SARA - Pierre Aguerre, Etienne Aguirre, Joseph Aniotz, Prudent Arrazau, Alban Bat, Martin Larronde, Jean Dithurbide, Augustin Zubieta... Izen oldea, Sarako semeak denak, tarteka Eñaut Elorrietaren ahotsean Gernika abestiak erakusten duen letania gogoratzen duen zerrenda hotza: “Javier Gardoqui, Josefina Solozabal, Aurelio Legarreta, Catalina Arrieta, Maria Luz Fierro (...) gorputz zatiak (...) neskato erre bat...”. Oraingo honetan, baina, ez da 36ko Guerra, baizik eta zauri zaharrago bat, 1914an zabaldu eta 1918an zarratu zena. Hori dena teorian, XX. mende hasieran suertatutako gerra zikin eta bortitzaren eragina haratago joan baitzen: hildakoez gain (ia 6.000 euskal herritar), Iparraldea frantsesteko baliatu zuten agintariek.

Gaur egun, Sarako kanposantuan dagoen hareharrizko hilerri batek gogoratzen ditu pour la patrie hildakoak (33 gizon guztira), baina gerra hark utzitako arrasto guztiak azaleratzea lan nekezagoa da. Azken urteotan, horretan saiatu izan dira, besteak beste, Eneko Bidegain kazetaria eta Patri Urkizu idazlea. Biak elkartu ziren, atzo, Sarako Idazleen 32. Biltzarrean, jaialdiaren helburuetako bat Lehen Mundu Gerrak gurera ekarri zituen ondorioak aztertzea baitzen.

Borroka luzeak Iparraldean izandako eragin sozioekonomikoak aztertu eta plazaratu ditu Eneko Bidegainek Lehen Mundu Gerra eta Euskal Herria (2014, Elkar) liburuan. Sarako plazan aurkeztu zuen bere lana kazetariak, iaz argitaratu zen liburuaren nondik norakoak gogoratuz: “Garaia ondo ulertzeko klabe batzuk ematen ditut hasieran, eta gero gerra bizi izan zuten euskaldunen pasadizoak kontatzen dira, nondik ibili ziren, zenbat hil ziren, non, nola...”. Bilketa xehea egin du Bidegainek, eta guztira ia 6.000 euskal herritar hil zirela dio, kopuru ikaragarria hain lurralde txikirako: “50 urtez mentalki prestatuta zegoen Frantziako gizartea. Bazekiten halakoren batean Alemaniaren kontra borrokatuko zutela, eta denek pentsatzen zuten arin amaituko zela gerra, aise irabaziko zuela Frantziak, baina ez zuten asmatu eta lau urtez iraun zuen”.

“Lehenbiziko guduan -azpimarratu zuen Bidegainek-, Belgikan, 200 euskal herritar hil ziren hiru egunetan. Gero, ia egunero hil zen baten bat, egun batzuetan ehundik gora”. Liburua mamitsua da, bestelako kontuak ere aipatzen dituelako: euskaldunak nondik ibili ziren, gerrarekin Bizkaian nortzuk aberastu ziren, bertoko idazle eta prentsak esandakoak, herritarren frantsestea... “Gerra amaitu ostean are frantsesago sentitzen ziren Iparraldeko euskaldunak -gogoratu zuen kazetariak-. Fran-tziaren alde hiltzea herriaren alde hiltzea zela egin zuten prediku bai euskal idazle bai Elizak, eta jendeak sinistu egin zuen”.

Patri Urkizuk beste ertz batetik oratu dio gaiari. Lezoarrak lekukoak bilatu ditu, gerra bertatik bertara bizi izan zutenen testigantzak, eta, horrezaz gain, gerraren aipuak (garaiko kroniketan, gutunetan, bertso-paperetan, antzerkian, narratiban...), bere 1914-1918 lekukoak (2015, Maiatz) osatzeko. Esaterako, Eskualduna aldizkarian 1915ean publikatutako hau, Beñat galtza handik sinatua: “Hanitz etsain kontra gerlan ari gare/ amorrik eman gabe oraino batere/ hotzak eta bustiak izanikan ere/ lurpez lurpe gabiltza satorraren pare”. Edo Domingo Oureten (Suhuskune, 1894-1978) egunerokotik jasotako testua: “Egun izigarria. Zer masakriak. Bonbardatzen hasia argi hastian, etsaia izigarriko bonbarda, 10 orenetan atakada izigarri bat, gibelatu gu 100 metra eta gero berriz hartu denak. Zer gizonak galdu, 170ème erdia baino gehiago galdu, frango hil eta bestiak presoner egin. Gauaz fusilada, bestenaz calme”.

gerra ez dena Baina gerrak ez zuen Biltzar osoa kutsatu, eta bestelako aurkezpenak ere eman ziren Sarako polikiroldegian. Hantxe paratu zen Txomin Peillen, bere azken ahaleginarekin, Mongongo Dassanzaren albaitaritzako idazlana (1692-1892), Euskaltzaindiaren eskutik plazaratua. Laurogeita bi urteko Peillenek beti legez langile eta zorrotz jarraitzen du. Bere errezeta, “goizero 20 minutuko ariketa egin eta gosaria zaindu”.

Ibai Iztuetaren Cultura vasca versus euskal kultura entsegu polemikoa ere ondo saldu zen atzokoan. “Harrituta gaude, oraindik ez dugulako aurkeztu”, aitortu zuen zabal-zabal Utriusque Vasconiae argitaletxeko Jokin Apalategik.

Ez zen azokako altxor bakarra izan. Maiatzen erakusmahaian bazeuden dozena erdi lan, oso gomendagarriak. Tartean, Jean Louis Davanten Aljeriaz. Aljeriako gerra kontatzen du bertan Davantek, historiari artikulu pertsolanak gehituz. Joseba Aurkenerenaren azken lana ere salgai zegoen, Kaskarin baten kontakizunak (umore donostiarrez zipriztindutako ipuinak), Marikita Tanburinen Bi saiakera emazteen izenean-en ondoan. Nabarraldek Ana Telletxearen Hitzak min zeukan begi bistan eta Pamielak Urrutia Capeauren Jururú, labetik atera berria.