donostia - Datorren astean, hilaren 27an, igandean, Zinemaldiko izarrak joan eta futboleko maisuak etorriko dira Donostiara. Izan ere, Reala eta Athleticen arteko partida jokatuko da arratsaldean Anoeta futbol zelaian. Hala ere, hitzordu garran-tzitsu hori baino lehen, eguerdiko 12.30ean, VI. Bertso Derbia jokatuko dute bi taldeek Antzoki Zaharrean. Eragin buruari lelopean, sei bertsolari leihatuko dira, “denek irabaziko duten” saio batean. Ekimen hau gizalegezko futbolzaletasunaren alde antolatzen dute urtean bitan, eta kultura eta kirola uztartzeko aitzakia ederra da.
Realaren izenean, Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Amaia Agirre kapitaina arituko dira, eta Athleticen izenean, berriz, Fredi Paia, Iratxe Ibarra eta Jon Maia kapitaina. Agirrek bertso baten bidez esan zuenez, “futbolzale bertsozaleari” eskainiko dizkiete bertsoak sei parte-hartzaileek, eta euren helburu nagusia “pike sanoa” bultzatzea da. Bestalde, Maiak hainbat futbol talde -Bayern Munich, Juventus, Manchester United, Real Madrid, Barcelona...- aipatu zituen bere bertsoan, baina askotan “buru gutxi” dagoela azpimarratu zuen. “Reala eta Athletic kulturak salbatzen ditu”, gaineratu zuen.
Bestalde, Miren Azkarate Donostiako Kultura zinegotziak Euskal Herriko bi futbol talde puntakoenak euskal kulturako jarduera batean ikusteak ikaragarri pozten duela nabarmendu zuen. “Txalogarria da bi taldeek herriarekin parte hartzea, eta horrelako ekimeni esker, diziplinen arteko mugak ur-tzen dira”, azaldu zuen Azkaratek, eta modernitatera pauso bat dela gaineratu zuen.
Bertso Derbirako sarrera doakoa da, baina gonbidapena jaso beharko da lehenago. Jada eskuragarri daude Realaren eta Athleticen dendetan, eta baita Donostia Kulturako bulegoetan ere. - M.E.