratu du, “oso edizio berezia”, eta ikus entzunezko materialekin osatutako emanaldia eskainiko du. Hurrengo hitzordua urriaren 29an izango da, Koldo Mitxelena Kulturuneko. Bertan Xabier Erkizia musikariak hartuko du parte, eta Victor Hugoren Le voyage aux Pyrénées hautatu du. “Musikarekin jolas eta esperimentazio asko egiten du”, gaineratu zuen Sarasolak.

Bestalde, azaroaren 26ean Idoia Zabaleta koreografoa izango da Koldo Mitxelenan. Franz Kafkaren Un artista del hambre liburua aukeratu du. “Lehenengo aldoa da arte eszenikoen munduko norbaitekin arituko garena”, azaldu zuen arduradunak, eta kontakizun labur klasiko bat izatean, nola helduko dion ikusteko esperoan daudela gaineratu zuen. Azkenik, abenduaren 17an Neighbor taldea arituko da, “euskal musikako azken urteetako sorpresa hoberenetakoa”, pop munduan aritzen dena. Jane Tellerren Ezer ez liburua aukeratu dute hauek.