donostia - Legearekin nahikoa al da justua izateko? Collini auzia liburuak dioenez, ez; legearekin legala izatea lortzen da, ez legitimoa. Puntu horretatik abiatzen da Ferdinand von Schirach autore alemanak ida-tzitako lehen eleberria, orain Anton Garikanok euskaratu duena. Nobela beltza bezala definitu daitekeen arren, Oroimena sailean sartu du Erein argitaletxeak, “haratago baitoa, historikoki oso bortitza da”, Iñaki Aldekoa editorearen ustetan.Von Schirach abokatua da, eta lanean ikusten dituen kasuak inspirazio iturri dira berarentzat. “Egiazko oinarria hartuz, fikzionatu egiten du”, azaldu zuen Garikanok.

Iaz kaleratutako Collini auziak Fabrizio Colliniren istorioa konta-tzen du, 50. hamarkadan Italiatik Alemaniara joan zena lanera. Mercedes enpresan lan egin zuen erretiratu zen arte. Lantegiko espedientean ez zegoen ia batere aipamenik, arretatsua zen, fidatzekoa eta gutxitan gaixotzen zena. Egun batean ordea Berlingo Adlon hotelera joan eta bertan ostatu hartuta dagoen gizon adineko bat hiltzen du, ustez arrazoirik gabe.

“Egiten duena sekulako krimena den arren, gaizkilerik handiena ere gizaki bat dela erakusten du liburuak”, azaldu zuen itzultzaileak, eta irakurlea zalantzan jartzen duela adierazi zuen: “Azkenerako, ez dakigu kriminala erruduna den”. Garikanoren ustetan, nobelako galdera nagusia “Zergatik?” da. “Pertsona bat bi muturretara iristeko gai da, eta ongiaren eta gaizkiaren arteko mugak batzuetan lausoak dira”, nabarmendu zuen. Bestalde, kulpa ere gai nagusietako bat da. Itzultzaileak adierazi zuenez, “bakoitza egiten duenaren erantzule da, ez du bizkar gainean eman behar besteek egindakoa”.

Idazkerari dagokionez, estilo zuzena du, eta idazten duenaren jakitun dela nabari da. Gainera, gaiaren gordintasun osoa erakusten du. “Forense batek idatzia dirudi, estilo borti-tza, zehatza, argia eta gupidarik gabea erabiltzen baitu”, gaineratu zuen Garikanok. Hala ere, oso liburu “atsegina eta irakurterraza” dela azpimarratu zuen.