donostia - Komedia gaiztoa da Gaizka Zabarteren bigarren eleberria. Komikoa izan gabe, momentu deserosoen eta maltzurkerien bitartez irribarrea aterako dio irakurleari Jende deserosoa (Susa) liburuak. Peter Zuazo idazle ohia Desegokituen Elkartearen jardunaldi batzuetara gonbidatua da hizlari moduan, eta jakin-mina pizten dio. “Horrela hasiko da istorioa, eta ezinbesteko kontuak tratatuko ditu: amodioa, hurbiltzea eta aldentzea, bakardadea, eta mendekuak, besteak beste”, azaldu zuen atzo idazleak. 2011-12. urteetan kokatuta dago, Bilbon, baina 80. hamarkadako kontakizunak ere baditu.
“Desegokien elkartea interklasista eta intergenerazionala da, eta taberna batean bildutako jendeak osatzen du”, adierazi zuen Zabartek. Sei pertsonaia nagusi daude istorioan, eta nukleoa Peterrek eta Odile Moresek, elkarteko lehendakariak, osatzen dute. “Guztiek, batek izan ezik, arazoak dituzte gizartean egokitzeko, baina azkenean, modu batera edo bestera, pertsona hauen bizitza aldatu egingo da”, gaineratu zuen idazleak. Bestalde, bere ustetan, pertsonaiak pixka bat ezagututakoan, irakurleak erraz identifikatuko ditu ezagutzen dituen beste pertsona batzuekin. Euren ekintzei dagokienez, tranposoak iruditzen zaizkio. “Mendekuak indar asko dauka, adibidez”, esan zien. Kontakizunetako batzuk errealak dira, “azken finean, pertsona korrienteak dira, gu bezalakoak”. “Ekintza desegokien kate luze bat da, betiere modu zintzo batean kontatutakoa”, bukatu zuen.