donostia - Back to Leiçarraga da Gabriel Arestik orain berrogeitaka urte proposatu zuen irtenbidea, euskarazko prosaren paradero etsigarria ikusita. Atzo aurkeztutako Back to Leizarraga (Pamiela) liburuan Kepa Altonagak ere bildu ditu euskarazko prosaren argi itzalak. Liburuaren abiapuntua Xabier Amurizaren hitz batzuetan dagoela adierazi zuen, “hizkuntza deskolokatuta daukagula esan baitzuen”, baina hala ere, Altonagak ez du haren ideien defentsa bat egin, “gure prosaren egungo izaera kuestionatu duen gogoeta bat baizik”, azaldu zuen atzo liburuaren egileak.

“Nire irakurketetan eskasia eta ahuldade ugarirekin topatu naiz: lexikoan arazoak daude, ez dago anaforikorik eta zeinismoa (erlatiboetan egiten den erderakada mota bat) erabat estigmatizatuta dago”, adierazi zuen Altonagak. Hori erakusteko, testu batzuk bildu ditu liburuan. “Hainbat lagin hartu ditut ondorioak ateratzeko”, gaineratu zuen. Modu honetan, bere ustetan ez dago egiterik euskarazko prosa homologarri bat. “Hizkuntza domestiko batean erabiltzeko nahikoa izan daiteke, baina ez haratago joateko”, argitu zuen.

Jendearen jarrerari dagokionez, Altonagaren iritziz “batzuetan euskara ez dugu modu egokienean erabiltzen, perspektiba aldatu beharra dago”. Hala ere, itsuak ez, baina pertsona asko “daltonikoak” direla esan zuen.

Bestalde, euskarazko liburu batzuk oso ondo idatzita daudela esan zuen, “oso austeroak dira”, baina hala ere, gaztelaniazkoak “beste diztira bat” daukatela onartu zuen, “baliabide gehiago baitaude”. “Orain, euskarazko liburuak gelditzen ari dira euskararen militante direnentzat bakarrik”, borobildu zuen. - M.E.