BILBO. Antzinateko Egipto 3.000 urtetik gora iraun zuen zibilizazio bat izan zen, eta zibilizazio horren pertsona eta jainko-jainkosa nagusien izenak ezagunak dira, Antzinateko Egiptoko zibilizazioa erreferente kultural garrantzitsua baita, gaur egun, Mendebaldeko zibilizazioan.

Euskaltzaindiak jakinarazi duenez, Antzinateko Egiptoko pertsona-izen eta izen mitologiko nagusiak ez dira berdin idazten hizkuntza guztietan. "Horregatik, beharrezkoa da irizpideak ezartzea eta izenik ezagunenen zerrenda eskaintzea, zalantzak argitzeko", azaldu du.

Izen horietako asko eskola-liburuetan, gidaliburuetan edo artelanen izenetan ageri dira, eta zalantzak izaten dira euskaraz idazteko orduan: euskaraz nola idatzi, adibidez, gaztelaniaz Hatshepsut, frantsesez Hatchepsout eta ingelesez Hatshepsut edo Hatchepsut idazten den erregina ospetsuaren izena? Edo piramideagatik hain ezaguna den faraoiaren izena, baldin eta gaztelaniaz Keops eta Jufu, frantsesez Khéops eta Koufou eta ingelesez Cheops eta Khufu idazten bada?

Guztira, 43 pertsona-izen eta izen mitologiko bildu dira arauan. Horretaz gainera, azalpen orokor bat eskaini da, eta euskaraz idazteko irizpideak zehazten dira. Exonomastika batzordeak lantzen dituen lanetan ohi den bezala, zerrenda eleaniztun bat ematen da, izen bakoitza euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez nola idazten den erakusteko.