donostia - Etxepare Institutuak, Donostia 2016k eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) ekimen berri bat jarri dute martxan Europako kultur hiriburura begira. Itzultzaile berriak izena duen ekintzak euskal literatura unibertsalizatzea du helburu. Horretarako, zortzi literatur itzultzaile hautatuko dituzte euskara ikas dezaten eta bakoitzak nahi duen euskarazko liburua itzultzeko aukera izango du.

Ahotsen itsasargiko ekimenaren bitartez, nazioarteko zortzi literatur itzultzaile aukeratuko dira euskara ikas dezaten eta, ondoren, euskal literatur obra bat euren ama hizkuntzara itzul dezaten. Aukeratutako pertsona horietatik lauk, ez dute euskaraz ezer ere ez jakingo, eta sei hilabeteko egonaldi bat egingo dute Euskal Herrian. Beste lauk, berriz, euskarazko maila baxua edo ertaina dutenek, hilabeteko egonaldia edukiko dute. “Ez da denbora asko, baina hizkuntza modu pasiboan ikastea nahikoa izango da, azken finean, ulertu behar dute euren hizkuntzetara itzultzeko, ez dute liburua euskaraz idatzi beharko”, azaldu zuen atzo Xabi Payak, Donostia 2016ko kultur zuzendariak.

Jada badaude euskarara zuzenean -gaztelera erabili gabe- itzultzen duten pertsona batzuk Estatu Batuetan eta Japonian, esaterako, baina munduko herrialde gehiagotara zabaldu nahi dute euskal literatura. “Esku bat luzatu nahi dugu, eta itzultzaile berriak formatu”, gaineratu zuen Aizpea Goenaga Etxepare Institutuko zuzendariak. Gainera, itzultzaileek aukeratuko dute zein liburu itzuli nahi duten, eta zein herrialdetan argitaratu. “Lan horiek plazaratzeko diru lagun-tzak izango dituzte”, gehitu zuen.

Bestalde, mito batzuk apurtzeko ere erabilgarria izango da ekimen hau. “Hizkuntza bat hain azkar ikastea ezinezkoa dela esaten duen mitoa desmontatu nahi dugu”, jarraitu zuen Payak, eta euskara beste zenbait hizkuntza bezain erraza dela esan zuen: “Beharrezkoa borondatea da”.

ekimenaren garapena Deialdia jada irekita dago, baina kanpoko jendeari zuzenduta dagoenez, proiektua ezagutzera ematen hasiko dira orain, Etxeparek, EIZIEk eta Donostia 2016k dituzten kontaktuak erabiliz. Printzipioz, ez dituzte lehentasunak, baina gauza asko hartuko dituzte kontuan. “Adibidez, autore ba-tzuk hizkuntza batzuetara zuzentzen dute jada, baina herrialde jakin batzuetan, beraz, besteetara begiratuko dugu gehienbat -azaldu zuen Payak-. Gainera, pertsona bakoitzaren curriculuma aztertu beharko da”.

Aukeraketa egin ondoren, egonaldiak antolatuko dira, aurtengo ekaineko bigarren hamabostaldia eta 2016ko martxoa bitartean, oraindik zehaztu gabeko data batean. Guztiek batera egon ahal izateko saiakera egingo dute, modu horretan elkarbizitza eta lankidetza bezalako baloreei indarra emango dietelarik. “Eurentzat lagungarri izango da denak batera egotea”, gaineratu zuen.

tailerrak eta jardunaldi irekia Horretaz gain, Itzultzaile berriak ekimenak bigarren fase batean tailer bat egingo du itzultzaile horiekin Tabakaleran, 2016ko udazkenean. EIZIEk antolatuko duen ekintza honetan, nazioarteko itzultzaileek euskal idazle bana izango dute bikotekide. Tokiko idazleen papera kanpoko itzultzaileei harrera egitea eta euren arteko sareak sortzea izango da.

Tailerra amaitzen denean, herritar orori zuzendutako jardunaldi ireki bat egingo da, eta baita programazio espezifiko bat ere itzultzaile parte-hartzaileekin, hiriko ikastetxe zein kultur etxeekin lankidetzan.