donostia - Oraindik lagina bakarrik aurkeztu badu ere, erabakien inguruko gogoeta egingo duen nobela bilakatuko da aurtengo Igartza Saria. Hamabost lanen artean, Kafe beteak izeneko eleberria aukeratu du Ana Jakak, Igor Estankonak eta Danele Sarriugartek osatutako epaimahaiak. Kattalin Miner izan da aurtengo irabazlea, eta atzo jaso zuen bere saria Beasaingo Igartza jauregian egin zen ekitaldi batean.

“Pertsona arrakastatsu bat izango da nire istorioko protagonista, baina erabaki bat hartzerakoan trabatu egingo da, eta orduan ekingo dio goitik beherako bideari”, azaldu zuen Minerrek, saria jaso baina ordu batzuk lehenago. Protagonistak pisu bat erositakoan hasiko da trama, eta ondoren ekintza ezberdin ugari gertatuko dira. “Ez dauka akzio handirik, baina bai mugimendua”, azaldu zuen. Kapitalismoari kritika ere egingo dio idazleak, baina Euskal Herrian normalitate sozial asko dagoela uste du, eta hori erakutsi nahi du. Miner mugimendu feministako aktibismoagatik ezaguna bada ere, liburuan gai horiek alde batera utziko ditu, horretarako “beste plaza batzuk” baititu.

Bestalde, pertsonaia nagusiari buruz hitz egin zuen egileak. Jezabel izena du, “bi era ezberdinetan laburtu daitekeelako”, eta 32 urte ditu. “Nire hitzak protagonistak esan ditzan saiatu naiz, baina azkenean, bere ahots propioa hartu du; hori asko gustatu zait”, azaldu zuen, eta pertsonaiarekin asko identifikatzen ez dela onartu zuen. “Hala ere, Jezabelek ez du misterio askorik ez bada bere ingurura begiratzen”, gaineratu zuen.

esperientzia berria Oraindik liburuaren hiru laurdenak baino gehiago idatzi gabe badauzka ere, “nahiko eroso” topatu dela aitortu zuen kazetari hernaniarrak. “Erronka bat da, ez du zer ikusirik nire lanarekin, baina asko goza-tzen ari naizen jolas bat dela uste dut”, arrazoitu zuen. Nobelaren lagina egitean, ideietan zein aspektu formaletan jarri behar izan zuen arreta. Adibidez, zein ahotsetan idatzi erabakitzeak lan handia eman zion, eta azkenean Jezabel narratzaile lanetan jartzea erabaki zuen. “Bestalde, oso argi neukan liburuak erritmo bizia izatea nahi nuela, horregatik uste dut nahiko motza izango dela; ez ditu 200 orrialde baino gehiago edukiko”, aurreratu zuen idazleak.

Hala ere, orain hasiko da bere erronka handia. Urtebete inguru edukiko du liburua idazteko, eta 2017 urte hasieran plazaratuko da. “Hasieratik esan nahi nuenari fidel mantentzen saiatuko naiz, eta horretarako burua hotz mantendu nahi dut”, azaldu zuen Minerrek. Urtea azkar pasako den arren, istorioa nahiko itxia daukala gaineratu zuen: “Nik uste dut badakidala nola bukatu”.