ohiko erosketak egitera abiatu zen, asteroko gisaz. Udako giroaz supermerkatua hutsik zen, kanpoan bero, barruan hotzegi, aire girotu madarikatua. Jenderik ez ikusteak ematen duen sentsazio arraroaz hasi zen erosi beharrekoak saskian sartzen, patxadaz, eta hala, uste baino lehenago abiatu zen kutxara. Bere aurretik, kasualitatez, edadeko gizon bat ari zen dozena erdi erosgai ordaintzen. Espero laburra zelako konforme, begirada galduak zerbaitekin egin zion topo: kutxazain andreari gelditu zitzaion begira, bere atorraren papar-hegaleko txarteltxoari so, saltokiko tenperatura bezain hotz. “En formación” zioen txartelak, alegia, ikasten. Nola? Bere buruari galdetu zion haserre antzean.

Ohar haren esanahiaz pentsatzen ataskatuta gelditu zen “kaixo, arratsalde on” entzun zion arte, eta aurrera egin behar izan zuen gauzak poltsetan sartzen hasteko. Berriz begiratu zion ohartarazpen hari, zeharka, eta kutxazainari berari ere bai; 50ak paseak zituen aspaldixko emakume hark. “Atx, to poltsak, barka, ni ere mantso nabil, ba!”. Nola?? Eta bi. Enpresako nagusiari inportantea iruditu zitzaion, nonbait, bezeroek jakitea langilea hasi berria zela eta bazitekeela (kontuz, bazitekeela) hanka sartzea; tamalez, emakumeak mezua barneratua zeukan, sinetsia.

Haserretu zen, orduan bai. Ordaindu ondotik, ahal bezainbeste aldiz eman zizkion eskerrak emazteki prestuari eta marmarrarekin alde egin zuen. Autora bidean beste lanbide ba-tzuk gogora ekartzen hasi zen azkar, ea halakorik inon aurki-tzen zuen. Abokatua, irakaslea, ingeniaria, funtzionarioa etorri zitzaizkion burura, epaietan, eskoletan, proiektu-negozioetan, administrazioan? eta halakorik agertu beharrean ez zituen, ba, irudikatu.

Ikasten ari dena prestatzeko, ofizioan trebatzeko eta kodigo bidez adierazteko formula asko etorri zitzaion akordura; tutorizazioak, bekario postuak, medikuntzako sistema.... oker ez bazen, baina? bistan zen ez zela gauza bera ikusitako hura, izan ere, ez baitzekien ongi zerk eman zion amorru gehien, lanbidearen prestigio ezaren ageriko kontuak, mende erdia baino gehiago betea zuen pertsona bat kartel hura jantzi beharrean ikustea ala langilearen asimilazioa sumatzea.