Donostia - Mundu zahar eta berriaren arteko gatazka suertatu da XXI. mendeko baserrian. Altunaren filman, Kandido Urangak aitaren papera egiten du eta Iraia Eliasek, Amaia alabarena. “Nola ihes egin baserriari jakintzaren katea eten gabe, nola aukeratu bidea arbasoei traizio egin gabe?”, dio sinopsiak.

Baserrian jaio zinen baina ez zenuen gatazkarik bizi...

-Bergarako baserrian jaio nintzen, baina industriagunean. Etxean ez ezik, lantegian ere egiten zuten lan aitonak eta aitak, baserria ez zuten bizimodu bakarra. Haurtzaro polita izan nuen eta oraindik ere, hanka bat mantentzen dut baserrian. Pelikulan, berriz, baserri mota baten bukaeraz hitz egin dut. Lehe, lurrak lantzen ziren eta egun, etxebizitza bihurtu dira baserri gehienak. Aldaketa gertatu da baserria munduko zentroa izateari utzi dionean. Gurasoen baserriko auzoan jada ez da inor baserritik bizi -asko jota, bi biziko dira Bergara osoan- eta lehen 200 bat baserri zeuden martxan. Gipuzkoa osoan gertatu den fenomenoa da, azken belaunaldian baserria pikutara joan da.

Zenbaitentzat, gune idilikoa izan daiteke filmeko baserria; besteen-tzat, berriz, zigorra edo kondena...

-Gaur egun, zein dago prest beste batek norberaren patuaz erabakitzea onartzeko? Jada ez gaude parametro horietan...

Pertsonaia gazteek sufritu egiten dute libreki ezin dutelako erabaki baserrian gelditu ala ez...

-Egun, horrelakorik ez da inoren buruan sartzen: hori da gizartean eman den aldaketa. Duela belaunaldi bat edo bi, gurasoek erabakitzen zuten zein geratzen zen baserrian eta zeintzuk joaten ziren: hori horrela izan da ia gaur arte. Horregatik jarri dut fokoa ideia horretan: bukatzen ari den mundua eta unibertsoa da.

Badirudi penaz esaten duzula, baina baserrian ere ezkutatu izan dira matxismoa bezalako baloreak...

-Ez, ez dut penaz esaten... Nik uste dut aldaketa normala dela, baita beharrezkoa ere. Ni aurrerakoia naiz eta modu positiboan ikusten dut aldaketa, baina pena ematen dit lurra lan-tzeari utzi izanak... Baserriko produktuak jatea inportantea da, bizi kalitatea ematen duelako eta produktuak saltzen dizkizun pertsona ezagutzea hobe delako. Hori galtzea iruditzen zait dramatikoa. Gustatuko litzaidake beste modu batean, agian familiari ez hain lotutako egitura batekin eta beste modu osasuntsuago batean, gazteek baserrirako bidea hartzea... Asko eta asko landetxe bihurtu dira, baina hori turismoa baino ez da.

Desagertzera kondenatuta al dago baserria?

-Ez da desagertuko, baserriak eboluzionatuko du baina ez dakit nora. Norabait joango da, berriro bilatuko du bidea. Lurra hortxe egongo da eta hortik tiratzeko beharra dugu. Ezin dugu gure bizitza multinazionalen esku utzi, hein handi batean jada utzi badugu ere. Buelta bat ematea gustatuko litzaidake.

Pelikulako aita ez da pertsonaia samurra...

-Gizon horrek bere arrazoiak baditu. Bizirik iraun nahi duen tipoa da, horrela hezi dute eta ez da gai barkamena eskatzeko. Bere tokian dago eta bere mundu guztia eraisten ari dela ikusten duenean, zeozerri heldu behar dio... Nire ustez, istorio polita da berea, beste kodigo batzuetan mugitzen bada ere, sentimenduak badituelako. Pelikula aurrera joan ahala, aita konturatzen da aldatu behar duela.

Kontu berezirik izan duzu istorioa Euskal Herritik at ere uler dadin?

-Nik uste dut ulertu egingo dela, baserriaren edo landa eremuaren deslokalizazioa mundu osoan gertatzen ari delako. Ez da bakarrik baserrietara mugatzen, Espainia eta Frantziako nekazari herri asko ere husten ari dira. Lursail asko landatzeari utzi diote eta beste ustiaketa mota batzuk jarri dira abian. Gainera, familiaz eta pertsonen arteko gatazkez ere hitz egiten du pelikulak... Gai unibertsalak dira.

Erretratu erreala da baina elementu sinboliko eta fantastikoak sartu dituzu...

-Irudiak buruan nituen aspaldidanik, psikologoarenera joan beharrean, noizean behin ateratzea ondo etorzen zait. Hasiera Amaiaren ikuspuntutik kontatu dut eta horretarako irudiekin jolastu dut. Ikusle bezala, izugarri maite ditut irudi potenteak dituzten filmak -Lars Von Trierren Melancholia (2011) pelikularen hasierak, esate baterako, paralizatuta utzi ninduen-. Ondoren, filmak aitaren ikuspuntura jotzen du eta musika zein elkarrizketa desagertzen dira kasik, erritmoa gelditu egiten da... Pertsonaiek eta gidoiak bultzatu ninduten horrela jokatzera...

Amaia artista da eta badirudi artearen askatasunak baserriaren tradizioarekin kontraste egiten duela...

-Hasieran, Amaia artistaren pose batean bizi da, ogibide du artea, baina bukaeran erakusten du bizitzarako ere balio diola arteak, agur esateko edo aitarekin duen krisia gainditzeko...

Mursego eta Javi P3z-ek sinatu dute musika...

-Javirekin aurretik egin dut lan baina Mursego duela gutxi ezagutu nuen. Iruditu zitzaidan baserri eta hiriaren arteko bidea oso ondo egiten zuela txeloak... Hortik abiatu nintzen eta gero, Javi etorri zen. Bion artean lan egin dute, oso prozesu polita izan da, plazerra...

Nola ikusten duzu zeure burua Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian?

-Ez dut horretan asko pentsatzen... Misterio pixka bat egon badago, baina ni pozik nago pelikula erakusteak ziklo bat ixtea suposatzen duelako. Disfrutatzen ari naiz eta gustatuko litzaidake jendeak filma ikustea zine aretoetara iristen denean, urriaren 16an.

Lehiakideeen filmik ikusi al duzu?

-Truman izugarri gustatu zait, gozada bat iruditu zitzaidan.

Jose Luis Rebordinos Zinemaldiaren zuzendariaren iritziz, bospasei urte pasatu beharko dira beste ‘Loreak’ edo ‘Amama’ bat Sail Ofizialean agertu arte...

-Arrazoia du, kasualitatea izan da euskarazko bi film segidan egotea. Normalena da asko ez egotea, Sail Ofizialean kristoren maila dagoelako eta asmatzea eta gustatzea ez delako hain erraza. Gainera, pelikula bat aurrera ateratzea oso zaila da, baina behintzat zinea egiten ari gara eta hori ez da gutxi. Badaude proposamen dezente politak eta poliki-poliki jendea errodatzen ari da. Pelikulak egin eta horrelako indarrarekin iritsiz gero, lagungarri izango da, batez ere diru gehiago inbertitzeko. Zineman huskeriak inbertitzen dira eta etekina izugarrizkoa da: lana ematen dio jendeari, euskara eta gure istoriak zabaltzen ditugu, filmak hor geratzen dira gure historiarako... Pelikula bat egitea sekula ez da txarra izango.

Istorio berririk al duzu?

-Bai, bai, hori beti... Bizpahiru baditut, eta Telmo Esnalekin batera idazten ari naiz enkarguzko komediatxo bat, bion artean zuzentzeko.