DONOSTIA. Donostia Zinemaldia Espainiako Lankidetza Saria emango du lehen aldiz, bere 63. edizioan, eta giza garapenari, pobrezia desagerrarazteari eta giza eskubide guztien bermeari ekarpen handiena egiten dion Latinoamerikako filmaren ekoizleak 15.000 euro jasoko ditu.

Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiaren zuzendariak prentsaurrekoan azaldu duenez, Sail Ofizialean, Zuzendari Berriak sailean eta Horizontes Latinos sailean parte hartzen duten Iberoamerikako film guztiak izango dira sarirako hautagai, eta hiru pertsonak osaturiko epaimahai berezi batek erabakiko du irabazlea; zehazki, Rubén López Pulido Lankidetzarako Espainiako Agentziaren Komunikazioko zuzendariak, Pablo Berastegi DSS2016ko zuzendariak eta Jaione Askasibar Donostia Kulturako Komunikazio zuzendariak osatuko dute epaimahaia.

Donostia Zinemaldiak eta Lankidetzarako Espainiako Agentziak hitzartuta sortu da saria, aurretik hartutako konpromisoa indartuz, alegia, Iberoamerikako ikus-entzunezkoen industriarekin batera lan egitea talentu berriak bultzatzeko, zinematografiako proiektuen ekoizpena dinamizatzeko eta filmen merkaturatzea eta nazioartekotzea indartzeko.

Bestalde, Europa eta Amerika arteko koprodukzioei buruzko mahai-inguru bat sustatuko du Agentziak, baita Red en Cortos ekimenaren aurkezpena ere, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren baitan; Foroa Donostia Zinemaldiaren 63. edizioaren barruan gauzatuko da, irailaren 21etik 23ra, San Telmo Museoan.

"Espainiako Lankidetza Sariak indartu egin ditu ekimen honen bidez nazioartean erreferentziazkoa den Donostia Zinemaldiarekiko dituen loturak. Horren adibide da Iberoamerikako urteko ekoizpen garrantzitsuenei zein Espainiako film argitaragabeei bide emateko sortu zen Horizontes Latinos saila, hasieratik lagundu duena", azaldu du Rebordinosek.

Halaber, Sail Ofizialean, Zuzendari Berriak sailean eta Horizontes Latinos sailean parte hartzen duten Iberoamerikako film guztiak hautagai izan daitezkeen arren, aurreaukeraketa bat egin dela jakinarazi du Rebordinosek. Zehazki, Pablo Agüeroren "Eva no duerme", Agustí Villarongaren "El rey de La Habana", Ciro Guerraren "El abrazo de la serpiente", Patricio Guzmán-en "El botón de nácar", Jayro Bustamanteren "Ixcanul", Carlos M. Quintelaren "La obra del siglo", Santiago Mitreren "Paulina" eta César Augusto Acevedoren "La tierra y la sombra" dira aurrez hautaturiko filmak.