BILBO - Naia del Castillok (Bilbao, 1975) Artea, ikasbide proiektuaren onurak azpimarratzen ditu behin eta berriz. “Sei urtetik hamabi urtera bitarteko umeek aurreiritzi gutxi izaten dituzte, eta harberago ikusten ditut. Arte mundura hurbiltzeko adin politak dira horiek”, esan du artistak.
Jolasaren bitartez erakusten dute artistek, modu pragmatikoan: “Helburua ez da arte-lanek zer dioten ulertzea; gure helburua da artearen bitartez esperimentatzea. Erabakiak hartzen ikasten dute, elkarlanean lan egiten, materialak ezagutzen dituzte... Ateak irekitzen ditu arteak, mundua ikusteko beste modu batzuk erakutsiz. Ikastea bizitzea da, eta hori da politena, ikastea, ezta?”, nabarmendu du sortzaile bilbotarrak. Gainera, umeek beraiek ere harritu egiten direla esan du Del Castillok: “Uste dute ez direla gauza batzuk egiteko gai, baina azkenean konturatzen dira baietz, ahal dutela. Hori oso polita da, eta, gainera, ulertzen dute artearen inguruan badagoela zerbait berezia”.
Funtzionamendua ere praktikoa izan da. “Eramaten genituen gure katalogoak, beste artista batzuenak,... Horrela, gure lan-prozesuaz jabe-tzeko aukera ematen genien, adibide kontzeptualak jarriz. Horrekin batera, bi bisita egin ditugu Guggenheimera, lanak ikusi eta galde dezaten. Lanek sujeritzen zizkiena azaltzeko eskatzen genien. Esaterako, Richard Serraren eskulturara sartu genituen, banaka. Abentureroen gisa, eskulturaren barruan sartu eta deskubritu behar zuten zein zen egilearen helburua, beraiek sentitzen zutenetik abiatuz. Sentsibilitate hori lantzen ahalegindu gara hasieratik”, gaineratu du Del Castillok. Hori bai, tarteka, galdera zorrotzen bat edo beste ere erantzun behar izan du artistak. “Hemen -Guggenheimen- ez dago artisten artean emakumezkorik? Denak dira gizonezkoak!”. Eta, jakina, hori ere azaldu egin behar. - I. M. E.