donostia -Pop rock taldeak bere inguruan ibili dira bere ibilbide guztian zehar, baina musika klasikoko pieza ugari ere idatzi ditu. Joserra Senperena (Donostia, 1965) pianistak eta konpositoreak lan berria kaleratu du Elkar diskoetxearekin, 9 ganbera pieza, “disko atipikoa, musika soilari begirada bat bota-tzeko oso egokia”, Anjel Valdés editorearen ustetan.
“Hasieran pop, blues eta jazz estiloak egiten nituen, baina musika beste era batera sentitzen hasi nin-tzen”, adierazi zuen Senperenak atzo diskoaren aurkezpenean. Bere aurreko diskoan, musika klasikoarekin jolasean hasi zen eta oraingoan ere estilo berarekin jarraitu nahi izan du. Hala ere, zaila egiten zaio estilo aldetik lan berri hau definitzea. “Formazio klasikoa eduki arren, pieza hauek pop musikari batek idatziak dira”, adierazi zuen, melodiaren protagonismoa argudiatzeko. “Hala ere, badaude erreferentzia klasikoak: Beethovenenak, erromantikoak eta errusiarrak, esaterako, eta musika garaikideak ere bere arrastoa utzi du disko honetan”, gaineratu zuen. Azken musika mota honi dagokionez, nahasi egiten duela adierazi zuen. “Eta hori gustuko dut”, esan zuen, sortzen diren paisaia sonoroak eta atmosferak interesatzen baitzaizkio. Baina argi utzi zuen erreferentziak besterik ez direla, 9 ganbera pieza ez baita musika klasikoko disko bat bere irudiko.
“Talde handiarentzat idatzi nahi nuen, orkestrako instrumentu desberdinek ematen dituzten aukerak baliatzeko; tinbre berriak, kolore berriak”, azaldu zuen. Ez zekien orkestra handi baterako edo ganberakorako idatziko zuen, eta azkenean, zazpi musikariz osatutako ensemble bat izan da emaitza. Diskoan parte hartu duten musikarietatik lau Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kideak dira: Xabier Gil biolinista, José Miguel Chirivella klarinetista, Salvador Tudela tronpa-jotzailea, eta Francesca di Romana harpa-jotzailea. Bestalde, Bilboko orkestrako Elena Escalza txelo-jo-tzaileak eta Bide Ertzean taldeko Karlos Aranzegui perkusionista ere aritu dira diskoan. “Elementu klasikoen eta pop mundukoen arteko nahasketa agerian gelditzen da”, azpimarratu zuen Senperenak.
Edukiari dagokionez, ez zuen inolako baldintzarik jarri piezak sor-tzerakoan. “Ez dakit nola egiten den sinfonia bat edo opera bat, pianoa klasikoa ikasi nuen baina ez konposizioa”, onartu zuen Senperenak. Horregatik, forma aldetik pieza libreak dira, egitura propioa dute.
sormen prozesua Lan hau idazten 2013ko udan hasi zen Senperena. “Burua prest nuen proiektu berri bati ekiteko”, adierazi zuen. Sormen prozesuan zehar, buruhauste ugari izan zituen. “Lanean ehuneko handi bat sufrimendua da, baina bukatutakoan dudan satisfakzioagatik egiten dut aurrera”, onartu zuen musikari donostiarrak. Gainera, disko hau sortzerakoan beste modu batera egin du lan: “Normalean, pianorako konposatzen dut, baina kasu honetan, pianoa kantu guztietan badago ere, zuzenean paperera joan naiz”, esan zuen. Senperenaren iritziz, errazagoa da modu honetan lan egitea, “melodiak agindu behar baitu, instrumentazioa sekundarioa da”. Modu honetan, piezen eraikuntzan behetik hasi da lanean. Ondoren, asteburu batean, zuzenean grabatu zuten disko guztia, jada entzuleen gozamenerako prest dagoelarik.
Bestalde, Joserra Senperenak Literaktum jaialdian parte hartuko du, maiatzaren 13an, Baso bat opari ikuskizun multidiziplinarrean.