Hamalau abesti hauetan zehar, euren betiko formulari eutsi diote, “hori bai, betiere hobekuntza batzuk eginez”, azaldu zuen Bereauk. “Gure abesti ezagunenak instrumentalak dira, indar asko dute eta gure irudiak ere hori islatzen du, baina gure musikak abesti desberdinak ditu”, ziurtatu zuen. Horiek horrela, ahots hutseko piezak badaude, beste batzuk instrumentalak dira eta azkenik, mistoak ere sartu dituzte.

Bestalde, letrei dagokienez, testu zaharrak erabili dituzte batzuetan, Bereterretxen kantorea eta Ikusten duzu goizean abesti ezagunenak, adibidez. “Oinarrizkoak iruditzen zaizkigu, gehienbat gaur egunarekin lotuta badaude”, gaineratu zuen. Izan ere, gai unibertsalak erabiltzea gustatzen zaie euren abestietan, “drama horiek, hilketak... gaur egun ere ikusten baitira”.

Esentzia berreskuratuz

Duela denbora dexente hasi zen Kalakan taldeko hirukotea proiektu berri batean lanean. “Madonnarekin 2012an egindako bira bukatutakoan, arrakasta hori luzatu nahi genuen, eta geure buruari presioa sartu genion, abesti berriak lehenbailehen idazteko”, azaldu zuen Bereauk. Baina taldeak galdera asko zituen buruan, ea zein norabide hartu behar zuten, esaterako. Gainera, oso nekatuta zeuden, “urte beteko jet lag moduko batean”. Jada 20 bat abesti idatzita zituztenean, diskoa bazterrean uztea erabaki zuten. “Atseden hartu ostean, gure musika jotzen hasi ginen, gure esentzia berreskuratzen”, gaineratu zuen. “Madonnarekin xehetasun guztiei errepara-tzen ikasi genuen, eta disko honetan hori egin nahi izan dugu -argitu zuen Thierry Biscaryk-. Horregatik, pixkanaka, sortutako abestiei geruzak kendu dizkiogu, azkenean funtsezkoa mantenduz”.

Hala ere, Elementuak diskoa ez dute salgai jarriko dendetan. Lan berri hau lortu nahi dutenek, taldearen kontzertu batera joan beharko dute. “Artisauak gara azken finean, eta gure lana kontzertuen ostean saltzea iruditu zaigu egokiena”, gaineratu zuen Biscaryk. Kontzertuetan jendea gerturatzen zaie, “tresnen inguruko galderak egitera, adibidez”. “Gertutasun hori atsegin dugu”, gaineratu zuen.

Kontzertuetan ez dira diskoko abestiak bakarrik entzungo, ordea. Lehenago sortu zituzten hogei kantuetako batzuk ere eskainiko dituzte, horretarako moldatu baitituzte. Hala ere, guztiak ezagutzera emateko, urtean zehar lau EP aurkezteko asmoa dute: “Gustatuko litzaiguke, behintzat”.

Gainera, euren kontzertu askotan, beste talde batzuekin batera arituko dira. “Gure musika nahiko oinarrizkoa da, beraz, elkarlanetarako egokia da, eta asko gustatzen zaigu”, azaldu zuen Biscaryk. Ez dute bira bat egingo, baina kontzertu batzuetarako datak badituzte. Lehenengoa hilaren 25ean izango da, Bilboko Loraldia jaialdian. Gipuzkoan, berriz, lehen aldiz Andoainen arituko dira, OrekaTX-ekin batera, maiatzaren 8an. Ondoren, esaterako, Herri Urratsen (10), Laasen (15) eta Zumarragan (16) izango dira.

14

kantuk osatzen dute Elementuak diskoa. Ama Euskadi izenekoa da lehenengoa, ahots hutsekoa. Beste momentu intimo batzuk ere badaude diskoan, adibidez, Txai izeneko pieza instrumentalean, txalaparta eta indiako harmoniuma bertan elkartzen direlarik; edo Lo hadi aingüria-n, hauskortasun kontsolagarri batez betetako kantuan. Bestalde, Bereterretxen kantorea edo Andria alargune kantuen bitartez deskubritzen da taldearen pop-rock izaera, eta punkera gerturatzen da Rebeleon abestia. Gaiei dagokienez, Montebideoko berriak kantuak emigrazioaz hitz egiten du, Bai ama-k, amaren eta haurraren arteko harremanaz, eta Ikusten duzu goizean-ek, gure sorlekuaren eta lurraren baloreak aipatzen ditu.hurrengo kontzertuak

Hilak 25. Campos Eliseos, Bilbo. Loraldia jaialdia.

Maiatzak 8. Andoain. Oreka TX-ekin batera.

Maiatzak 10. Herri Urrats, Senpere.

Maiatzak 15. Laas. Transhumances jaialdia.

Maiatzak 16. La antigua, Zumarraga.

Maiatzak 22. Senpere. Herritmo ikuskizuna.

Maiatzak 24. Arrosa.

Maiatzak 28. Villenave d’Ornon

Maiatzak 29. Marcheprime.

Maiatzak 30. Altsasua.