BILBO. "Jeff Koons: atzera begirakoa" 2014ko udan izan zen New Yorkeko Whitney Museum of American Art museoan. Artista bati inoiz egindako atzera begirako handiena izan zen, eraikin osoa hartu baitzuen. 2014ko azaroan Parisko Centre Pompidou museoan izan zen, eta, itxi zenerako, museoko historian bisitari gehien izandako erakusketa zen. Joan den ekainaren 9an Guggenheim Bilbao Museoan ireki zen, Fundación BBVAren babesari esker.
Bilboko erakusketa Parisko eta New Yorkekoa baino zabalagoa da, artistak ia 40 urteko ibilbidean egindako sail guztien adibideak baitaude bertan. Aurkezpena ere nabarmentzekoa da; artistak berak irekieran esan zuen: "Nire lanak Bilboko Guggenheimen beste inon baino dotoreago daude".
Gainera, museo bilbotarrera bertaratzen direnek "Jean-Michel Basquiat: Bada garaia" erakusketaz gozatzeko aukera ere izango dute; azaroaren 1era arte zabalik egongo da.
Jeff Koonsen erakusketa itxi ondoren, urriaren 23an, "Alex Katz, hemen eta orain" irekiko du Guggenheim Museoak. Azken 25 urteetan artistaren ibilbidean paisaiak izandako garapena aztertuko du 35 artelanen bidez; horietan Katzek gauzen itxura unean bertan hautematen eta sentitzen diren moduan jaso nahi ditu, hots, "oraina" jaso nahi du. Atlantako High Museum of Arte museoak antolatu du erakusketa, Guggenheim Bilbao Museoarekin lankidetzan.
Bestalde, urriaren 30ean "Making Africa - Gaur egungo diseinuaren kontinentea" irekiko da. Guggenheim Bilbao Museoaren eta Vitra Design Museum museoaren erakusketa bat da, eta bertan gaur egungo 120 artista eta diseinatzaileren lanak izango dira, Afrikako kontinentean diseinuak politikaren, ekonomiaren, gizartearen, kulturaren eta teknologiaren alorretan aldaketa bultzatzen duela aditzera emateko.