BILBO - Argazkilaritza garaikideak Bilbon duen etxea (CFC delakoa) bisitatuko du bihar Jon Cazenave argazkilariak (1978, Donostia), eta 8 urtez landu duen Galerna proiektuari buruz jardungo du bertan, “tentsio eta neke” askoren ostean ondu duen egitasmoa. Bitxia bada ere, bide “luze eta mingarriak” ondorio poetiko eta politikoetara eraman du.
Euskal Herriari eta euskarari lotutako zerbait egin nahi izan zuen Cazenavek, eta gure aspaldiko historian eta azken hamarkadotako histerian erreparatu zuen. Finantza mundua baztertu eta sortzeari ekin zion, jada dastatu duela uneoro bertigoaren dardara zintzurrean senti-tzeak ematen duen gazi-gozoa.
Galerna-n atzera egin behar izan du, eta barrura begiratu. “Biolentzia eta politika aztertuz, saiatu izan naiz neure burua kokatzen; demagun salbazio espiritual bat bilatu nahian egin dudala”. Abiatu, bidea egin eta helmuga aurkitu duela dirudi. “Politikatik, erabat biziatua dagoen inguru horretatik hutsera heldu naiz, Paleolitikora, eta konturatzen naiz ez dudala hitz egiten nire euskalduntasunari buruz, baizik eta gizaki moduan eraiki naizela prozesu honekin”.
Ama lur da Galernaren azken kapitulua, oraintsu liburu eder batean bildu duena. “Galerna monografikotan dago sailkatuta: euskal gatazka, herri isila, nire abizenaren inguruan Iparraldean egin nuen argazki-zorta, itsasoaren ingurukoa, Numen (tradizioak eta inauterien argazkiak jaso-tzen dituena)... Nire herria ulertzeko eta ni neu zer naizen ulertzeko laborategia izan da Galerna”, agertu du Cazenavek. “Euskal Herria euskararekin hasi zen -gaineratu du-, protoeuskara batekin, baina nik antropologiarekin ez daukat erlazio askorik, nire salbazio partikularra baino ez dut eraiki nahi izan, eta, bide batez, herri baten historia erakutsi”.
Hemengo argiak ere berezko edertasuna duela adierazten du artistak: “Inoiz pentsatu izan dut Europako inguru honetan daukagun argiari buruzko lana dela Galerna. Argi misteriotsu hori ia egunero daukagu hemen eta horrek ere egiten gaitu”.
Berak dio egina duela euskaldun bakoitzak egin beharreko hausnarketa: “Nik era bisual batean egin dut, nire aberri edo imaginario propioa sortuz, eta fikziozko aberri horretan gustura sentitzen naiz. Niretzat gatazka politikoa amaitu da”. “Ez da erraza zure herriari buruz horrelako hausnarketa bat egitea -onartu du-, baina ni liberatu egin naiz, eta nik uste Euskal Herriak ez duela oraindik hausnarketa hori egin. Ikasi dut askotan politikak frustrazioa dakarrela”.
Gurean, politikak artea, kultura eta hizkuntza erabat baztertzen dituela azaltzen du Cazenavek, “eta sarritan ez du lekurik uzten munduari gu zer garen adierazteko”; bere ustez, “herri politikoa bainoago herri magikoa gara”. “Euskaldunok artistak gara: hizkuntza zaharra eta gure sortzeko gaitasuna mantendu ditugulako. Horretaz konturatzen garenean, askoz lasaiago biziko gara”. Berpizkunde baten beharra aldarrika-tzen du argazkilariak, arte mundutik etor daitekeena. “Hori bultzatu beharko luke gizarteak, Trantsizioan gertatu zen moduan. Horrelako zerbait espero dut, baina urruti gabiltza. Begira Donostia 2016!”.