donostia - Lehengo urteko apirilean kaleratu zuen Iñaki Plaza trikitalirak Ekhi izeneko bere azken diskoa, emozioz betea eta hamaika kantuz osatua. Orain, berriz, proiektu honi amaiera emango dio, DVD batekin lana osatuz. Bertan Amurrion grabatutako zuzeneko kontzertu bat ikus daiteke, baita beste hainbat extra ere.

Orain aurkeztu duzun DVDa zure aurreko diskoaren ondorioa da...

-Disko hori osatzeko asmoarekin egin dut. Hasiera batean, nire ideia ez zen DVD bat sortzea, diskoari irudia jartzeko grabatu genuen kon-tzertua, besterik ez. Proiektua orain dela urte bete sortu zen, diskoa argitaratzearekin batera. Lan oso berezia da, emozioz beterik dago, nire seme Ekhiri egindakoa baita, duela lau urte zendu zena. Horregatik, nire esperientziak kontatu nahi nituen, letretan eta musikan isla-tzen saiatu naizela. Hala ere, askotan gauzak ez dira oso ondo uler-tzen, edo irakurketa bat baino gehiago izan ditzakete. Alde horretatik lana osatzeko modu bat da DVD hau eta gainera, estudioko lanari zuzenekoa gehitu diot: oso desberdina da, oholtza gainean beste indar bat hartzen dute kantuek.

Omenaldi moduko bat dela diozu. Oroitzapenak eta emozioak erabili dituzu abesti hauek sortzerakoan?

-Semearentzat opari bat da, eta nire sentimenduak baino gehiago, esperientziak islatu ditut. Alde batetik, bizitakoa, eta bestetik, nire ikasketak, nola lortu dudan aurre egitea, zeintzuk izan ziren nire zutabeak eta zeri eutsi diodan indarra behar nuen momentuetan.

Emozioz betetako lana da, baina zer behar izan duzu sormen prozesuan?

-Zorionez, abesti hauek egin ditudanean, aurrez ez ditut produktu itxi bat bezala ikusi, barrutik atera zaidana sortu dut pixkanaka, inolako kondiziorik gabe. Behin lana eginda nuenean, erraza izan zen forma ematea, materiala bertan bainuen, emozioz josia.

DVDan agertzen diren abesti guztiak ‘Ekhi’ diskokoak dira?

-Nire kontzertuetan, normalean, aurreko diskoetako abestien lagin bat eskaintzea gustatzen zait, nahiz eta azken diskoa aurkezten dudan gehienbat. Kasu honetan, Ekhikoak dira kantu gehienak, baina 20 Hatz Project laneko hiru abesti ere ager-tzen dira, eta azkenik, beste kantu berri bat ere eskaini dut, inongo diskotan ageri ez dena.

Baina bideo horretan ez da kon-tzertua bakarrik azaltzen...

-Azken finean, nire ideia eta lan honen helburua informazio gehiago ematea zen: diskoko abesti bakoitza zer den, zergatik egin dudan, nondik datorren... Horretarako, nire hitzak erabiltzen ditut, beraz, bideoan agertzen naiz abesti bakoitzaren inguruko azalpenak ematen. Bestalde, irudiak ere badaude DVDan. Adibidez, denbora honetan zehar bisitatu ditudan leku berezien irudiak erabili ditut, diskoan presentzia dutenak. India eta Nepalen egondakoan ezagututako umeak ere ageri dira, ni airean aske, parapentea egiten... Kantuak istorio ezberdinei lotuak daude, eta hori erakusten dut.

Kontzertuetan, musikak ez ezik, dantzak ere bere tokia du. Zein inportantzia du?

-Musika da garrantzitsuena, eta txalapartak eta beste perkusioek indar handia dute kontzertuetan. Hala ere, hori guztia lotzeko eta gure erritmoa beste modu batera islatzeko, dantzariak oso lagungarri zaizkigu. Hasieratik ikusi dut horrela. Nik uste dut beste itxura bat ematen diola.

Flamenko dantzari bat ere badago zure kontzertuetan. ¿Zein lotura dago trikitixa eta euskal kultura eta flamenkoaren artean?

-Askotan, gure kulturan sartzen gara eta ez dugu besterik ikusten. Baina kanpora joandakoan konturatzen zara etiketarik gabe, beste kulturak ere oso berdintsuak direla askotan. Azkenean, oso erraza da erritmo fandango batekin lotzea euskal dantza eta flamenkoa, eta oso esperientzia polita da. Gainera, Fandangos de circo abestiak dioenez, batzuetan gertatzen diren gauzak ez ditugu espero eta espero ditugun gauzetarako soilik gaude prestatuta. Kasu honetan, flamenkoa ez dugu espero, sorpresa bat da erritmo horiek elkartzea, baina egin daiteke.

Mundu guztitik bidaiatzeko aukera izan duzu musikari esker. Nola aberasten zaitu horrek?

-Bidaiatzea beste kulturekin elkar-tzea da, beste ikuspuntuak onartzea. Ezagupen bat da. Horrek asko irakasten dizu beti, eta musikaren mundura eraman daitezke ikasitako ideia asko, nahi izanez gero. Zorte asko izan dut asko bidaiatu dudalako. Aldi berean, besteei nire ikuspegia erakusteko aukera izan dut.

Onarpen aldetik, zein ezberdintasun aurkitu dituzu Euskal Herriko eta beste lekuetako jendeari dagokionez?

-Gehien harritzen nauena da kanpoko herri batera bakarrik joan eta edukitzen dudan onarpena. Ikusten dut aretoa lepo bete dela eta gainera, gero disko pilo bat saltzen direla. Nik uste dut kanpoko jendea horrelako kontzertu batera joaten denean, burua irekita joaten dela. Pentsatzen dut gu askotan gure munduan sartzen garela, baina oso ondo dago beste kulturetara ere pixka bat irekitzea.

Irakaslea zara eta musikari gazteekin kontaktuan zaude. Zer da esan diezaiekezun garrantzitsuena?

-Garrantzitsuena da musikarekin edo tresnarekin disfrutatzea. Horrela esanda, erraza dirudi, baina musika aukeratzen bada, ez da lan bat beste edozein bezalakoa. Disfrutatu egin behar da, bizi egin behar da, nahiz eta dirua horrela irabazi, ezin duzu lan bihurtu, pasio hori eduki behar da beti. Hori ez galtzea da denetan garrantzitsuena, kasu horretan, egindako musikan ere islatuko baita bokazio eta gogo hori.