-ttan-ttakun. Txalaparta baten lehen soinuak, ondoren entzungo diren beste hainbaten abiapuntu. Bi txalapartariek, aurrez aurre, makilen dantza tartekatzen dute oholen gainean, lasaia hasieran eta bihurriagoa ondoren. Bikotean egin beharreko dantza dugu honakoa, musikarien artean garatzen doan hitzik gabeko elkarrizketa. Hartu-eman honetan funtsezkoa da, beraz, bien arteko elkar ulertzea, denboraren poderioz eratzen doan lotura berezia, bestearen keinu edo mugimendu baten ondoren datorrena asmatzeko gaitasuna.

Hau dena kontuan izanda, pentsaezina litzateke txalapartarena bakarkako ekintza gisa imajinatzea. Edo agian ez hainbeste. Enrike Hurtado Mendieta (Bilbo, 1973) Euskal Herriko Unibertsitateko musika-iker-tzaileak txalaparta jotzeko laguntzaile digitala garatu du, alegia, ordenagailua ttakun eta herrenen sinbiosiko bigarren elementu bihurtu du. Abiapuntua, musika sortzailea deri-tzon kontzeptua. “Musika sortzailearekiko interes handia izan dut betidanik, arau sorta jakin batetik abiatzen dena”, laburbiltzen du Hurtadok. Beste era batera esanda, inprobisazioa neurtzen duten argibide ba-tzuei jarraituz jotzen du musikariak, konposizio ireki bati bidea emanez. Inprobisazio arautua, finean.

Afizioa ofizio bihurtuz, musika sor-tzaileari buruzko doktorego tesia egitea erabaki zuen bilbotarrak, eta txalapartarekiko lotura nondik eta Ingalaterratik etorri. Tesiaren zuzendarietako batek, Brightoneko unibertsitatean irakasle denak, euskal tradizioaren muinean ezarritako musika-tresnarekin lotu zuen musika sortzailea. Hasieran, Hurtadok ez zuen bien artean harremanik ikusi, baina ondorengo egunetan erabat aldatu zuen ustea: “Biak elkarrengandik oso hurbil egon zitezkeela konturatu nintzen; izan ere, txalapartak asko du inprobisazioaz, eta jotzen den aldiro da ezberdina. Dena den, baditu errespetatzen diren idatzi gabeko arau batzuk”, azaltzen du. Funts horrekin, txalaparta jotzeko ordenagailuko euskarri bat egitea otu zitzaion. Horra hor txalaparta digitalaren hazia.

Ahalik eta efekturik errealistena lortzeko asmoz, “erreflexio-prozesu” sakona hasi zuela dio Hurtadok: “Lehendabiziko urratsa txalapartariek musika egiten dutenean zertan pentsatzen ari diren jakitea zen, hartzen dituzten erabakien zergatia ezagutu eta horixe imita-tzen saiatu”. Nerabezaroan haren magiak harrapatu bazuen ere, hamabost bat urte igaroak zituen orduan Hurtadok txalaparta jo gabe. Horrek pilak jartzera eta “asko jotzen duen jendearekin” elkartzera eraman zuen bilbotarra eta, modu ez-zuzen batean, berriro makilak hartzera.

Hamaika zalantza eta mila zuzenketen ondoren, lehenengo bertsioa etorri zen: txalaparta automatikoa. Programak bi musikarien profilak irudikatzen ditu pantailan, erabiltzaileak erritmoa, kolpe kopurua eta bestelako parametro ba-tzuk moldatu ditzakeelarik. Kanalen bat itzaliz gero, ordea, ordenagailuarekin batera jotzeko aukera dauka musikariak.

Honela, “pertsona da uneoro makinaren atzetik doana”, hark ez baitu hautematen beste aldetik datorren inolako aldaketarik. “Programak ez zaitu entzuten, nahi duena jotzen du beti, eta horrek oso sentsazio arraroa eragiten zuen”, aitortzen du sortzaileak. Euskarri digitala frogatzeko aukera izan zuten txalapartariek, gainera, izaera mekaniko horri lotutako hainbat ezaugarri antzeman zituzten, “pertsona batek inoiz egingo ez lituzkeen ekintzak”.

INTERAKtibitatea helburuFeed-back horretatik lortutakoa batu eta bigarren bertsio batean lanean hasi zen Hurtado, txalaparta “interaktiboa” plataforman, hain zuzen ere. “Txalapartaren esentzia beti izan da aldebikotasuna, bikotea, lotura, eta horretara iristea zen nire asmoa”, gogoratzen du. Kontzeptua erabat aldatu eta “entzuten dakien softwarea” garatu zuen orduan, musikariak egindakoaz ikasten duena. Funtzionamendua bestearen antzekoa den arren, ordenagailua da kasu honetan txalapartariari jarraika dihoana eta bere jotzeko estilora moldatzen dena.

Tresna berri honi esker, musika-bikotekidea urrun daukatenek etxean entseatzen jarraitu dezakete, modu erraz batean. Halaber, erritmo azkarrak praktikatu nahi dituztenentzako ere proposatzen du bere programa bilbotarrak, erabiltzaileak hasieratik markatzen dion tempoa zorrotz jarraitzen baitu beti ordenagailuak.

Jotzeko era naturalago hori garatuta, azken pauso bat emateko ilusioa du Hurtadok, mugikorrean erabilgarri egitea, hori baitzen bere hasierako asmoa. “Guk nahi genuena zen programa telefono mugikorrean kargatu eta txalapartaren gainean jarrita, erabiltzaileak jo-tzen zuen bitartean berak erantzutea”, zehazten du.

Asmo horrek, ordea, oztopo teknikoekin egin zuen topo. “Ni Arte Ederretan lizentziatua naiz eta ez daukat ingenieritzako ezagutzarik, beraz, mugikorrentzako software hori garatzea nahiko zaila egiten zait eta ezin izan dut lortu oraindik”, dio, penaturik. Hala ere, etorkizunera begira ez du bazter-tzen proiektua garatzen jarraitzea eta duela urtebete hasitako bidean aurrera egitea.

erantzun positiboa Tradizioa eta teknologia uztartzen direnean maiz gertatzen den bezala, era guztietako erreakzioak eragin ditu Hurtadok sortutako euskarriak. Aurtengo martxoan ospatu zen Iruñeako txalaparta kongresuan aurkeztu zuen, eta jasotako erantzun positiboak ezustean harrapatu zuen: “Uste nuen bertara txalaparta jotzen duen programa batekin nindoanez jendeak pikutara bidaliko ninduela, baina erreakzioak oso onak izan ziren”, eskertzen du. Izan dira, haatik, ordenagailuaren parte hartzearen kontra azaldu direnak, eta proposamenaren artifizialtasuna azpimarratzen dutenak, baina azken hauek txalapartaren mundutik kanpokoak direla argitzen du ikertzaileak.

Izan ere, txalaparta digitalak musikarien artean Hurtadok aurretik egindako hausnarketa bera eragin du, ordura arte inoiz egin gabeko galderak piztuz. “Aurkezpenean jendeak informazio gehiago nahi zuen eta interes handia erakutsi zuten proiektuan”, gaineratzen du.

Bere ustez, txalapartaren komunitateak betidanik izan duen izaera berritzailean dago gakoa, alegia, 60ko hamarkadan Artze anaien eskutik etorri zen errekuperazioan. “Garai hartan, txalaparta berreskuratzen gogor lan egin zutenak oso lotuta zeuden mugimendu abangoardistekin”, kontatzen du, eta horrek eragin zuen “bere izaera tradizionala mantendu arren, aldaketa guztiak oso ikuspuntu modernotik egitea”.

Proposamen berriekiko jarrera baikorra nagusitzen da, beraz, komunitatearen barruan: “Iruñeako mutil batek plastikozko txalaparta eletronikoa aurkeztu du duela gutxi, argiak dituena eta ordenagailura konektatzen dena; Oreka TX-koek iraultza ekarri dute harrizko txalapartarekin; plastikozkoak eta beirazkoak ere badaude... Oso gauza ikusgarriak egiten dira”. Ageriko apaingarri eta ikusgarritasun horien guztien atzean, dena den, “erroekiko errespetua” nagusitzen da, “hasierako txalapartari haiek jotzen zutenarekiko mirespena”.

Mistizismoz inguraturiko musika-tresna honen atzean ezkutatzen dena agerrarazi du Hurtadok. Segundu bakarrean, makila airean, hartzen diren erabakiak inguruko baldintza kulturalek eta beste musikariekiko harremanak eraginak dira, bere ustez. Txalaparta, beraz, bikote kontua da.