iruñea - Pello Añorga idazleak (Oiartzun, 1956) eta Jokin Mitxelena irudigileak (Donostia, 1962) elkarlanean egindako Munstroek pixa egiten dute ohean haurren-tzako bildumak irabazi du aurtengo Etxepare saria. Egileentzat ez da lehenengo aldia, izan ere, 2006an ere eskuratu zuten Nafarroako hainbat udal eta mankomunitateetako euskara zerbitzuek, Pamiela argitaletxearen laguntzarekin, antolatzen duten lehiaketako saria.

Hartara, Patxi Zubizarreta eta Yolanda Arrieta idazleek osatu duten epaimahaiaren iritziz aurkeztutako 18 lanen artean onena izan den liburu hau, udazkenean argitaratuko da Pamiela argitaletxearen eskutik. Bestalde, irabazleek 5.000 euroko saria ere jaso dute, egile eskubideen aurrerapen gisa.

Epaimahaiaren erranetan, Maurice Sendaken Piztiak bizi diren lekuan obra klasikoari keinu egiten dio lan honek.

Epaimahaia Patxi Zubizarreta eta Yolanda Arrieta idazleek eta Mikel Valverde ilustratzaileak osatu dute. “Unez une eta lerroz lerro puzten eta puzten doan beldurra barre algara eta lasaitasun bihurtzen da, azkenean. Testua eta irudiak elkar josita datoz, jolasa motor eta emozioa kide direla. Musika darie hitzei eta bizia irudiei”.

Irudien plano eta perspektibak ere kontutan hartu dituzte epaileek, izan ere, “bat datoz testuaren erritmoarekin”. “Garatzen doan kontaketari aniztasuna eta interes bisuala eransten dizkiote”, gaineratu dute.

Pello Añorga idazlea eta Jokin Mitxelena ilustratzailea 80. hamarraldiko erdialdean hasi ziren elkarlanean eta ordutik askotan osatu dute idazle ilustratzaile bikotea. 2006an Gerlari handia lanarekin irabazi zuten Etxepare saria.

Zortzi lan argitaratuta Antolatzaileek aditzera eman bezala, literatura sari esanguratsu baten hutsunea betetzeko helburuarekin sortutako sariketak 2004ean hasi zuen bere ibilbidea, Nafarroako hainbat toki entitateetako Euskara Zerbitzuen eskutik. Lehenengo bi urteetan haur, gazte zein helduen-tzako literatura saritu zen bitartean, 2006tik aurrera Etxepare haurrentzako bildumak sortzeko beka bihurtu zen, izan ere, alor honetan itzulpen lanak nagusitzen zirela nabarmena zen, jatorrizko ekoizpenen gainetik.

2009tik aitzinera, beka izateari utzi eta sariketaren formatua berreskuratu zen. Ordutik, Pamiela argitaletxeak hurrengo lanak argitaratu ditu: Gerlari handia (Pello Añorga eta Jokin Mitxelena), Zirkua amets (Joxan Ormazabal eta Iraia Okina), Katalina kontalari (Iñaki Zubeldia eta Estibalitz Jalon), Alex, nire laguna (Mikel Gurrutxaga eta Maite Gurrutxaga), Euria ari duenean (Leire Salaberria), Hara! (Miren Asiain) eta Gerrak ez du izenik (Leire Bilbao eta Maite Mutuberria) eta Hiltzaileak (Leire Salaberria).

Agoizko Udala, Barañaingo Udala, Baztango Udala, Berriobeitiko Udala, Berriozarko Udala, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Burlatako Udala, Esteribarko Udala, Garesko Udala, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea, Lizarrako Udala, Malerrekako Mankomunitatea, Sakanako Mankomunitatea, Uharteko Udala, Zaraitzu eta Erronkariko Batzorde Nagusiak eta Zizur Nagusiko Udalaren Kultur Patronatuak antola-tzen duten lehiaketaren 2016ko edizioaren oinarriak urtarrilean plazaratuko dira.

etxepare sariketa

Helburua. Nafarroako hainbat udal eta mankomunitateetako euskara zerbitzuek eta Pamilea argitaletxeak antolatzen duten sariketaren helburua haur literaturako sariketen hutsunea bete-tzea da.

Udazkenean argitalpena. Aurtengo irabazlea, ‘Munstroek pixa egiten dute ohean’, udazkenean argitaratuko da.